Robert Treviñok eta Oriol Rochek ez dute Euskadiko Orkestran jarraituko
Euskadiko Orkestraren Administrazio Kontseiluak atzo egindako batzarraren ostean jakin zen berria: Robert Treviñok eta Oriol Rochek ez dute aurrerantzean Euskadiko Orkestran segituko. Zuzendari artistikoa izan da orain arte lehena eta zuzendari nagusia bigarrena. «Norabide aldaketa» argudiatu du Administrazio Kontseiluak.

Euskadiko Orkestraren Administrazio Kontseiluak, atzo egindako bileran, Robert Treviño Euskadiko Orkestraren zuzendari artistikoaren titulartasunari amaiera ematea erabaki zuen. Aldaketa-une honekin bat eginez, Oriol Rochek ere orkestraren zuzendaritza nagusia utziko du hurrengo hilabeteetan.
Lakuako Gobernuko Kultura sailburu Ibone Bengoetxea buru, orkestraren proiektuari «itxura berria» eman eta «hazten jarraitu eta ibilbide profesionala zabaltzeko» asmoa agertu du Euskadiko Orkestraren Administrazio Kontseiluak. Elkarrekin orain arte egindako bideak emandako emaitzak nabarmendu ditu Administrazio Kontseiluak. «Maisuak zortzi urteko ziklo bat amaituko du Euskadiko Orkestraren buru gisa. Bertan, elkarrekin egindako lana bizia eta emankorra izan da, mugarri garrantzitsuekin, hala nola nazioarteko birak egitea (estreinaldia Polonian, Parisko Theatre Camps Elyseesen eta Salzburgoko kontzertuak), grabazio diskografikoak Finlandiako Ondine etxearekin eta pandemian musika-jarduera berreskuratzea, Estatu mailan martxan jarri den lehen orkestra bihurtuta».
Erabakia «norabide-aldaketako prozesu baten parte da» Administrazio Kontseiluaren esanetan. «Ziklo artistiko bat ixten du eta berri bati ateak irekitzen dizkio, zeinak ikuspegi berriak eman behar dizkion Euskadiko Orkestraren proiektuari, musika-prestakuntzak hazten eta bere ibilbide profesionala zabaltzen jarrai dezan».
HAMAR URTETIK GORA
Oriol Rochen irteera «adostua» da eta zuzendari nagusiak berak adierazia da orkestrak ziklo berri bat hastearen komenigarritasuna, Kultura Saileko iturriek EFEri adierazi diotenez.
«Roch izan da Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia hamar urte eta erdiz, eta, horrela, taldearen buru denbora gehien eman duen zuzendari nagusia izan da», esan du. «Proiektuari egindako ekarpena nabarmentzen da eraldaketa digitalagatik eta lan-sistema berriak ezartzeagatik, baita EiTBrekin aliantza garrantzitsua egiteagatik ere, orkestraren jarduera kanpora proiektatzeko, ingurune digitalean ikusgarritasuna irabazita, nazioartean posizionamendu estrategikoa lortzearen alde. Era berean, errepertorio musikal berri bat sartzen lan egin du, bai orkestrarentzat, bai publikoarentzat, eta horrek proiektuaren hazkundean lagundu du», jarraitu du. Ordezkoaren bila ari diren bitartean, Rochek zuzendari nagusi izaten jarraituko du, baina hori ez da horrela Treviñuren kasuan, atzo bertan eten baitzen lotura.
Euskadiko Orkestraren hurrengo abonu-kontzertuak denboraldiaren hasieratik gonbidatutako batutekin egitea aurreikusita zegoen, azken programa izan ezik (maiatzaren 30etik ekainaren 5era bitartean bost emanaldi izango dira Hego Euskal Herrian), horretarako Treviño baitzegoen.
Euskadiko Orkestra aro berri batean sartuko da, «musika-elkartearen antolaketa-modu berria emango diona, haren garapen artistikoa bultzatuta eta talde sinfonikoaren ospea mantenduta. Izan ere, kontzertuetan abonatutako pertsona gehien dituen Euskadiko erakunde kulturala izaten jarraitzen du», dio.
Administrazio Kontseiluak eskerrak eman dizkie bi zuzendariei azken urteetan Euskadiko Orkestraren zerbitzura egindako lanagatik, eta erreleboa aurkitzeko lanean ari da.
«Euskadiko Orkestrak kultur arloan prestakuntza sendoa eta erreferentziazkoa du, denboraldi amaierara arte diseinatuta dituen proiektu guztiekin jarraituko du», azpimarratu du.

El problema no son solo las formas, sino un fondo sin garantías desde 1979

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco
