Kennedy eta Gabbarden onarpenak, MAGAren kontrol estuaren erakusle
Robert Fitzgerald Kennedy eta Tulsi Gabbard Donald Trumpen Gobernuan sartu berri dira, Senatuaren onespena jaso ostean. Hasiera batean Kongresuan oztopo gehien izango zituzten hautagaiak ziruditen, baina presidentearen aldeko ordezkariek estu hartu dituzte kritikoenak izan zitezkeen errepublikanoak, eta otzan-otzan onartu dituzte azkenean.

Estatu Batuetako Gobernuko idazkariak (ministroak, azken batean) eta beste goi kargu batzuek Senatuaren onespena jaso behar dute Administrazioan lanean hasi aurretik. Hauteskundeen ostean, Donald Trumpek osatutako zerrendan ez zirudien erraza izendapen guztiek arrakasta izatea, haien bizitzan izandako jarreren eta adierazpenen ondorioz. Oposizioko demokratekin batera, pentsa zitekeen zenbait errepublikanok ere aurka bozka zezaketela hautagai polemikoenen aurka. Azken batean, errepublikano askok argi eta garbi defendatu zituzten lerroen aurkako ibilbidea izan dute historikoki Robert Fitzgerald Kennedy eta Tulsi Gabbard bezalako hautagaiek. Asteak igaro ahala, ordea, presidentearen inguruan antolatutako MAGA mugimenduak (“Egin AEB handi berriz”), oso estu hartu ditu nolabait kritikoak izan zitezkeen senatari errepublikanoak, eta erabat gailendu dira pultsu horretan.
AEBn ez da arraroa, eta behin baino gehiagotan ikusi da, presidenteak eta Kongresuak talka egitea. Etxe Zuriko bizilaguna alderdi batekoa denean eta Kongresuko gehiengoa beste alderdiak daukanean, bistan da, baina baita, tarteka, alderdi berekoak izan baina nolabaiteko interes kontrajarriak izan direnean ere: kongresistak barruti zehatz batetik datoz, eta estatu eta barruti horretako bizilagunen interesen alde egin ezean, gerta liteke hurrengo bozetan aulkia galtzea. Edo bozen aurretik bere alderdiaren barnean lehiakideak irtetea primarioetarako.
Donald Trumpek bere kabineterako hautatu dituen pertsona guztiek ez dute profil bera. Egia da asko direla eskuin muturretik datozenak, Fox katean kristau estremisten mezuekin nabarmendu direnak eta petrolioaren lobbyak ordezkatu izan dituztenak historikoki. Beste batzuk are muturrerago koka daitezkeen konspirazio teorien jarraitzaile izandako podcast-ek eta interneteko saioek famatu dituzte. Eta badira historikoki zentro- ezkerrean eta are Alderdi Demokrataren ezkerreko sektoreetan egon ostean, beren karrera politikoari buelta eman eta Trumpen esanetara igaro direnak ere.
Robert Fitzgerald Kennedy (RFK) behinola kausa ekologisten bultzatzaile eta aspaldion txertoen aurkako konspirazioetan ezagun bihurtutako politikaria da horietako bat.
Bestea, Tulsi Gabbard, Trumpek Inteligentzia Nazionala zuzentzeko hautatutako pertsona, Bernie Sandersen alde egon zen 2016ko primario demokratetan. Armadatik dator, indiar jatorririk izan ez arren, hinduismoan hazitakoa da Hawaiin; 2018an Baxar al-Assadekin bildu zen Sirian, eta Errusiaren alde mintzatu zen Ukraina inbaditu zuenean. Trumpen Administrazioan Vladimir Putinen agentea izango zela salatu dute aurkariek azarotik hona. Errepublikano tradizionalek, politika kontserbadoreen belatzek, inolaz ere irentsi ezin zezaketen figura zirudien. Orain, hemezortzi agentzia eta dozenaka mila langileren buru bihurtu da Gabbard, tartean CIA eta FBI.
MAGAK MEHATXU ETXEAN
Azken bi asteetan, Senatuko batzordeetan Gabbardek eta Kennedyk egindako agerraldietan, oso estu hartu dituzte kongresistek. Ordezkari demokratek nabarmendu dituzte batez ere Kennedyk txertoen aurka egindako adierazpenak eta bestelako ateraldi polemiko batzuk, baina zenbait errepublikanok ere kezka agertu dute Osasun saila zuzentzeko Trumpek aukeratutako pertsonarekin. Samoan, esaterako, dozenaka ume hil zituen elgorriak 2019an. Ia biztanle guztiak txertatuta egon ostean, gurasoen zati handi batek txertaketa etetea erabaki zuen hilabete gutxian, RFK buru zuen elkarteak herrialdean kanpaina berezia egin ostean.
Louisianako Bill Cassidy senatari errepublikanoak, esaterako, ez zuen ezkutatu zail egiten zitzaiola txertoen aurka mintzatu zen norbaiten alde bozkatzea; medikua da Cassidy berez. Ez hori bakarrik, Kongresuan Trumpen aurka egin izan duten azken ordezkarietako bat da: 2021ean artean presidentearen kargugabetze edo impeachment-aren bozkatu zuten errepublikanoetako bat izan zen.
Gainerako gehienak erretiratu dira lehen lerrotik, edo, hobe esanda, erretiratu dituzte. Cassidyk uneotan daukan Louisianako senatari kargua, berriz, datorren urteko agintaldi erdiko bozetan berrituko da.
Ez dago argi egungo senatariak hirugarren agintaldi batera aurkezteko asmorik daukan, baina, Trumpek edozer esanda ere, beti baietz erantzuten dion MAGA mugimenduak argi utzi dio presidentearen esanak -eta hautuak, kasu honetan- berretsi ezean jai daukala 2026ko bozetan. MAGAk hartu duen indarraren erakusle da: egun, haien babesik gabe, nekez lor dezake errepublikano batek primarioetan gailentzerik.
GERO ETA ESTUAGO
Hauteskundeen osteko hiru hilabeteotan Trumpen inguruko sektore leialak kontrola nola estutu duen agerian utzi dute Gobernu berriko hautagaien baieztapen prozesuek. Orain artean, guzti-guztiek aurrera egin dute, baita polemikoenek ere. Duela bi hilabete oso zaila zirudien horietako batzuek Senatuaren galbahea pasatzea.
Ezin ahaztu, Trumpen zerrendako kide bat bidean geratu zela, Senatura iritsi gabe. Justizia Saila zuzentzeko Matt Gaetz Floridako kongresista ultra hautatu zuen Trumpek, hauteskundeak irabazi eta gutxira. Gaetzek, baina, Senatura baieztatzera iritsi aurretik dimisioa eman behar izan zuen. Zuzenbide ikasketak ditu, baina hutsaren hurrengoa da esperientzia, eta fiskal nagusi izateko izendatu zuen Trumpek, Kongresua hari buruzko txostena ateratzear zenean. Ikerketaren oinarrian, zenbait jai pribatutan neska adingabeei sexua izateko ordaindu izana dago.
Kasu zehatz horretan Gaetzek, demokraten artean ez eze etxe barruan, aurkarietako asko Alderdi Errepublikanoan zituen, eta oso handia zen Floridako kongresistaren aurkako ezinikusi hori. Joan den lau urteetan gehiengo errepublikanoak izan duen oztopatzaileetako bat izan da, eta historian lehen aldiz Kongresuko Behe Ganberako speaker baten dimisioa behartu zuen 2023ko udazkenean. Eta hori, Kevin McCarthy ez zela inola ere kontserbadore moderatu bat, Trumpekiko leialtasuna behin baino gehiagotan adierazi zuen politikaria baizik.
Baina speaker gisa, Bidenen Gobernuarekin aurrekontuari buruzko akordioa beharrezkoa zen administrazioak irekita jarraitzeko.
Ezin asmatu zer gertatuko zen, Gaetzen hautagaitza Senatura iritsi balitz. Polemika gordinenak atzean izanda ere, azken asteotako mugimenduak ikusita, litekeena da senatari errepublikanoek hura ere babestu izana azkenean.
Pete Hegseth Fox kateko aurkezlea eta AEBeko armadako kristau ultra izan zen Senatura iritsi zen lehen hautagai polemikoa. Ez zen soilik Pentagonoan inolako esperientziarik ez zeukan norbait izatea, sexu eraso baten salaketa ere bazekarren atzetik. Eta Hegsethek gaia epaiketara ez iristeko ordaindu zion salatzaileari, Kaliforniako biltzar batean parte hartu zuen alderdikide bati. Era berean, bere muturreko ideiak biltzen dituzten liburu arrakastatsuetan armadako emakumeek batailan parte hartzearen aurka idatzi izan du. Paparrean, eskuin muturreko kideek sarri darabilten gurutzea dauka tatuatuta.
Estu-estu lortu zuen Hegsethek Senatuaren oniritzia. Azken hauteskundeetan errepublikanoek lau senatari «kendu» zizkieten demokratei, eta 53-47ko gehiengoa daukate uneotan Kongresuko Goi Ganberan. Azken bozketan 53 horietako hiruk ezetz bozkatu zuten, eta aldeko 50 eta aurkako 50 boto izanik, JD Vance presidenteorde eta Senatuko buruaren kalitatezko botoarekin bakarrik lortu zuen izendapena Hegsethek.
Lisa Murkowski eta Susan Collins, Alaska eta Maineko senatariak izan ziren aurka bozkatu zutenetako bi. Errepublikanoen sektore aurrerakoiena ordezkatu izan dute; abortu eskubidearen alde agertu izan dira, adibidez. Bi horiekin batera, Mitch McConnell aurreko legealdiko gutxiengo errepublikanoko buruak ere aurka bozkatu zuen.
Hori guztia, baina, iragan urtarrilaren 24an izan zen, Trump Etxe Zurian sartu berri zela. Ezin jakin, errebeldia «kontrolatu» baten adierazpena izan zen hiru senatari horien botoa (azken batean, Hegsethen hautagaitzak aurrera egin baitzuen), ala arriskuan egon ote zen uneren batean. Baina kontua da hurrengo hautagai polemikoek, Senatuko agerraldietan galdera zorrotzei erantzun behar izan dieten arren, arazo handirik gabe lortu dituztela beharrezko botoak. Trumpen MAGA mugimenduaren makineria ondo olioztatuta dagoen seinale. JD Vance presidenteordea bera egoten da Trumpengandik urrunen egon daitezkeen senatariei presio egiten, liderrari zor dioten leialtasuna argi uzteko.
Testuinguru honetan, Tulsi Gabbard eta RFK Trumpen Gobernuko kide dira dagoeneko, eta Kash Patel, FBIren eta «Estatu sakonaren» aurka gogor mintzatu den trumpista sutsua, polizia federal horren buru bihurtuko da, itxura guztien arabera, datorren astean.
MAGA mugimenduaren kontrol estu honetan, ezusteko bakarra Trumpek NBEko enbaxadore izateko aukeratutako Elise Stefaniken gertatu da. Ez dirudi senatari batek ere bere karrera jokoan jarri nahi duenik, kongresuko kide trumpzale horren aurka bozkatuz. Arazoa beste bat da: errepublikanoek Ordezkarien Ganberan daukaten gutxiengo txikiarekin, Stefanik joateak hutsunea utziko lieke New Yorkeko bere aulkia berriz bozkatu arte, hilabete batzuk barru. Eta demokratek bozketa batzuk irabazteko baliatu lezakete hori.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
