GARA
BAIONA

Euskararentzat justizia aldarrikatzeko manifestazioa, apirilaren 6an Baionan

«Euskararentzat nahiz euskaldunontzat justizia» aldarrikatzeko eta apirilaren 11n epaituko dituzten bi ekintzaileak babesteko manifestaziora deitu du EHEk, Baionan apirilaren 6an. «Eskubideen murrizketak gizarte bidegabeago baterako oinarriak elikatzen ditu», esan du.

«Justizia euskararentzat» idatzi zuten EHEko bi ekintzailek Baionako auzitegian, abenduaren 3an.
«Justizia euskararentzat» idatzi zuten EHEko bi ekintzailek Baionako auzitegian, abenduaren 3an. (Patxi BELTZAIZ)

Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) manifestazio nazionala deitu du heldu den apirilaren 6rako Baionan, «euskararentzat nahiz euskaldunontzat justizia» aldarrikatzeko eta bost egun beranduago epaituko dituzten erakunde horretako bi ekintzaileei elkartasuna adierazteko.

EHEk epaitegiak euskararen aurka gauzatzen ari diren oldarraldiaren testuinguruan kokatu du mobilizazioa. «Forma eta itxura desberdinez jantzita» datorren «euskaldunon aurkako oldarraldiak» helburu nagusi bat du, bere ustez: «Euskararen biziberritze prozesua oztopatzea eta euskaldunon hizkuntza eskubideetan atzerakada eragitea». Hala, «espazio nahiz eremu guztiak daude jopuntuan eta, bestelakorik sinetsarazi nahi badigute ere, erasoaldiak euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen digu».

EHEk atzo nabarmendu zuenez, euskararen aurkako oldarraldia, «judiziala izatetik harago, politikoa, mediatikoa zein sindikala ere bada» eta «erasoaldi horren erantzuleek lotsarik eta ahobizarrik gabe dihardute diskurtso euskarofoboak sortzen eta haizatzen».

Gogoratu zuen iragan abenduaren 7an jendetza bildu zela Durangon «zenbait alderdi, sindikatu, hedabide nahiz eragile sustatzen ari diren olatu erreakzionario eta atzerakoiaren aurrean», eta ohartarazi zutela «jokabideok ez ditugula modu isolatuan ulertzen, oro har, mundu mailan ugaritzen ari diren jarrera faxisten eta eskuin muturren testuinguruan baizik». Horrekin batera, Euskararen Egunaren harira, abenduaren 3n EHEko bi ekintzailek «Justizia euskararentzat» aldarrikapena idatzi zuten Baionako Justizia Jauregiaren sarreran, eta apirilaren 11n epaituko dituzte han bertan. EHEk nabarmendu zuen euskararentzat justizia eskatzeaz gain euskaldunontzat ere aldarrikatzen duela; izan ere, «euskaldunok gorpuzten dugu euskara eta gu gara erasoaldi hori pairatzen dugun subjektuak, subjektu zapalduak».

Apirilaren 6an Baionara joateko deia egin zien euskaltzaleei. 11.30ean abiatuko da manifestazioa, epaitegitik.



Euskararen erasoari Donostiako Udalak jarritako helegitea, ukatua

EAEko Auzitegi Nagusiak bukatutzat eman du Donostiako bi udaltzainen auzia. Iragan irailean, hiriko epaitegi batek ez zuen postu horietarako euskararen hizkuntza eskakizuna onartu. Udalak helegitea jarri zuen, «euskararen kontrako eraso zuzentzat» jo zuelako erabakia, baina baztertu egin dute errekurtsoa.

Horrek epai irmo bilakatzen du bi postu horiek baliogabetu zituen ebazpena. B2 hizkuntza eskakizuna eskatzen zuen Udalak postu horiek betetzeko, baina auzitegiak ebatzi zuen «herritarrak euskaraz artatuak izateko ez dutela udaltzain guztiek euskara ezagutu beharrik». Berehala iritsi zen epai horren aurkako herri erantzuna, eta Eneko Goia alkateak Udalak helegitea jarriko zuela iragarri zuen.

Efe agentziak azken sententzia hau eskuratu zuen atzo eta esan zuen jada ez dagoela errekurtsorik jartzerik. Auzitegi Nagusiak ez du «interes objektiborik» ikusi eta kasua sakonki aztertu gabe baztertu du helegitea. Aurretik, auzitegi honek berak epaia baieztatu zuen. GARA