Homeroren «Odisea» poema epiko zaharra bertsotan euskaratu du Matias Mugicak
Homerok duela 2.800 urte inguru idatzi zuen «Odisea» euskaraz irakur dezakegu, haren esentzia estilistikoa mantendurik. Izan ere, Matias Mugica itzultzaileak kontu handiz euskaratu du testua, grekotik, originalaren ezaugarriei segituz. Hamabost silabako bertso neurria aukeratu du, epika zaharraren nortasunari eusteko.

Matias Mugicak hiru urte eman ditu Homeroren “Odisea” euskaratzen, orain Balea Zuria argitaletxearen eskutik plazaratua. Sekulako lana hartu zuen itzultzaileak ahalik fidelena egiten, neurriari zein estiloari dagokionez. Aurretik beste bi euskal itzulpen zeuden, baina esan dezakegu Mugicarena dela testu klasikora gehien hurbiltzen gaituena.
Izan ere, 2007an Juan Kruz Igerabidek irakurle gazteentzat bertsio laburtu bat egin zuen, prosan, eta aurretik zegoen aurrekaria 1960ko hamarkadakoa zen, Aita Onaindiak bizkaieraz emana. «Hori irakurtzeko gai den inor ez dago egun», aipatu zuen Mugicak, erabilitako hizkuntzari erreferentzia eginez.
Berak hiru erabaki garrantzitsu hartu behar izan zituen, enkargua jaso zuenean. Lehenik eta behin, testua prosan edo bertsotan egingo zuen pentsatu zuen. «Prosan askotan itzulia izan da, eta informazio gisa, jakiteko “Odisea”-n zer gertatzen den, ondo dago, baina prosak obraren ezaugarri estilistikoak akabatu egiten ditu», kontatu zuen itzultzaileak. Hala, testu originalari jarraituz, eta honek duen «efektu hipnotikoa» lortu nahian, bertsoaren alde jo zuen eta «artefaktu erritmiko» bat osatu zuen.
Bigarren erabakia, erabiliko zuen erritmoa zen, eta hor ez zuen zalantza handirik izan; euskal bertso tradizionala, 15 silabakoa, euskal kontapoesian erabilia. Errimak jarriko zizkion edo ez pentsatzean, kontuan izan zuen epika zaharrak ez duela errimarik. Berari errimaren bat atera bazaio, utzi egin du ondo gelditzen delako, baina ez da nahita izan.
LAPURDIN ZUEN ERREFERENTZIA
Azken erabaki garrantzitsua erabiliko zuen euskara zen: arkaizantea izan zitekeen, euskara zaharra imitatuz, edo egungo estandar normala, kolore gabekoa. «Euskara zaharra imitatzearen pastixe hori ez zait gustatzen, ridikulua dela iruditzen zait, baina euskara neutroa hotza da “Odisea”-rentzat», pentsatu zuen. «Epika zaharraren hizkera grekoa oso bitxia zen, urruntasun efektua ematen zuen», eta hori lortu nahi zuen. Lapurdiko testu zaharretan begiratzen hasi eta Joanes Etxeberriren erlijio testu bat aurkitu zuen, hori ere 15 silabako bertsotan idatzia, eta aproposa iruditu zitzaion. «Hura irakurri nuen aspertu arte eta, hari kopiatuz, trikimailu asko ikasi ditut», adierazi zuen.
Mugicak zuzenean grezieratik itzuli du “Odisea”, zeinek 12.000 hexametro dituen -are luzeagoa euskaraz, hizkuntza beraren ezaugarriengatik-. Poema luze bakar bat da testua, Alexandriako liburutegian itzultzean 24 kantutan banatu bazuten ere. Lan oso mardula izan da Mugicarentzat. «Ez dakit horrelakorik berriro egingo dudan», esan zuen.
Beste testu klasiko batzuk itzuli izan ditu, horien artean François Villon poeta frantsesaren “Testamentua”, hau ere bertsotan, baina “Odisea” baino askoz laburragoa.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
