Arriskuan da San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharreko Koloretxe proiektu feminista
Bilboko Udaleko Berdintasun sailak oraindik ez dio 2025eko dirulaguntza eman San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako Koloretxe elkarte feministari. Hori dela eta, langile bi kanporatu behar izan dituzte eta elkartearen lana asko murriztu dute.

Bilboko Udaleko Berdintasun Sailak 2024an Koloretxe elkarte feministarekin elkarlanerako hitzarmena abiatu zuen. Ondorioz, iaz Koloretxek 55.000 euro kudeatu zituen bilbotarron diru publikotik, San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako emakumeek bizi duten desberdintasun egoerari aurre egiteko.
Koloretxek bost ardatzetan egituratutako plangintza aurkeztu zion Udalari, auzoetan premiazkoak diren beharretan oinarrituta: emakumeen aurkako indarkeriak, bizi baldintzak hobetzeko estrategiak, parte hartze sozialaren sustapena, aniztasuna eta formakuntza. Adostutako plangintza hau bete ahal izateko, Cortes kalean lokal bat martxan jarri zuten eta bi langile kontratatu zituzten lanaldi erdian. Urtebeteko lanaren ondoren, ezarritako helburuak betetzen joan direla azaldu dio GARAri Susana Andino Koloretxeko kideak: «Ezaguna da zer nolako pobrezia tasa eta etorkin kopurua dagoen Bilboko alderdi honetan, eta azken urteetan Koloretxe topagune bat bihurtu da emakume askorentzat. Ekintza ugari antolatu ditugu, eta asko izan dira gurera hurbildu direnak».
Baina proiektua arriskuan dago orain, hitzarmena berriztu ez delako eta, momentuz, Koloretxek ez duelako 2025 urterako dirulaguntzarik jaso.
2024ko urte amaieran korapilatu zen dena. Urrira arte Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotzia zen Kontxi Claverrek karguz aldatu zuen, eta Berdintasun arloa Jaiak arloarekin elkartu zen, Itziar Urtasun zinegotziaren esku. Aldaketa horrek aurrekontua birpentsatzera eraman duela eta hitzarmen asko standby egoeran geratu direla uste du Koloretxek.
Atzerapen horrek eragin larria izan du proiektuan. Diru falta dela eta, duela urtebete kontratatutako langileak kanporatu behar izan dituzte eta, horren ondorioz, ezin dute lokala ordutegi arruntean irekita izan.
Koloretxetik elkarrizketarako deia egin diote Berdintasun Sailari, eta udal gobernu aldaketak egonkortzen direnean 2025erako dirulaguntza jasotzea espero dute.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
