Gehiagotik gutxiagora doan ezohiko filma

Filmaren jatorrizko izenburua “Armand” da, narrazioko gatazka nagusia eragiten duen haurraren izena. Gazteleraz “La tutoría” jarri diote; era honetako itzulpenetan sarritan gertatzen den bezala, indarra kentzen dio izenburu horrek.
Elisabeth (Renate Reinsve) eskolako zuzendaritzarekin premiazko bilera baterako deitu dute. Zerbait gertatu da Armand semearen eta Jon klasekidearen artean, biak 6 urtekoak. Haur jolas bat besterik ez da izan, ala zerbait serioagoa? Berehala azaleratuko dira guraso eta irakasleen arteko sekretu eta gaitzespenak eta gatazka biziak eragingo ditu; haurtzaroko sexualitatea eta jokoaren eta indarkeriaren artean dauden eremu grisen erruduntasuna edo konplexutasuna agerian geratuko dira.
Bi umeak daude gidoiaren erdigunean, baina ez dira (ia) inongo momentutan pantailan agertzen; familiek eta eskolako zuzendari eta irakasleek gidatuko dute istorio osoa. Aktore guztiek lan itzela egin dute, bereziki Renate Reinsvek.
Narratiba arraro samarra da, ezohikoa; drama psikologikoaren kodeak ditu oinarri, baina zenbait une surrealista edo oniriko eta umore subliminala duten eszenak ere ageri dira; ikusleek hasieratik onartu beharreko zerbait da hori, bestela kosta egiten da istorioan guztiz barneratzea. Azken txanpan, gainera, gidoiak norabidea galtzen du apur bat, eta gehiegi luzatzen den sentsazioa transmititzen du; originala eta pertsonala izateko irrikaz-edo nahas-mahas arraroa egiten du zuzendariak.
Erritmo geldoa duen -ez aspergarria- lan nabarmena osatu du Ullmann Tondelek; amaierako minutuetan norabidea galtzen duen arren, antzezpen lanak, eszenaratzeak eta duen atmosfera zapaltzaileak sostengatu egiten dute pelikula.
Gehiagotik gutxiagora doan opera prima interesgarria da.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
