Araban arte garaikidea defendatzeko Amarica Elkartea sortu dute
Amarica Elkartea sortzeko, 137 kultur eragile eta artista bildu dira. Gasteizen arte garaikidea erakusten duen Amarica Aretoaren itxieraren aurka eragitea da helburua, arte bisualak, arte garaikidea eta Fernando de Amaricaren ondarea zaintzeko. Elkartearen egitura definitzearren, ostiralean egingo dute lehenengo asanblada. Beraiekin bat egiteko deia zabaldu diete «Arabako artearen etorkizunean interesa duten pertsona guztiei».

Gasteizko Amarica Aretoaren itxieraren aurka artistak eta eragileak antolatu dira. 137 dira, momentuz, sortu berri den Amarica Elkartearen barruan daudenak. Helburu «argia» dute, Amarica Aretoa ez ixtea eta Araban arte garaikide defendatzea.
Atzo aurkeztu zuten elkartearen parte den Zuloa Espazioan. Arabako Foru Aldundiak erakusketa aretoa itxi eta Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentro bat jartzeko hartutako erabaki «aldebakarra» kritikatu zuten. Orain arte, ez dute informazio zuzenik jaso Foru Aldundiaren partetik.
Amarica Aretoa ixteko erabakia ez dela gertaera isolatua argi utzi zuten, «Arabako arte bisualekiko konpromiso instituzionalik ezaren beste sintoma bat baizik».
Ildo horretan, hiru helburu finkatu dituzte. Batetik, aretoa erakusketa-gune gisa defendatzea; bestetik, Fernando de Amarica Gasteizko margolari inpresionista izandakoaren ondarea zaintzea, «aretoa bere jatorrizko helburutik bereiztea bere memoriari traizioa egitea delako»; eta, azkenik, Araban arte bisualen ekosistema indartzea.
Momentuz, Foru Aldundiak bere erabakia berriz aztertzea, kalitatezko espazio bat bermatzeko; sektorearekin «benetako» elkarrizketa prozesu bat irekitzea; eta kultura eta arte garaikidea kultura politiketan lehentasuna izatea eskatzen dute.
«Amarica Elkartea batasun, ordezkaritza eta ekintzarako gunea izateko sortu da, artistek, kudeatzaileek, kolektiboek, irakasleek, kritikariek eta publikoek ahots propioa izan dezaten», laburbildu zuten komunikatu publikoan.
SEKTOREAREN SOLASKIDEA
Horretarako, «elkarrizketarako prest» daudela argi utzi zuten artistek. Erakusketarako diseinatu zen eta «erreferentea eta ordezkaezina» bilakatu den aretoa mantentzeko, Arabako Foru Aldundiarekin irtenbideak aztertzeko asmoa publiko egin zuten. Ixten badute, berriro irekitzea eskatuko dute.
Azpimarratu zutenez, Amarica Elkartea da gaur egun Arabako arte bisualen kolektibo adierazgarriena eta, beraz, sektore honen solaskidearen eginkizuna hartu nahi du, «lurraldeko artearen profesionalen ikuspegi desberdinak bilduz eta defendatuz».
BABES ESKE
Change.org plataforman egindako eskaeran 1.400 sinadura jaso dituzte oraingoz, baina gehiago biltzen jarraituko dutela adierazi zuten atzo.
Elkartea dagoeneko sortuta dagoelarik, lehenengo batzarra ostiral honetan egingo dute, 18.30ean, Zuloa liburudendan. Bertan zehaztuko dute elkartearen egitura.
Beraiekin bat egiteko, helburuekin bat egin eta izena, abizenak eta harremanetarako helbide bat eman behar da, azaldu dute, «Arabako artearen etorkizunean interesa duten pertsona guztiei» dei eginik. Mezu elektroniko bat bidaliz bat egin daiteke, amaricaelkartea@gmail.com helbidera, «Amarica Elkarteko kide izan nahi dut» esanez.
«Batasuna da gure tresnarik onena, arteak eta kulturak gure lurraldean merezi duten espazioa defendatzeko. Lor dezagun Amaricaren izaerak eta espirituak bizirik irautea!», laburbildu zuen Amarica Elkarteak.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
