«Multinazionalen interesak jartzen ari dira Guardianeko langileen aurretik»
Langileen segurtasun ohartarazpenak gorabehera, asteazkenean hasi zen Guardian enpresako labearen itzaltze prozesua; «amaieraren hasiera», LABeko Maddalen Muguruzaren arabera. Ustezko inbertsore berriak agertzeko zain, Lakuaren babes eta gardentasun falta kritikatu ditu. Manifestaziora deitu dute gaur Laudion 18.00etan.

Asteazkenean beira ekoizteko balio duen labe erraldoiaren hozte eta itzaltze lanak abiatu zituen Guardian enpresako zuzendaritzak, Laudioko lantegiko jarduera gelditzeko lehen urratsa, enpresa batzordeak prozesu horren arriskuak salatu eta lantegia gaur egun bideragarria dela ziurtatu arren.
Beste enpresa batzuk ixteko aurrekaria izan daitekeen prozesu bizkor honek agerian zera utzi du, LAB sindikatuko Aiaraldeko industria arduradun Maddalen Muguruzak dioenez: «Argi dagoena da multinazionalen interesak jartzen ari direla langileen aurretik». Hala adierazi zuen atzo NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan.
Labearen itzaltzea abiatu denez, atzo hasi behar zuten greba mugagabea bertan behera uztea erabaki zuten Guardian Glasseko langileek, eta «oso mingarria» izango den tartea zabalduko zaie. «Derrigortuta» izango dira langileak, Muguruzaren arabera, labe horren eta beste azpiegitura batzuen itzaltze eta etete lanetan parte hartzera, 171 beharginak kale gorrian utziko dituen Enplegu Erregulazio Espedientea martxan jarri arte.
Gogora ekarri behar da iaz Glavista Guardianen filiala ere itxi zutela. Kasu hartan bazeuden inbertsoreak jarduerari jarraipena emateko prest, baina ez zen gauzatu, Guardianek ez zuelako bere jabetzakoa zen lursail bat saldu. Alde horretatik, aurrekariek erakutsi dutenari jarraiki, «ezin da Guardianen fede onean bakarrik sinetsi», Maddalen Muguruzak ohartarazi zuenez.
LANGILEEN ETORKIZUNA
Asteartean gertatutakoak «amaieraren hasiera» suposatzen duela berretsita, LABeko industria ordezkariak bi gakotan azpimarra egin zuen. Lehena, itxiera saihesteko alternatiba oro oztopatzeko enpresak baliatu dituen zalantzazko arrazoiak (labe famatu horren matxura ustez konponezina), eta prozesua bera burutzeko izandako denbora tarte laburra. «Hemen gertatzen ari dena da astearte arratsaldean hartzen dela bi aldeen erabaki bat [zuzendaritza eta Lakua], enpresa batzordearekin kontrastatu gabe eta jardueraren jarraipena bermatuko duen akordio bat izan gabe. Guretzat hori arduragabekeria izan da», agertu zuen.
Bestalde, Lakuak jokatu duen paperarekin ere kexu dira, batez ere langileekin gardentasunik izan ez duelako. Muguruzak dionez, «guk dakiguna da Eusko Jaurlaritzak prentsari azaltzen diona; ez gehiago, ez gutxiago». Zuzendaritzari presiorik ez, baizik eta proposatu zutena ezbaian jarri gabe onartu zutela kritikatuz, erakunde publikoek aipatu dituzten inbertsoreen berri izateko zain segitzen dute Guardianeko langileek. «Ez dakiguna da 171 langileren enpleguak bermatu ahalko diren edo ez. Gaur-gaurkoz dakiguna da ezetz».
NEGOZIAZIOAK
Saray Zarate Arabako Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza diputatuak atzo adierazi zuenez, «inbertitzaile batzuek interesa dute proiektuan», baina gaur egun ez dago ezer itxita, «elkarrizketa fasean» daude, eta atzo bilera izan zuten balizko inbertitzaileetako batekin.
Halaber, adierazi zuen interesa duten enpresariak Araba, Bizkai edo Gipuzkoakoak direla, ez erkidegotik kanpokoak, eta hori «are positiboagoa» dela uste du. Hala ere, argi utzi zuen konpainian inbertitu nahi duten «guztiekin» hitz egingo dutela.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
