Peli LEKUONA
GAZTE ANTOLAKUNTZAREN HISTORIA HURBILA

Jarrai-Haika-Segi auzitik hogei urtera, gazte borroka bizi-bizi

Auzitegi Nazionalak 2005ean Jarrai, Haika eta Segi gazte antolakundeen desegitea ebatzi eta 23 kideren atxiloketa agindu zuen. Handik bi urtera, «Euskal gazteria aurrera» oihuaz Bilboko Esperantza frontoia bete zutenean, gatibu eraman zituzten Ibon Meñika eta Markel Ormazabal. Atzo NAIZ Irratian oroitu zituzten gertaerak.

Manifestazioa, Bilbon, 2005eko otsailaren 26an, 18/98 sumarioko 200 herritarren alde. Tartean, gazteak kamiseta gorriz, Jarrai-Haika-Segi auzikoak babesten.
Manifestazioa, Bilbon, 2005eko otsailaren 26an, 18/98 sumarioko 200 herritarren alde. Tartean, gazteak kamiseta gorriz, Jarrai-Haika-Segi auzikoak babesten. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Hogei urte dira Auzitegi Nazionalak Jarrai, Haika eta Segi gazte antolakundeen kontrako auzia abiatu zuela, bertako 23 kideren atxilotzea aginduz. Handik bi urtera, 2007ko otsailaren hasieran, Bilboko Esperantza frontoian jende ugari “Euskal gazteria aurrera” leloaz bilduta zegoelarik, gatibu eraman zituzten Ibon Meñika eta Markel Ormazabal. Bizi zutena NAIZ Irratiari kontatu zioten atzo.

Ormazabal mintzatu zen: «Lekukoak gu babestera etorri ziren. Ehunka lagun izan ziren. Frontoia lepo zegoen. Ertzaintzak kazetariak atera zituenean, bertigo kolektibo bat sentitu genuen. Oso intentsoa izan zen, emozio handiko unea. Ikusita kanpoko lekukorik ez zela, frontoiak ez zeukala aterabiderik eta sekulako sarraskia egin zezaketela, erabaki genuen banaka-banaka atxilotzen uztea».

Meñikak segitu zuen: «Oraintxe pasatu naiz frontoi horretatik. Sarritan pasatzen naiz, eta nahiz eta egoera eta eraikinaren izena aldatu, burua garai hartara joaten zait. Gaur egun gauza batzuek pentsaezinak dirudite, baina zoritxarrez herri honetan horrelako gertaera asko pairatu behar izan ditugu. Zelan da posible umeen esku-pilota partidak zeuden unean jendea lepo sartzea, bertan behera utzaraztea eta babes herritar bat irudikatzeko determinazioa adieraztea? Jakina zen Ertzaintzaren bortizkeria gure kontroletik at geratuko zela. Hala ere, jendeak babestu, maitatu eta egoera iraultzeko garrasi bat irudikatu zuen». Gertaera horiek herri honen testuinguru politiko eta sozialean «mugarri» bihurtu dira, geroztik «gazte gehiagoren bila jo dutelako».

Ormazabalek oroitu zuen beren auzia osatu zuten sarekaden arteko lehena 2001ean izan zela, Haikaren aurka. 2002an Segiren aurkakoa gertatu zen eta gero Jarrai-Haika-Segi auzia egin zen. «Batzuk kalean utzi gintuzten, gehienek kartzelan jarraitu zuten, eta, noski, etenik gabea izan zen errepresioa». Donostiarrak azpimarratu zuen, «pertsonaletik harago, honen guztiaren oinarrian gazte antolakunde batzuk legez kanpo uztea zegoela. Egoitzak eta kontu korronteak itxi zituzten, antolakundeak kasik bitartekorik gabe utzi zituzten», gogoratu zuen.

A

TE HANDI BAT IREKI ZEN 2007AN
Gaineratu zuen 2007ko sententziaren ondoren «sekulako atea» ireki zela. «Hor sarraski eta barrabaskeria izugarriak hasi zituzten. Lehen sarekadatik epaiketara bitarte 200 bat lagun atxilotu zituzten gure akusazio berarekin», eman zuen datua.

Markel Ormazabalek, Irati Sienra eta Xabier Iraolarekin batera, “...eta segi aurrera” liburua (Txalaparta, 2019) idatzi zuen, ezker abertzaleko gazte antolakundeen 40 urteko historia bat. «2007tik aurreko sarekadez idaztean, tripak nahastu zitzaizkigun; neurria hartu genion egin ziguten horri guztiari».

Zamudiotarrak, aldiz, “Matraka” blogean idatzi zuen. «Egoera ez-normal bat kasik normal bezala bizitzera kondenatuak izan gara urteetan. Egun batetik bestera dena aldatu edo bukatuko zen sentsazio horregaz bizi izan gara modu intentso batean», deskribatu zuen.

INDEPENDENTZIA, EGUN

Esperantza frontoian bazen pankarta bat independentzia aldarrikatzen zuena. Nola dago egun aldarri hori? Ormazabalek esan zuen egun ere «errepresioaren zantzuak agerikoak» direla. Azken kasuetako bat dugu Ernairen kontra Lakuak jarritako isun sorta hori. Beretzat pozgarria da ikustea «errepresio horri erantzuteko dinamikaren parte nagusia independentzia bera izan dela».

«Ez bagaituzte gelditzen da proiektuaz hitz egiten ari garelako, independentziaz eta sozialismoaz. Ikusten dugu aldaera ezberdinekin baina presente jarraitzen duela, nola ez. Hori da lotzen gaituena kontu honetara guztira», nabarmendu zuen.

«Gauza asko pasatuta, hementxe gaude. Eta galde diezaiokegu gure buruari non dagoen gazte antolakuntza eta borroka independentista. Esan dezakeguna da Berriozarrerako bidean dagoela», erantsi zuen Meñikak. “Gazteon eskutik independentziara” ekitaldia antolatu dute bertan, apirilaren 17rako.