Esti EZKERRA
Literatur kritikaria

Lekukotzak (II)

Hammaden “The Parisian” (Paristarra, 2019) nobelak ez du otomandar inperioaren kontra altxaturiko arabiar mugimendua erromantizatzen. Kamalen lekukotzaren bidez ondo azaltzen ditu mugimendu barruko tentsioak zein ezadostasunak Palestinan bertan eta palestinarren artean independentzia ostean sortu nahi zuten egitura politikoaren inguruan. Begirada kaleidoskopiko honek ez du Balfourreko adierazpena eta haren ostean etorriko zena (Israelen sorrera eta Nakba) zuritzen, ezta arrazoitzen ere. Aitzitik, palestinarrak beren aniztasunean gizatiartu egiten ditu eta denbora luzez, luzeegiz, Palestinaren eta palestinarren gainean zabaldu diren usteak desegiten ditu, «aurreranzko garapenaren desbideratze» bat direla (Molineu doktorearen hitzetan). Palestinaren eta palestinarren izate bera deuseztatzea du helburu Israelek; hortik, jendea sarraskitzea nahikoa izan ez eta unibertsitate, museo, liburutegi eta artxiboak suntsitu izana. Horren aurrean “The Parisian”, eta palestinar literatura oro har, kanon eta artxibo dira, Aleida Assmannen terminologiari kasu eginez gero. Hau da, alde batetik, memoria aktiboa, ezagutza sustatu eta belaunaldiz belaunaldi igortzea ahalbidetzen duelako; eta, bestetik, memoria pasiboa, zer gerta ere ezagutza hori berau gorde eta etorkizunari begira eskuragarri egiten duelako.