Marine PENNETIER (AFP)
PARIS

Gizateriaren erdia bazter ez uzteko erronka

(GARA)

 

Ingeniaritzaren eta teknologiaren beste arlo batzuetan bezala, konputazioaren eta kodifikazioaren sektorean oso urria da emakumeen presentzia. Joera hori aldatzea ere bada egun adimen artifizialaren (AA) iraultzak duen desafio handietako bat. Esparru horretan, ikertzaileen %12 baino ez dira emakumeak eta, mundu mailako programatzaileez ari bagara, zifrak kezkagarriagoak dira, %6 besterik ez direlako, Unescoren datuek diotenez.

«Ezer egiten ez bada, gizateriaren erdia baino gehiago egungo aldaketetatik zein etortzeko daudenetatik kanpo geratuko dira», dio Estatu frantseseko Berdintasun Laborategian emakumeen eta AAren taldeko buru den Helene Deckx van Ruysek.

Lanbide jakin batzuei lotutako genero estereotipoak deseraikitzeko bidean, hezkuntzatik sentsibilizazioan arreta jartzea ezinbestekotzat jotzen dute adituek. Diziplina horietan nahikoa emakume ez egotearen ondorioak nabarmenak dira. Deckx van Ruysek nabarmendu duenez, «algoritmoen %88 gizonezkoek sortuak dira», eta horrek esan nahi du «kontzienteki edo inkontzienteki, genero alborapen hori errepikatuko dutela».

Audrey Azoulay Unescoko zuzendari nagusiaren arabera, «AAren aplikazio berri horiek milioika pertsonen pertzepzioak moldatzeko ahalmena dute, eta, hala, sortzen duten edukiari buruzko aurreiritzi sexista txikiek ere nabarmen handitu ditzakete mundu errealeko desberdintasunak».

LANPOSTU GALERA

Teknologia honen garapenak ekarriko duen lanaren automatizazioak emakumeei gehiago eragingo diela ohartarazi du Lanaren Nazioarteko Erakundeko zuzendari nagusi Gilbert Houngbok. Nolanahi ere, NBEko agentziako buruak gogorarazi duenez, suntsitzen dituenak baino lanpostu gehiago sortzen ditu AAk oraingoz, baina berri horiek «ez dira hain ondo ordaintzen eta ez dira hain ondo babesten».

Beharginak aldaketa horietatik kanpo gera ez daitezen, «babes sozialeko sistema baten bidezko benetako laguntza» behar da, baina baita enplegatu horien «etengabeko prestakuntza» ere. Alde horretatik, azken mezu bat azaldu du Houngbok: «Egia esan, ez da adimen artifiziala gure enplegua kenduko diguna, haren testuinguruan trebetasun berriak garatzeko prestakuntza falta baizik».