«Sagarnoaren kultura Ipar Euskal Herrian sustatzea da gure helburu nagusia»
Xalbat Seosse Oxarangok Kupela sortu zuen, bi lagunekin batera, badira hamar urte. Iaz sagarnotegia ireki zuen Baionan eta orain ekoizturiko lehen sagarnoa eskaini zuen, txotx eguna kari. Sagarnoaren kultura zabaltzeko hautua egin duela esan dio «Kazeta»-ri.

Kupela sagarnoak hamar urte bete ditu. Nola sortu zen?
Kupela proiektua 2015ean sortu zen. Hastapenean hiru ginen: Peio Etcheverry, Bastien Dufau eta hirurok. Orduan ezagutu genuen Agustin Etxeberria, Astigarragako sagarnogilea. Egun batez, bere sagarnotegian ginela, kupela batzuk dastatzen, Agustinek erran zigun, irri egiteko: ‘Iparraldean eta frantziar Estatuan sagarnoa ez da saltzen’. Hirurok erantzun genion guk ahal genituela salmenta eta esportazioa bermatu. Horrela sortu zen Kupela proiektua.
Hain garratz, gogor edo bortitz ez zen sagarno bat lortzea zen gure xedea. Orekatuagoa, azukre gehiagorekin, nahi genuen. Irudi aldetik, etiketa polit eta moderno batekin, sagarnoaren historia, baita marinelen historia ere, kontatzeko asmoa genuen. Hastapenean, lokal ttipi batean ginen, eta gero, Kupela enpresa Angelun kokatu zen. Ondotik, Baionara heldu gara. Edonola ere, betidanik Agustin Etxeberriaren sagornotegian egin dugu sagarno hori. Bestalde, sagarno goxoak, biziak, Lekunberrin, Nafarroan, ekoizten ditugu.
Nola ikusten duzu egin duzuen bidea?
Azken hamar urteak biziki fite pasatu dira, lan handia egin dugu: produktua ostatuetan eta hipermerkatuetan saltzeko, esportazio merkatuetan sartzeko. Ildo beretik, sagarnoa promozionatzeko lan handia egin dugu. Helburua beti izan da jendeari edaria ezagutaraztea, publikoari azaltzea zergatik den horrelakoa sagarnoa, zergatik duen gustu hori. Ipar Euskal Herrian eta frantziar Estatuan soilik ez, Norvegian eta Ameriketako Estatu Batuetan saldu dugu sagarnoa. Beraz, biziki interesgarria izan da bidea.
Erronka handia izan da sagarnoari bide berria irekitzea?
Anitzek erran ziguten ezinezkoa zela sagarnoa saltzea Iparraldean, baina niri erraten badidazu zerbait ez dela posible, eginen dut, erronka baita interesgarriena. Gainera, hainbeste gauza sortu dira sagarnotegietan: bertsolaritza, txalaparta, kultura, mundu oso bat… hori eskaini nahi genuen baita ere Ipar Euskal Herrian. Plazer bat izan da. Bai, batzuek kritikatu gaituzte, egia da, gehienbat gure eskaintzaren barnean sagarno goxoak ditugulako, Bretainian, Asturiasen edota Ingalaterran atzeman daitezkeenen antzekoak. Mundu mailan ezagunagoa den gustuarekin bat dator hautu hori. Hala eta guziz ere, gure ohiko sagarnoa, betiko Kupela gorria, Bio sagarnoa, Moko sagarnoa, egiazko sagarnoak dira. Horrez gain, Euskal Herria sostengatu nahi dugu. Gure sagarnoak egiteko Euskal Herriko sagarrak hobetsi behar direla uste dugu. Gure enpresa euskalduna da: langileei, izan hemengoak edo kanpotarrak, euskara kurtsoak eskaintzen dizkiegu.
Sagarnoa saltzetik sagarnotegi bat irekitzera pasatu zarete.
Iazko apirilean ireki genuen Kupela Sagarnotegia, Baionan. Ideia zen Iparraldean bertan eskaintzea sagarnotegiaren esperientzia, menua eta txotx gunearekin. Baionako txotx gunean hastapenetik nahi genuena lortu dugu: sagarno bat ekoiztu dugu. 2024ko urrian abiatu ginen. Sagarrak Irisarriko Murgi etxaldean erosi ditugu, Astigarragan tinkatu eta, ondoren, zukua hona ekarri dugu, bertan fermentatu eta produkzioa egiteko. Urtarrilaren 18an, lehen aldiz ireki genuen kupela berezi hori, txotx eguna kari. Kupelarekin jadanik bagenuen Euskal Sagarnoa labela, Hegoaldean ekoiztua baita. Hori errana, label hori Euskal Herri osora zabaltzea biziki interesgarria da. Alde batetik, ona delako negozioarentzat; bestetik, denak euskaldun garelako.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
