Sünek «Amaineman» estreinako diskoa 40 Minutu Rock jaialdian aurkeztuko du
Süne (Josune Arakistain Salas, Lastur, 1996) bere estreinako diskoa zuzenean aurkezten ari da tantaka-tantaka. Hatortxu Rocken eta Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean eman zituen diskoa atera ondoko lehen bi kontzertuak. Datorrena larunbatean, otsailak 15, Durangoko 40 Minutu Rock elkartasun jaialdian izango da.

Bakarkako bideari ekin ziola ia hiru urte igaro dira Sünerentzat. Udan sartu ginenean aurkeztu zigun ‘‘Sunday’’ abesti dantzagarria, trikia eta EDMa uztartzen dituen abestia, eta handik gutxira Tomorrowland festibal entzutetsuan ere ziztatu zuen Rikki kantuaren ekoizle eta DJak.
Gerora Süne abestiak argitaratzen joan da pixkanaka, eta udazkenean plazaratu zuen disko osoa, ‘‘Amaineman’’. Gauzei beren eran joaten uzteari erreferentzia egiten dio diskoaren tituluak, eta gisa horretara aritu da ezbairik gabe Lasturko musikaria. Horren adibidea da diskoak duen estilo nahasketa. Elektronika eta trikitia osagai nagusitzat hartuta, swing balkandarra, punk-popa, pasodoblea, folk unibertsoko abestiren bat, muñeira edota bakarlari akustikoaren ikuspegitik jorratutako abesti bat ere topatu dugu hamabi abestien artean.
Veintiuno Toledoko taldea, Olatz Salvador, Nøgen taldekoak, Huntzakoak, Moonshine Wagonekoak, Keu Agirretxea eta Antia Muiño izan ditu diskoan kolaboratzen. Baita zuzeneko taldera batu zaion Greta Ch’Aska ere.
Sünek Madril eta Usurbil artean grabatu du diskoa, Jimbo Paez ekoizlearekin aritu baita lanean, eta haren A Sonido estudioan eta Usurbilgo Haritz Harreguyrenean ibili da abestiekin atzera eta aurrera.
TALDETIK BAKARKAKO BIDERA
«Imajinaziotik gutxi duen kantua» da diskoa zabaltzen duen ‘‘Kantauri’’, Huntza taldekoek parte hartu dutena, omenaldi kantua. «Orain arte lan egiteko modua eta orain dudana ordezkatzen dituen abestia da. Horregatik, Huntza garaiko estiloa hartzen duenean trikia entzuten da, eta balkandar estiloko bonboa edo Txitxarro gogorarazten duen zati progresibo hori ere badu. Mix bat egin nahi izan dut aurkezpen eskutitz moduan. Nik melodia eta hezurdura trikitiarekin sortu nituen eta Jimborekin Madrilen ideia landu eta garatu nuen gero», azaldu digu Arakistainek. Hortik abiatu eta askoz ere gehiago du diskoak.
ZUZENEKOAK MARTXAN
‘‘Amaineman’’ aurkezteko Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskaini zuen azken emanaldia Sünek, eta datorren larunbat honetan, otsailak 15, Durangon izango da 40 Minutu Rock jaialdian. Hurrengo kontzertu propioa DabaDaban egingo du, Donostian, otsailaren 21ean.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
