Jose Bordalasen «Getafewyn»-ek ekaitz perfektua piztu du Donostian
Lehen zatiaren azken ordu laurdenean txuri-urdinak hobeto aritu baziren ere, bigarren zatian Jose Bordalas Getafeko prestatzaileak egindako aldaketak ondo atera ziren eta Uchek eta Carles Perezek (2) egin zituzten partidako hiru golak.

Herminia ekaitza espero zen asteburuan eta datozen egunetan Euskal Herrian, eta Eowyn izenekoa dabil Eskozia eta Irlanda aldean. Hala, hitz jokoa erabiliz, Getafek ekaitz perfektua piztu zuen Donostian. Partida nola joan zen ikusita, bazirudien Realak eta urdinek hutsean amaituko zutela Ligako partida, baina bi minutuko aldearekin sartutako bi goli esker bideratu zuten madrildarrek garaipena, eta 86an guztiz erabaki zuten.
Biek behar zituzten puntuak. Realak aurreko asteburuan Ligan Valentziaren aurka eta ostegunean Europa Leaguen Lazioren etxean jasotako porrotei buelta emateko eta sailkapenean Europako postuetara igotzeko nahi zuen garaipena; Getafek, beheko postuetatik aldentzeko.
Realak harrobi usaina izan zuen hasieratik. Izan ere, Imanol Alguacil prestatzaileak lau aldaketa egin zituen Erromatik hona, eta lau horietatik hiru Zubietako jokalariak izan ziren: Jon Pacheco atzelari bezala, eta Jon Ander Olasagasti eta Beñat Turrientes zelai erdian. Gainera, Sergio Gomez erasoan aritu zen hamaikakoan. Hala, harrobiko zortzi jokalarirekin -eta atean Alex Remirorekin- aritu zen Reala.
Hauei beste bat gehitu beharko litzaieke, baina aurkarien taldean. Alex Sola txuri-urdin ohia atera zuen hamaikakoan Jose Bordalasek, zeinak Barçaren aurka berdinketa lortu zuten jokalariei konfiantza eman zien.
Eta hauek bikain eskertu zioten prestatzaileari. Izan ere, neurketako lehen ordu erdia beraiena izan zen. Gauza askorik egin gabe, Realari ez zioten bere jokoa egiten utzi. Esan daiteke paperak trukatu zituztela. Donostiarrak lasaitasunez jokoa gelditzen saiatu ziren bitartean -gehienbat lehen minutuetan Aramburuk hegaleko sakeetan-, telebistak 23. minutuan emandako datuen arabera, Getafek %53ko baloi jabetza izan zuen baloia edukitzea gustatzen zaion talde baten aurrean. Honen arrazoietako bat Luis Millaren lan ona izan zen, Zubimendi ondo lotu baitzuen gertutik.
BAREALDITIK EKAITZERA
Hala ere, Getafeko erdilariak txartel horia ikusi zuen 25. minutuan, hain zuzen ere, Zubimendiri egindako falta batengatik, eta hortik aurrera jokalari txuri-urdinak askoz ere hobeto aritu ziren. Take Kubo mina egiten hasi zen eta Realak nabaritu egin zuen. Japoniarrak eskuinetik egindako lehen jokaldian, bere erdiraketak beste aldeko kornerrean amaitu zuen. Ondoren, Diego Rico Realeko jokalari ohiak galdutako baloi batean, kontraerasoa hutsean geratu zen eta 38an lehen zatiko aukerarik onena iritsi zen. Oyarzabalen burukadak atezainaren eskuetan amaitu zuen.
Lehen zatia amaitu baino lehen, japoniarrak beste jokaldi bat egin zuen, Turrientesi pase ona emanda, baina azken honen erdiraketak kornerrean amaitu zuen, Zubeldiaren burukada eder baten ostean.
Bigarren zatiaren hasieran albiste txarra jaso zuen Imanolek, lehen aldaketa egin behar izan baitzuen, behartuta; Aihen Muñozek berak bakarrik mina hartu zuen aldakan, erdiraketa bat egiterakoan. Baina hobeto atera zitzaizkion aldaketak Bordalasi, Uchek eta aulkitik zelairatu zen Carles Perezek -honek bi- golak egin baitzituzten ekaitza pizteko.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
