Herrisilientzia Ahohandizenoan
Inoiz baino zentzu gehiago dauka orainaldi honetan esaera zaharrak: odolak su gabe diraki. Suhiltzaileek ez dute hor zer eginik, surik ez delako; gainera, mahuka bete su dute horiek han-horko eraikinetan. Surik ez irakindako odolean, baina beroa igorri bai! Hortaz, beroketa globalaren aroa ezagutzea suertatu zaigu, hori suertea bada! Kawen! Baina nago ni beroketa horren kausa nagusia guztien negu-gasen emisiotik baino gehiago askoren hitzen jariotik datorrela. Belarrietatik doa planeta berotzen… kiskaltzen. Pandemien segidak bultzatzen du planeta kolapsorantz; urde inurrijaleak salbatuko balira, gaitz erdi! Bitartean Ahohandizenoan gara, Anpotrozenoaren hurrena, ahozabal eta hitz-ipurdien saldoak boto-bidezko botere-zabortegitik planetaren errotazio-higidura higatu nahian dabiltzala…
Egunkariaren orria pasa eta Gaza gogoan! Odolean! Zirraratu egiten nau gazatarren erresilientziak. Herrisilientzia, kasu honetan. Kosta ahala kosta hondamendira bueltatzeko agertu duten grina. Inoiz baino zentzu gehiago dauka hango orainaldian “arbasoen etxea defendituko” esaerak. Hondar-mendi leunera bueltatu! Etxe betea utzi behar eta orain hutsa etxe hartu nahi! Unibertsitateetan irakasten ez den ikasgai praktikoa. Lagun horiena bai eraikuntza nazionala! Eta Etxe Zuriko estoldakoek Gaza Resort buruan! Bonbek utzitako zuloak golf zelaietarako erabilgarri, euren ekonomia zirkularraren adibide. Ez zaie, bada, estolderian jausiko Lurrerantz datorren asteroide hori?
Kantauriko zerrendara bueltan, Confebaskek uko egin dio jesartzeari. Low-costeko petronala da, bilera-aretoan aulki tolesgarriak nahiago finkoak baino, segituan altxatuko da eta! Hortaz, euren konfesatoki atarian makiladaka hasteko unea da, Agate Deuna aitzakia, “zabaldu zuen sakelak”, demonio! Pandemiazale holakoak!

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
