Peli LEKUONA - Zaloa BADIOLA

Oibartarrek pozik hartu dute D eredua

Euskarazko hezkuntza publikoak aurrerapauso handia eman du Zangozaldean, Oibarko eskola publikoan D eredua jartzeko eskaera onartu baitu Nafarroako Gobernuak. Pozez hartu dute normalizazioaren bideko lehen urrats hori; eskolako gurasoek, batez ere. NAIZ Irratian izan da Ander Lanas aita.

Oibarren euskarazko haur eskola irekitzeko Gobernuaren trabak salatzeko protesta.
Oibarren euskarazko haur eskola irekitzeko Gobernuaren trabak salatzeko protesta. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Herri txikia da Oibar, 750 biztanle ingurukoa. Eskola ere, horrenbestez, txikia du; garai batean ehun matrikula inguru izaten ziren, baina ikasturte honetan 27 soilik izan ditu. Nafarroako Gobernuak D eredua jartzeko eskaera onartu izana sekulako pozez hartu dute hainbat herritarrek; eskola publikoko familiek, batez ere. Ander Lanas Garralda da eskaera egin zuten gurasoetako bat, eta NAIZ irratian izan zen atzo elkarrizketan.

«Orain dela hilabete dezente itxaroten ari ginen berria iritsi da, eta oso pozik hasi dugu astea», adierazi zuen. «Euskararen normalizazio prozesua martxan jartzeko lehen pausoa» dela eta «hizkuntza eskubideari bultzada handia» emango diola uste du, orain arte ez delako egon herrian euskaraz ikasteko aukerarik.

D eredua hautatzen dutenekin batera A eredukoak ere egongo dira, baina patio berean jolastuko dira eta euskara entzungo dute. Hortaz, askoz normalagoa izango da, aita honek azpimarratu zuenez.

Oibarko eskola publikoan D eredua eskaintzea ez da automatikoki gertatuko. Lanasek azaldu zuen lehenengo puntua eta inportanteena lortu dutela, baita zailena ere. «Orain hurrengo urratsa egin behar dugu: aurrematrikula. Hemen familiok aurrerapauso bat eman behar dugu eta Hezkuntza Sailari esan benetan gure haurrek euskaraz ikastea nahi dugula». Zehaztu zuenez, «eremu mistoko edozein zentro erreferentek» izan behar ditu gutxienez «zortzi matrikula eredua aplikatu ahal izateko». Landa-eskola izanda, gurasoek uste dute ez dutela muga hori aplikatzen, baina ez dira Sailaz fio, eta defendatu dute «indarra egin behar dela D ereduko lerroa aurten irekitzeko».

PROZESU NAHASIA

«Nahasia izan da Oibarren D eredua aplikatzeko prozesua», oroitu zuen gurasoak. 2024ko apirilean hasi ziren zenbait guraso auziaz hitz egiten eta abuztuan aurkeztu zituzten eskaerak Hezkuntza Sailean.

Hala ere, borroka arinago hasi zen: «Joan den urtean Udalak haur eskola bat irekitzeko prozesua jarri zuen martxan. Zerbitzua zein hizkuntzatan emango zuen zehaztu behar izan zuen eta euskararen aldeko hautua egin zuenean hasi zen eztabaida». Azkenean haur eskola ez zen ireki eta «oso argi» gelditu zen «oinarrian hizkuntza arazo bat dagoela».

ONDORIOAK

Oibarren D eredurik ez izatearen ondorioetako bat izan da familiek herritik alde egitea. «Familia askok haurrak izaterakoan erabakia hartu behar izan dute: herrian gelditu edo Iruñera joan».

Lanasek adierazi zuenez, baliteke jendeak kanpora joaten jarraitzea, baina aukera askoz gehiago dago herrian euskararen alde apustu egiteko.