GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako Parke Teknologikoak eraikin berria izango du Hernanin

Euskadiko Parke Teknologikoaren jabetzako eraikin berria egingo dute Hernaniko campusean, Galarretan. Ellen MacArthur eraikin berriak 10.000 m²-ko azalera izango du eta 18,2 milioi euroko kostua. 2026aren amaierarako bukatuta egotea aurreikusi dute.

Pradales lehendakaria eta beste agintariak, parke berriaren eraikuntza lanetan bisitan.
Pradales lehendakaria eta beste agintariak, parke berriaren eraikuntza lanetan bisitan. (IREKIA)

Euskadiko Parke Teknologikoaren jabetzako eraikina egingo dute Hernaniko campusean, Galarretan. Imanol Pradales lehendakaria, Mikel Jauregi Lakuako Gobernuko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Jaione Ganzarain Euskadiko Parke Teknologikoko presidentea izan ziren atzoko ekitaldian.

Ellen MacArthur eraikin berria irizpide ekojasangarrien arabera diseinatutako instalazio berezi bat izango da eta Gipuzkoako Parke Teknologikoan dagoen okupazio eta eskari handiari erantzutea du xede. 2026aren amaierarako bukatuta egongo dela aurreikusi dute. 10.000 m²-ko azalera izango du, Parke Teknologikoak enpresa teknologikoen eskura jarriko duena, 2.300 scale up fasean dauden enpresei zuzenduta.

«Parke teknologikoen aldeko apustuak islatzen du amets egiteko eta eraikitzeko gai izan ginen herria, duela lau hamarkada, lehiakortasuna berreskuratzearren gure ekonomia modernizatzeko premia handia zegoenean», adierazi zuen lehendakariak.

Hernaniko campusera sartzeko biribilgune nagusiaren ondoan dago eraikin nagusi berria, eta azpiegitura malgu gisa konfiguratu dute, enpresa bakoitzaren berezitasunetara egokitu dadin. Barrualdean bulego pribatizagarriak, prototipo teknologikoetarako espazioa, RIS3 laborategiak eta zerbitzu osagarriak egongo dira.

Bizikleta eta patinete elektrikoentzat aparkalekua ere izango du, baita ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ere, Parke Teknologikoaren mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuaren ildotik.

AZPIEGITURA BERDEA ETA ADIMENDUNA

Eraikin honekin «Euskadiko Parke Teknologikoak indartu egiten du gizartearen oraina eta etorkizuna hobetzen lagunduko duten azpiegitura berde eta adimendunak sortzeko konpromisoa», ekitaldian azaldu zutenez. Honenbestez, Ellen MacArthur eraikinak ingurumen aldetik «jasangarria» izateko bokazioa dauka, ekodiseinuan eta ekonomia zirkularrean oinarrituta egingo baitute.

Eraikina egiteko erabiliko dituzten materialen %40 birziklatua izatea da asmoa. Era berean, energia berriztagarrien aprobetxamendua erraztuko dute, errendimendu handiko sorkuntza termikoa, instalazioen digitalizazioa eta kontrola (BMak), kontsumoen eta energia iturrien optimizazioa eta euri uraren eta ur grisen berreskurapena baliatuta.

Ekitaldian baieztatu zuten Hernaniko eraikin nagusi berria gehitzea «beste mugarri bat» dela Gipuzkoako Parke Teknologikoarentzat. Gaur egun, campus horretan COUTH enpresa dago, duela urtebete baino gutxiago bere instalazioak inauguratu zituena, baita Mondragon Unibertsitatea, Ikerlan eta Orona Fundazioa ere.

Era berean, ekitaldian nabarmendu zuten urrats garrantzitsua dela, Gipuzkoan espazio berrien eskariari erantzuteko, egungo eraikinen okupazio handiaren aurrean, ia %100ekoa baita. Eraikin berria egiteko estimatutako kostua 18,2 milioi eurokoa da.