GARA
DONOSTIA

Ikerbasquek ongizate psikologikoa bermatzeko programa osatu du

Ikerbasquek ongizate psikologikoa zaintzeko programa prestatu du ikertzaileentzat, antsietatea bezalako arazoen intzidentzia beste eremu profesionaletakoa baino handiagoa baita.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek Zientziarako Euskal Fundazioak 2025-2028 aldian ezarritako helburu nagusiak aurkeztu zituen atzo. Bere agerraldian, EAEn egiten den ikerketak «kalitate-maila handia» duela azpimarratu zuen.

BERC, CIC eta Osasun Ikerketako Institutuetako arduradun zientifikoekin bilera egin ondoren, Perez Iglesiasek iragarri zuen ikertzaileentzako ongizate psikologikoko programa bat ezarriko dela, nahasmendu horien kasuak beste sektore profesional batzuetan baino «lau aldiz gehiago» direla-eta.

Antsietatearen moduko patologien intzidentzia handiak ikertzaileek jasaten duten presioan eta zientzia-munduaren «lehiakortasunean» dute jatorria.

«Ikerketa-ildo bat garatzen duen pertsona batek baja hartzen duenean ez da erraza ordezkatzea. Ez da muntaketa-kate bat», ohartarazi du. Horrela, Fundazioko zentro guztiek ongizate psikologikoko programa bat izango dute 2028an.

Halaber, zientzia gizarteari hurbiltzeko komunikazioko eta dibulgazioko programa bat garatuko dela iragarri zuen sailburuak, baita emakumeak zientzian duen presentzia bultzatuko dela ere.