Osasuna, Irsearaba eta Luma, Euskaraldian mugitzeko prest
Osasuna kluba izenaz gain izana ere euskalduntzeko urratsak egiten ari da. Euskaraldian horretan sakonduko du, Irsearaba gizarte ekimeneko kooperatibak eta Luma Baiona euskarazko murgiltze ereduko haurtzaindegiak bezala. Bertze entitateak animatu dituzte.

Ehun urtetik goiti ditu Osasuna futbol klub nafarrak, eta urte luzeetan erran izan da izena euskalduna izan arren izana erdalduna zuela. 2017an hasi zen hori aldatzen, elebiduna izatea eskatu baitzuten bazkideek. AEK-koekin batera Euskara Batzordea sortu zen eta bideari ekin zioten. Euskaraldiko azken edizioetan parte hartu dute eta aurtengoan, maiatzaren 15etik 25era eginen denean, pauso gehiago emanen dituzte. Mikel Erbiti klubeko komunikazio taldeko kideak atzo Donostiako San Telmo museoan izan zen ekitaldian adierazi zuenez, euskarari bere lekua egin nahi diote bai entitatearen barnean, bai zaleekin eta Nafarroako jendartearekin harremanetan.
«Euskaraldian parte hartzea garrantzitsua dela uste dugu, klubak Nafarroan duen ikusgarritasunagatik, jendartea ohar dadin Osasuna euskararekin inplikatzen dela», nabarmendu zuen.
300 langile baino gehiago dira klubean eta xedea da ariguneak sortzea eta talde lanak euskaraz egin ahal izatea. «Euskara normalizatzea», funtsean. Kanpora begira, berriz, zaleek Osasunarekin duten harremana euskaraz ere egin dezaketela sentitzea nahi dute.
Erbitik oraindik ariketan izena eman ez duten entitateak animatu zituen: «Aukera polita dute nahi duten neurrian parte hartzeko eta pauso txikiz bada ere bidea egiteko. Gu hala hasi eta gero eta pauso gehiago eta handiagoak egiten joan gara. Hori edozein entitatek egin dezake».
Euskaraldian entitate moduan izena emateko epea irekia dago. Euskaraldia.eus webgunean egin daiteke.
ZATIETATIK OSOTASUNERA
Irsearaba gizarte ekimenerako kooperatibak ere «lotsak alde batera utzi eta euskara aktibatzeko» deia egin zuen. Idoia Martinez de Lahidalgak azaldu zuen urte batzuk daramatzatela euskara gehiago erabiltzeko lanean, zerbitzuka esku-hartzeak eginez. «2023an euskarako lantaldea berpiztu zen eta hizkuntza irizpideak jartzen hasi ginen. 2024an euskara plana egiteko pausoa eman genuen eta diagnostikoan gaude orain».
Langileen artean «oso harrera baikorra» izaten ari direla eta euskara «guztiona» dela eta «jarrera kontua» dela azpimarratu zuen. Hiru zerbitzutan “Egunon” eta “Mintzatratu” dinamikak dituzte abian, Euskaraldiarekin antzekotasun handia dutenak. Lehendabiziko aldiz parte hartuko dute Euskaraldian entitate gisa eta egun horietan ariketa erakunde osora zabaltzeko erronka izanen dute.
Sergio Jimenez lankideak erantsi zuen gero eta gehiago egiten dutela beren artean hizkuntza nazionalean eta Euskaraldia baliatuz bezeroekin ere gehiago aritzea dutela hurrengo asmoa.
LEHEN HAURTZAROTIK
Luma Baiona euskarazko murgiltze ereduko haurtzaindegiak euskal hiztunak sortzea du helburu, lehen haurtzarotik hasita. Patxi Amulet elkarteko kideak oroitu zuenez, 2008. urtean sortu zen, baionar ttipientzako euskarazko eskaintzarik ez zegoen garaian. Orain, Euskaraldiarekin bat egin du «euskararen sustapena eta transmisioa Luma Baionaren bihotzean direlako».
Beren engaiamendua indartu nahi dute euskararen eguneroko erabileraren alde, bai haurrekin, bai familiekin. Sendi gehienak euskarazko harrera egiten delako etortzen dira, baina haurtzaindegia irekia da eta Euskaraldian euskaldunak ez diren familien inplikazioa handitzen saiatuko dira. «Etxean euskara gehiago erabil dezaten ahaleginduko gara, sehaska kantak, tailerrak zein irakurketak proposatuz, gurasoek hizkuntzarekin konfiantza hartzeko», zehaztu zuen Amuletek.
Euskaraldian parte hartzera animatu zituen berak ere entitateak, «dinamika kolektibo bat» sortzeko aukera delako, «euskararen eguneroko erabilera sendotzeko». «Keinu ttipi bakoitzak balio du», ohartarazi zuen.
ENTITATE BAKOITZARI EGOKITUZ
Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak Euskaraldiak entitateetan duen eraginaren garrantzia nabarmendu zuen, herritarrak batzen garen tokiak direlako, izaera ezberdinekoak: lantokiak, kirol eta kultur elkarteak, dendak eta tabernak...
Agertu zuenez, bi irakaspen atera dituzte aitzineko ediziotik. Lehena: «Ezin da berdin jokatu entitate txikiekin eta handiekin, tokiko entitateekin eta herriz gaindikoekin. Handi askorentzat eraginkorra izan zen ariguneen proposamena, baina txikiagoentzat zaila izan zen aplikatzea, lan zamatsua. Ikusi dugu entitate txiki askotan txapa janztea bera eraginkorra izan daitekeela».
Eta bigarrena: «Parte hartzeko alde burokratikoa arindu behar da. Aldez aurreko lan sakon, tekniko eta burokratiko bat egin behar zuten entitateek eta baliabiderik ez zutenen kasuan, ilusio hori murrizten zen».
Aurten, horregatik, entitate bakoitzari ahalik eta gehien egokitzen eta neurriko proposamena egiten saiatuko dira, baita prozesua arintzen ere, «alde kualitatiboan aurrerapausoak ematea xede».
HIRU EGITEKO
Urkijok jakinarazi zuenez, Euskaraldian hiru funtsezko zeregin izanen dituzte entitateek: Euskaraldiaren berri ematea eta kideak ahobizi eta belarriprest izatera gonbidatzea; rol horiek eroso betetzeko tresnak eskaintzea, webgunean izanen dituztenak; eta Euskaraldia ikusgarri egitea, giroa sortzea.
«Ahobizi eta belarripresten babesgune dira entitateak eta, hori dela eta, inportantea da ariketa hau elkarrekin egitea», esplikatu zuen koordinatzaileak.
Bertzelako urratsak egiteko eta ariketan sakontzeko gonbidapena ere luzatu zieten entitateei; ariguneak sortzea eta identifikatzea, adibidez. Horretarako aholkularitza eta baliabideak eskainiko dizkie Euskaraldiak. «Lanketa sakonago hau egin dezakete, baina ez da ezinbestekoa izango parte hartzeko», argitu zuen Urkijok.
Euskaraldia iritsi bitarteko hurrengo mugarria aurkeztuz amaitu zuten San Telmoko ekitaldia: martxoaren 15ean izanen da, Gasteizen, bertan zabalduko dutelako ahobizi eta belarriprestek izena emateko aukera.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
