Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
BODEGÓN CON FANTASMAS

Barreak, hausnarketak eta ezohiko esperientziak

Bost zatitan banatua dagoen filma da eta herri txiki bateko biztanleen istorioa azaltzen du; gizakiak eta mamuak elkarrekin bizi diren tragikomedia da. Bizirik daudenek eguneroko zailtasunei aurre egin beharko diete, eta hildakoek, berriz, heriotzaren atsekabeei.“Bodegón con fantasmas” Enrique Buleoren lehen lana da.

Film oso berezia eta sailkaezina da hau. Istorioa desberdina den arren, Chema Garcia Ibarraren “Espíritu sagrado” gogorarazten du; askoz arinagoa da, ez da hain aztoragarria, baina antzeko esentzia dute biek ere.

Herrixka bateko egunerokoa eta naturaz gaindiko elementuak nahasteko duen gaitasunarengatik nabarmentzen da. Gainera, estereotipo sinplistetan erori gabe eta trebetasun handiz, Buleok, landa eremuko Estatu espainolaren idiosinkrasia benetakotasunez erretratatu du.

Gidoia ironiagatik eta, itxuraz zentzugabeak diruditen elkarrizketak atzemateko gaitasunagatik nabarmentzen da.

Pelikulak umorea eta tragedia orekatzen ditu, pertsonaien eta zenbait egoeren ikuspegi samur eta aldi berean ironikoa eskainiz ikus-entzuleari. Naturaltasun handiz antzeztuta dauden pertsonaiek, bestalde, nostalgia eta etsipen sentsazioa transmititzen dute.

Filmaren egitura zatikatuaren ondorioz, istorio batzuk beste batzuk baino sendoagoak dira, eta horrek esperientzia aldakorra eragin diezaioke ikusleari.

Hala ere, zatiketa horrek berak laguntzen du herri txikietako bizimodua definitzen duten pasadizo eta kondairen collage sentsazioa indartzen ere.

Landa ikuspegi kostunbrista batetik bizitzaz eta heriotzaz diharduen proposamen zinematografiko zinez ausarta osatu du Buleok.

Barrearen eta hausnarketaren arteko esperientzia ezohikoa proposatu du.