GOIZEDER TABERNA (KAZETA)
Entrevue
Ander Lipus
Antzezle eta taula zuzendaria

«Ez dute gogorik ezer programatzeko euskaraz»

Azken urteetan, Ipar Euskal Herrian, euskarazko sorkuntzekiko ardura guti dagoela ohartu da Ander Lipus antzezle eta taula zuzendaria. Sare sozialen bidez adierazi duen kezkari buruz sakondu du Kazetari emandako elkarrizketa honetan. Hainbat plazan galdu direla eta programatzaile zein administrazioek euskararekiko duten begirune eza salatu du.

(Gotzon ARANBURU | FOKU)

 

Bira bete-betean dabil Ander Lipus. Amets Arzallus eta Ibrahima Baldek idatzi duten liburuan oinarritua den ‘‘Miñan’’ antzezlana Euskal Herrian gaindi ematen ari zela, idatzi zuen txioa, haserre, urtarrilaren 14an. «Baiona, Angelu, Bidarte, Donibane Lohizune, Senpere, Donibane Garazi, Maule... plaza asko galdu ditugu iparraldean. Zergatik ote? Les Français savent bien faire les choses. Moroak gara behe laino artean», zioen mezuak, Joseba Sarrionandiaren liburu bati erreferentzia egiten ziola. Axut! taldearekin harreman hertsia duen antzezleak hainbat proiektu eraman ditu Ipar Euskal Herriko aktoreekin azken urteetan, hala nola Piarres Larzabalen ‘‘Ibañeta’’ edo Jon Gerediagaren ‘‘Etxekoak’’. Bere obra gehienak hiru herrialdeetako oholtzetatik iragan dira. Haatik, azken urteetan bizi duen ezintasun batez jabetu da.

Zure txioan zazpi bat herri zerrendatu dituzu, joera bat markatzen dutelakoan. Noiztik sentitzen duzu desagertzen hasi direla aipatzen dituzun plaza horiek?

Uste dut pandemiatik aurrera gutxika-gutxika joan dela. Beti izan da borroka bat Ipar Euskal Herrian euskarazko emanaldiak lortzea, baina plaza batzuk bagenituen. Iparraldean badira antzoki batzuk Baiona, Angelu, Bidarte, Donibane Lohizune, Senpere, Donibane Garazi, Maule; baina ez gara iristen. Lehen askotan Biarritzera joaten ginen, bazelako Bi Harriz Lau Xori jaialdia. Ekitaldi horiek ere desagertzen doaz. Sentitzen dut ez dela batere, batere, baina batere, begirunerik euskaraz egiten diren gauzekiko.

“Miñan”-en kasuan, Artedrama Bizkaiko konpainia bat da, baina Iparraldeko jende askok lan egin du proiektu horretan. Hasteko, Amets Arzallus bera, idazlea, Sarakoa da; Timberlake Wertenbakerrek Saran pasatzen ditu udak eta Ziburun jaiotakoa da; Philippe Ducou, taula zuzendaritzan lagundu didana, Pariskoa da; Manex Fuchs, aktore zuzendaritzan eduki dut laguntzaile; txosten pedagogikoa Arantxa Hirigoienek idatzi du eta Axutek lagundu digu hainbat gauzatan. Ekipoa Iparraldekoa da. Gainera, aipatzen den istorioa Bidasoko mugan pasatzen den istorio bat da. Badago zerbait ez dudana ulertzen, ez dagoela batere begirunerik egiten den lanarekiko. Ez dute programatu nahi. Ez dute begiradarik gure lurrarekiko eta euskararekiko.

Nortaz ari zara?

Programazioaz arduratzen direnek ez dute begirada horretan. Pentsatzen dut, goitik ere, politikariek ematen dizkietela irizpideak, eta ez dutela euskarazko ezer nahiko. Euskararekin ez dago batere sentsibilitarerik, eta bigarren edo hirugarren mailako zerbait bezala ikusten dute. Gure errealitatea bestelakoa da, ‘‘Miñan’’-ek 60 emanaldi egin ditu, 20.000 pertsonek ikusi dute eta zabalkunde handia daukan antzezlan bat da, frantsesera ere itzuli dena, oso sentsibilitate ezberdinak ukitzen dituena eta errealitate bat ukitzen duena. Hor dauden programatzaileek ez dute euskararekiko inolako atxikimendurik. Haien ondokoek, euskaldunek, egiten duguna, ez zaie inolaz ardura.

Ez badira eragile instituzional horiek, gaur egun, nortzuk programatzen zaituztete?

Hor dago guri sortzen zaigun gatazkarik nabarmenena. Iparraldera joan behar dugunean, askotan, elkarteek antolatzen dutelako izaten da. Baina elkarteekin zer gertatzen da? Ez daukatenez antzokirik, antzoki oso bat muntatu behar duzula bertan, adibidez, Larresoron edo Ligin antzeztu izan dugunean gertatu den bezala. Horrek antzezlana asko garestitzen du, daukagun katxeaz gain, gehitu behar zaio, lanean egon behar diren lau edo bost pertsonena, eta elkarteek ezin dute asumitu kostatzen den prezioa.

Deiak izan ditugu, baina beti izan dira euskal mundutik, euskararen aldeko taldeetatik edo migratzaile taldeetatik. Hazparnetik, Saratik, Azkainetik deitu digute, baina ezin dute kostua asumitu. Horrek esan nahi du administrazioek ez dutela dirurik ere jartzen euskal kultura sustatzeko eta euskal kultura aurrera eramateko.

Duela urte batzuk borrokatzen genuen eta zerbait lortzen genuen. Orain, oso isilpean, lortu dute gu isiltzea eta gure antzerkiak ez ikusaraztea Iparraldean.

Duela urte batzuk, aipatu dituzun herrietan jokatzen zenuten?

Batzuetan, bai. Senperen beti izan da borroka handi bat; Donibane Garazin lehen ematen genuen; Izpuran ez gaituzte gonbidatzen; Maulen oso zaila izaten da; Biarritzen, Colisée antzokian, lehen ematen genuen eta orain ez dugu ematen; Baionan, ez dute kasurik ere egiten. Eszena Nazionaletik langile bat etorri zen, Etxepare Lizeoan errepikatzen ari ginenean, baina ez dute gogorik ezer programatzeko euskaraz. Angelun ere ez. Bidarten eman izan genuen, orain batere ez. Donibane Lohizunen garai batean ematen genuen, baina orain ez gara existitzen.

Euskal kulturaz arduratzen diren eragileekin, gai hori aipatzen duzue?

Ez. Gure errealitatea orain mugatu da Axut! elkartearekin dugun errealitatera, baina denentzat oso gordina da. Bi zutabetan oinarrituko nituzke euskal sorkuntzak: batetik, modu profesionalean ari direnak eta, bestetik, amateur gisa edo herrigintzan ari direnak, nahiz eta batzuetan biak elkar loturik doazen. Ez dago ez batarekiko ez bestearekiko begirunerik. Ez dago programa kulturalik, Iparraldeko errealitateari begira dagoena eta non euskarak leku bat daukan.

Alta, publiko bat badago…

Bai, aski da ikustea ‘‘Lurrez estali’’ eman dutenean edo Libertimenduetan orain izan den publikoa. ‘‘Miñan’’, Luhuson estreinatu zen, eta, oker ez banago, bost emanaldi eman ditugu Iparraldean, guziak bete dira. Arazoa ez da publikorik ez dagoela, badago publiko bat, baina berdin du, ez zaie inporta. Beste leku batera begiratzen dute. Ez dute begiratzen ondokoa, eta ondokoak gu gara, euskaldunak. Dena da haien kultura, haien ikuspegia, frantses kultura. Guztiz baztertzen gaituzte.

Inkontzienteki bada ere, frantsesek kulturaz duten ikuspegiaren eraginarengatik izan daiteke?

Ez ditut frantsesak asko ezagutzen. Nolanahi ere, iruditzen zait isilean oso ondo egiten dituztela gauzak. Zaratarik atera gabe, ezetza ematen dizute, lasai asko. Haiek munduaren zilborra sentitzen dira eta gu sentitzen gara kolonizatuak. Lurralde honetan euskaraz bizi izan da, euskaraz transmititu izan ditugu gure gauzak eta, bat-batean, euskara administraziotik eta erabaki guneetatik kanpo dago.