Landaguneko arotzez fidatu
Danbor hotsak urrun dira jada, Zinemaldirako pelikula ospetsu haren bertsio berri baten zain edo. Joare hotsak dira orain Kantauri aldera etorriak. Jende andana sumatu dut hots-aldi bietan, baina nago ni danborradan konpainia gehiago daukazula; egitarauari erreparatuta sikiera! Total, zintzarria zanpa-zanpa darabilten horiek espiritu gaiztoak uxatu nahian dabiltza errepidetik, seguruenik espiritu santua bera barne; bitartean herriko tabernaren atarian zain diren beste horiek beren zintzarria bestelako izpirituz bustitzen ari dira…
Kolpea gero! Garaiko kobrezko santuak urtuta egiten omen zituzten landaguneko arotzek joareak, gerora hiriburuetan ezaguna egingo zen ekonomia zirkularraren aitzindari, ekintzailetza inoiz aitortu ez bazaie ere. Normala santuak arotzez ez fidatzea! Ez ninduke harrituko gaur egun santu haien soka berekoak egoteak gaurko labeak itzali nahian. Are gehiago, ulertu dut bere horretan gaztelerazko zer horrena: “apaga y vámonos”, euskarazko “akabo!”, “Gureak egin du!” baino zehatzagoa dena, fisikatik sikiera… Bide asko daukagu oraindino ibili beharra, tipi-tapa, sigi-saga, multinazionalenak egin du! aldarrikatu ahal izan arte. Bitartean, landaguneko arotzez fidatzen segituko dut.
Aroztegia gogoan orain, izena eta izana gogoan. Golf zelaiak eta luxuzko etxebizitzak madarikatzen nago, landagunetik landagunera. Espekulatzaileen espektroa hor, erabakiguneko atzealdean, modu transgenikoan kurrinkari. Horiexek gaur egun uxatu beharreko espiritu gaiztoak. Bai, badakit planeta finitu batean leku batetik uxatutako horiek planeta bereko beste leku batera aldatuko direla, baina lortuko bagenu denak leku zehatz batera biltzea, aterik gabeko hormatzarrez inguratzea, unibertsora behin betiko uxatu bitartean…

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
