GARA
GASTEIZ

Labrazako parke eolikoari lizentzia eman behar izan dio Oiongo Udalak

Oiongo Udalbatzak Labrazako parke eolikoa eraikitzeko lizentzia onartu behar izan du, Lakuako Gobernuaren abal guztiak jasota. Jose Manuel Villanueva EH Bilduko alkateak gogorarazi zuen alegazioak aurkeztu zituztela, baina lizentzia onartzera behartuta daudela.

Aixeindar Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak osatutako partzuergoa da.
Aixeindar Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak osatutako partzuergoa da. (AIXEINDAR)

Oiongo osoko bilkuran atzo onartu zuten Labrazan zortzi aerosorgailuz osatutako parke eolikoa jartzeko plan berezia. Jose Manuel Villanueva EH Bilduko alkateak gogora ekarri zuen horretara behartu dituztela, Lakuako Gobernuaren espediente guztiak horren aldekoak izan baitira. Parkea Araban 19 urtean egingo den lehenengoa izango da.

Alkateak adierazi zuen aurreko legegintzaldian gobernu taldea osatzen zuten EAJk eta PSEk sustatu zutela instalazioa, baina egungo gobernu taldeari dagokiola «behin betiko onarpen horri aurre egitea, Eusko Jaurlaritzak espediente guztiak aldekotzat jo dituela jakinda». Hirigintzan, espediente guztiak behar bezala badaude, lizentzia ematera behartuta daude udalak, ohar baten bidez oroitu zuenez.

Hirigintza plana aurreko legealdian izapidetzen hasi zen, garai hartan EAJk eta PSEk osatutako Udal Gobernuaren eskutik. Aixeindarrek bultzatuta, proiektuak alde dauka Lakuako Gobernua.

ALEGAZIOAK ATZERA BOTATA, GONZALEZ POZIK

EH Bilduren egungo udal gobernuak, hainbat argudio baliatuta, alegazioak aurkeztu zizkion proiektuari, baina denak atzera bota dizkiete, Udalak adierazi duenez. Bere garaian txosten juridiko bat eskatu zuen, eta bertan ondorioztatu zen Udala behartuta dagoela plan berezi hori behin betiko onartzera.

Labrazako Administrazio Batzarra, bestalde, hasieratik oso kritiko agertu izan da proiektuarekin. Ordezkariek Batzarretan egindako agerraldian adierazi zutenez, «Euskadiren ipurdia gara».

Asteartean, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak «albiste bikaintzat» jo zuen izapidea aurrera atera beharra. Bide batez, energia berriztagarrien proiektuei dagokienez, EH Bilduren ikuspuntua aldatzen ari dela uste du, eta koalizio subiranistari leporatu zion udal gobernuetan ez dagoenetan proiektuen aurka agertzea eta badagoenetan haiek sustatzea, adibide gisa jarrita Labrazakoa bera eta Aramaiokoa, nahiz eta azken hau geldituta dagoen Ministerioaren baimenik jaso ez duelako.