Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
ITOIZ UDAKO SESIOAK

Nortasun itzela duen lan ederra

Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak Itoiz musika taldearen memoria arakatu dute “Itoiz udako sesioak” dokumentalean.

Juan Carlos Perez gogoeta sakon batean murgildu da, argitaratu gabeko zinta bilduma baten aurkikuntzaren ondorioz. Itoiz musika taldeko lider izandakoak bidaia katartiko bat hasiko du, iraganarekin adiskidetzeko balioko diona; taldeak 70eko hamarkada hasieran rock progresiboan murgilduta igarotako urteak birgogoratuko ditu. Hamarkada bateko ibilbide labur baina arrakastatsuaren ondoren, Perezek taldea amaitutzat eman zuen. 30 urte geroago, arrasto horiek ezin dira ezabatu. Aztarna horiek guztiak bildu dituzte lan honetan.

Taldeari buruzko datu zaparrada edota testuinguru sozial edo kulturalari buruzko erreferentzia etengabeak topatuko dituzula uste baduzu, oso oker zabiltza. Narrazioak ez du biopic musikalen egitura eta forma klasikoaren bidea hartzen; emozioa eta sorkuntza gailentzen dira, ez informazioa. Gainera, Itoiz taldearen zenbait letrek zuten arima surrealistaz baliatu dira sortzaileak eta giro oniriko moduko bat txertatu diote filmari.

Aktoreekin filmatutako pasarte batzuk ere ageri dira, Perezen gaztaroa irudikatzen dutenak; 4:3 formatuan eta estetika vintage-a erabiliz, une hauek izaera oso berezia eransten diote kontakizunari. Birsorkuntzak baino, oroitzapen baten grabaketak dirudite; nostalgia eta malenkonia kutsu oso berezia dute, ia film labur independente moduan funtzionatuko balute bezala. Txarli Arguiñanoren argazkilaritza lanari eta Koldo Jones-en zuzendaritza artistikoari esker, fikziozko pieza horiek lurrin zinematografikoa jariatzen dute.

Hiru sortzaileek nortasun itzela duen dokumental ederra ondu dute.

Portzierto, bukaeran oparitxo bat topatuko duzue.