Ane URKIRI ANSOLA
ERREMONTEA

Ansa II.aren hirugarren txapela, onenen artean sendotzeko

Imanol Ansak 30-20 irabazi dio Xabier Azpiroz borrokalari bati. Sakez berebiziko mina eginda, hasieran tarte zabala atera du urnietarrak, eta honela Mastersean hirugarren txapela eskuratu du.

Imanol Ansa, ezkerrean, Mastersean irabazi duen hirugarren txapelarekin.
Imanol Ansa, ezkerrean, Mastersean irabazi duen hirugarren txapelarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Ez da posible, ez da posible», oihukatu zuen Xabier Azpirozek, Imanol Ansak enegarrenez, sakez, tanto egin zionean. Uitzikoak lehen sakea alde izan zuen, baina ezin izan zion eutsi, Ansak, maisutasunez, atzean sartuta, partida bere eremura eramaten jakin baitzuen. Urnietarrak min handia egin zion hasierako txanpan, errebantxa bilatu nahi zuen nafarraren aurrean. Nahi eta ezinean aritu zen Azpiroz eta, atsedenaldiaren ostean, hankak soltatu eta konfiantzan hazi bazen ere, ez zen nahikoa izan markagailua iraultzeko.

Iazko edizioko finala errepikatu da aurten Mastersean. Azpiroz konfiantzaz ikusten zen partidaren atarian. Ansari mina emateko erremintak badauzka, baina hauek atzo berandu kantxaratu ziren, jada partida kasik apurtuta zegoenean. Izan ere, partida hasi eta berehala, 10-2ko markagailua ezarri zuen Ansak, eta tarteak are gehiago zabaldu ziren hortik gutxira 13-4koarekin. Tartean, lau tanto sakez kateatu zituen urnietarrak, nafarraren frustraziorako. Hortik etorri ziren «ez da posible» eta zenbait madarikazio.

13-6koan egin zuen lehendabiziko tantoa sakez Azpirozek, eta 15-6ko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldi luzera. Partidak erabakita zirudien, kalapita handirik ezean. Eta tartean Ansa egonda -partidak ongi kontrolatzen dituen pilotaria-, ez zirudien ezustekorik egongo zenik.

AZPIROZ BORROKALARI

Hala ere, Azpirozek ekinean jarraitu zuen, borrokalari senarekin. Atsedenalditik bueltan, 1-7ko partziala bere alde osatu zuen eta, publikoaren gozamenerako, partida apur bat estutu zen. Tanto zoragarriak ere egon ziren jokoan -oro har, piloteo askorik gabekoa izan zen- eta konfiantza asko berreskuratu zuen Uitzikoak 16-8koa egin zuenean. Errebotea eraman zuen -Ansak atzean nahi zuen arerioa- eta oldarkor urrats bat aurrera egin zuen, tantoa menderatu eta azkenean bere alde erortzeko.

Azpirozen hauspoak Ansaren makalditxoarekin kointziditu zuen eta aldea sei tantora murriztu zen (16-11). Hori horrela, gogotik ospatu zuen txapa goian jarritako sake errestoa Ansak, 17.ena egin eta Azpirozen susperraldia eteteko. Finala bukatu bezain laster, urnietarrak aitortu zuen «tanto gako batzuk» egin zituela «entrenamentuetan landutako gauzekin».

Gorantz begira jarraitu zuen Ansak, Mastersean bere hirugarren txapela irabazteko prestu. Bazirudien hartutako dinamika behin betikoa izango zela, baina Azpirozek, ekinaren ekinez, gauzak konplikatu zizkion bere «lagun» eta aurkariari. Berriro seira murriztu zituen aldeak (25-19) eta gogotik izerdi egitera eraman zuen 28-20koan. Nekearen nekez, partida gelditu behar izan zuen urnietarrak, baina akidurak ez zion begirada lainotu eta 30-20 markagailuarekin bukatu zen partida.

«Zenbat disfrutatzen ari naizen, horri ematen diot garrantzia. Hasieran bai nengoen zentratuago lorpenetan, baina txipa aldatu nuen, partidetara kontzentratuago etortzen saiatzen naiz, alderdi fisikoa eta mentala uztartzen», eta modu honetan, bere erremintaren zorroztasunez, onenen artean sendotu da.