«Disko honetan dezente aipatzen dira lagunak eta inguruko jendea»
Astebete baino ez da geratzen Brigade Loco taldeak bere azken lana kaleratzeko; hain zuzen, otsailaren 21ean etorriko da “Bide baten esanahia” disko berria, aldaketa txiki baina esanguratsuekin. Aurretik, ordea, hiru kanturen bideoklipekin osatutako trilogia bat ere kaleratu dute eta zuzenekoak abiatu. Horretaz guztiaz hitz egin dugu Manex Egañarekin.

40 Minutu Rock gaur eta zuek duela pare bat urte bertan aurkeztu zenuten Martin Erro, orain diskoan ere parte hartu duena.
Hala da, urduritasunez gainezka ginen, baina mimo handiz gogoratzen dugu egun hura.
«Bide baten esanahia» disko honetan aldaketak izango zirela iragarri zenuten, eta ariketa hori nabaritu dela esan dezakegu. Denbora luzean landu duzue diskoa.
Proiektuan erabat murgildu ginela izango dira ia bi urte. Hastapenak Oier Aperribai taldeko baxu-jotzaileak egin zuen bidaia batean daude. Amerikara joan zen hilabete batzuetarako eta bertan abestiak sortzen eta sortzen aritu zen. Konposatutakoa eta idazten zituen testuak helarazten zizkigun eta bera itzuli zenean hasi ginen guztiari forma ematen, zer egin genezakeen ikusten eta aukera desberdinak aztertzen. Denbora bat generaman ezer kaleratu gabe eta nahi genuen hirugarren lan hau zerbait landuagoa-edo izan zedin. Abestiek potentzial bat bazutela ikusten genuen eta horri etekina atera nahi genion. Hala, esfortzu handiagoa eskatuko zigun proiektu bezala planteatu genuen gure artean.
Ilusioa agerikoa zen, aspaldi komentatu zenidalako irribarrea ahoan hasi zinetela honekin. Irrika nabari zen. Kantuak Oierrek sortu zituela esan duzu, baina nola sortzen zituen?
Gitarra akustikoa hartu eta gisa horretara hasten zen dena.
Bera kanpoan egon den denboran nola egiten zenuten lan zuek?
Kontzerturik gabeko hilabete batzuk egokitu ziren parean eta gainerakook, maiztasun gutxiagorekin bada ere, entseatzen jarraitu genuen.
Hortaz, lokaleko lana bazen aurretik ere eta bera iristean jarri zineten serio.
Lehenengo pausoa eseri eta zer egin nahi genuen eta zeren gogoz ginen ikustea izan zen. Hortik abiatu ginen eta lokalean sartu eta denari forma ematen hasi ginen. Abestien sortze prozesu guzti honetan, ekoizle baten laguntza izan dugu, Miguel Peral madrildarrarena, gure oso laguna dena. Horrez gainera, ikus-entzunezkoen munduan apustu bat ere egin dugu eta hor Beñat Goia izan dugu bidelagun.
«Eten» izan zen lehen singlea eta segidan etorri zen trilogia. Punk-rock kantu ohiko samarra da, baina oso abesti argitsua da zuen unibertsorako. Intentzio bat ikusten zaio eta ez dakit izenburua ere horregatik duen «Eten».
Egia da nahikoa alaia dela, melodikoa eta diozun horren itxura emateko garaian laguntzen du. Izenburuaren jatorria badago orain arte bizi izan dugun etaparen eta datorrenaren arteko zubi moduan. Mikel Sotoren ‘‘agurra’’ eta Martin Erroren etorrera sinbolizatzen du eta baita orain arte bideoklipetan aktore nagusi izan den Jokin Narbaizaren agurra ere etorri delako. Mesede bat egiteko hasi zen, mesedea bider hamar bihurtu zen eta nekatu zela esan zigun. Hortaz, horri guztiari bukaera bat emateko kantua da ‘‘Eten’’.
Laguntasunaz, elkar zaintzeaz… hitz egiten duzue kantuan. Bide bati esanahia lagunek ematen diote?
Bai, noski, eta disko honetan dezente aipatzen dira lagunak eta inguruko jendea. Zer nolako garrantzia duten horiek guztiek gure bizitzan.
Landua dagoen sentsazioa bigarren kantuan ere sumatzen da. Soinuan aldaketa dago lehen abestitik bigarrenera eta konplexutasuna duen abestia dela ikusten da.
Bigarren kantuak ere nahi genuen halako zaplazteko bat ematea entzuten zenean eta pozik gaude, kurioso geratu da. Tempo bikoitzarekin-eta jolas egiten dugu eta gustatzen zait nola geratu den.
Kontua da hemen bakardadeaz ari zaretela; ez dakit depresioa bera ere ez ote den aipatzen. Barrura begira idatzitako kantuak direla iruditu zait, zentzu zabalagoa har dezaketenak eta ez Brigade Locorekin ohituago gauden kantak bezain zuzenak.
Abestiek alde pertsonalagoa lantzen dutela agerikoa da eta ez direla hain esplizituak ere bai. Orduan, bai ikusten genuela abestiaren norabidea eta zentzua ez genituela guk bideratu nahi, entzuleari ere eman nahi geniola bere interpretazioa egiteko tartea. Abesti batek, musikak oro har, bakoitzari modu oso desberdin batean eragiten dio eta horrekin ere jolastu nahi genuen.
Agertu zinetenetik gaurdainokoa nola bizi izan duzuen jakin nahi nuke. Eztanda moduko bat izan da zuena eta zale multzo nabarmena osatu duzue nahiko azkar.
Oierrek eta Landerrek [Aznal, abeslaria] beti esaten digute gainerakoak oso gaizki ohituta gaudela. Hauek beste talde batzuetan ere ibilitakoak dira eta haietan askoz ere zale gutxiago izan dituzte. Taldea sortu genuen lehen unetik jende jakin bati asko gustatu zitzaiola nabaritu genuen eta ezin gara kexatu alde horretatik. Betidanik oso eskertuta agertu naiz; gure kontzertuetara jende mordoxka bat gerturatzen da eta oso pozik gaude horrekin. Gu kontziente gara hori opari bat dela, loteria tokatu zaigula.
Publiko zabala hartzen duzue eta, hein batean, eszena gaztetu ere bai. Hor bidelagunak ere izan dituzue eta trilogiako bideoan keinutxoren bat ere egin diozue Rotten XIII taldeari, adibidez.
Gure sorrerarekin batera talde berri pila bat etorri ziren baita eta eszena berri horrek gure musika estiloari ekarpen handia egin zion. Horrek guztiak lagundu egin du musika estilo horren loraldian.
«Ateak itxi dira», trilogiako abestietako bat; sarrerako gitarra izugarri gustatu zaidala aitortu behar. Baina, zu bateria-jotzailea izanik, erritmoan dauden kolpe lapurketak eta abar aipatu gabe ezin utzi. Hemen eta diskoan jostari ibili zara. Baina abiadura ere jaitsi da eta horrek beste jotzeko modu bat eskatzen du.
Diskotik diskora aldea nabarmendu dut, baina agerikoa dena niretzat abestiei buelta asko eman dizkiegula da. Erreferentzia desberdinak izan ditut, Miguelek lagundu dit, Julen Urzaizek ere bai… ordu asko eman ditugu sorkuntzan eta horrek, azkenean, pozik geratzea ere ekartzen du askotan, nahiz eta batzuetan buelta gehiegi ematea ez den onena izaten. Baina diskoa bukatzen duzunean, entzun eta askotan aldaketa batzuk egiteko nahia sentitzen duzu, inkonformismo puntu hori egoten da, baina disko honetan ez dut halakorik sentitu.
Punk-rock amerikarraren argitasuna eta distira ikusi ditut nik zenbait unetan. Eraginak hortik etorri dira?
Izan daiteke, baina taldean bost gara, Mikelekin sei eta bakoitzak oso estilo desberdinak entzuten ditu, taldean estilo konkretu bat landu eta partekatzen dugun arren. Bakoitzak ekartzen duenaren ondorioz, freskotasun bat lortzen dugu eta kutsu berezia hartzea hainbat unetan. Disko honetan uste dut hori guztia islatu dela. Abesti batzuek punk-rocketik gehiago dute eta ia-ia balada bat dela esan daitekeen kanturen bat ere bada. Baita folk abesti bat ere. Hor ikusten da estilo asko gustatzen zaizkigula eta horrek guztiak sortzen duela Brigade Loco.
Zuk baduzu ereduzko bateria-jotzailerik?
Bai, noski. Ez naiz disko baten atarian halako gauzetan bereziki zentratzen, baina begiratzen eta aztertzen ditut gustuko ditudan bateria-jotzaileak.
Materialarekin obsesiorik baduzu? Txindatetan xehetasun ugari topatu ditut diskoan.
Aurreko diskotik hona, kutxa ez dut aldatu, esaterako. Bateria-jotzaileoi askotan moztu ere egin behar zaigu soinu bilaketa horretan, arrapaladan abiada hartu eta ez garelako geratzen bestela. Baina disko hau sortzen hasi aurretik txindata set berri bat hartu nuen eta horiekin oso gustura nabil.
Otsailaren 22an izango duzue estreinako kontzertua Euskal Herrian, Totem aretoan.
Hori da; diskoa hilaren 21ean kaleratuko da eta biharamunean Kaleko Urdangak eta Azken Sustraiak taldeekin partekatuko dugu oholtza. Hori bai, sarrerak agortuta daude dagoeneko.
Gehiago ere etorriko dira, ordea.
Aurten Euskal Herrian dezente ibiliko gara; hortaz, zuzenean ikusi nahi gaituenak ez du arazorik izango. Momentuz, martxoaren 15ean, Gasteizko Jimmy Jazzen; apirilaren 12an, Bilboko Kafe Antzokian; eta maiatzaren 10ean, Astigarragako Oialume biltokian izango gara. Baita Bartzelonan, Madrilen eta Zaragozan ere.

«Hay que articular un impulso nacional para afrontar los retos»

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»
