Eli PAGOLA
BERGARA
Entrevue
ANDREA BELLA
Bergarako Euskaraldiko arduraduna eta hitanozalea

«Nire herrialdetik hurbilago sentitzen naun, hika egiten dudanean»

Bergarako Euskaraldiko arduraduna da Andrea Bella, izatez Montevideokoa bada ere. Uruguain ikasi zuen euskaraz, ondoren, hitanoa ikasi zuen, eta egun noka hitz egiten ahalgintzen da bere egunerokoan. Euskaraldiak ZirHika egitasmoa aurkeztu zuen, gazteen artean erabilera sustatu eta noka bultzatzeko asmoz; bertan izan zen Bella.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Bergarako Oxirondo Azokan dugu hitzordua Andrea Bella (Montevideo, 1978) Euskaldun uruguaitarrarekin. Goiz lasaia egokitu dela eta, mural eder baten pareko mahai batean eseri gara, azokan postuz postu dabiltzanen begiradapean. Aipatu dit magisteritza ikasi eta haur hezkuntzako irakaslea izan dela 20 urtez, helduei euskara irakasten ibilia dela, komikien azal egile eta, une honetan, Euskaraldiko dinamizatzaile lanetan dabilela Bergaran. Euskal Herrian dagoen tarte honetan, bizi, berriz, Zornotzan.

ZirHika eta Euskaraldian hitanoa sustatzeko H aurkeztu berritan, hitanoa dugu hizketagai galde-erantzun azkar baten ondoren: zuka edo hika? Hika. Noka edo toka? Noka.

Noiz eta zer dela eta hasi hintzen euskara ikasten?

Familiarekin Uruguaiko Haize Hegoa euskal etxera hurbildu nindunan 2008an euskal dantzak egitera, Eusko Indarra dantza taldean, eta han euskara ikasteko aukera sortu zunan Lakuaren programa baten bidez. Lehenik, nire ahizpa eta, gero, ni aritu gintunan euskara ikasten, ondoren bertako euskal etxeetan euskara eskolak eman asmoz.

Noiz agertu zunan hitanoa?

Ikastaroan ikasi ninan. Amerikako ikasleak geundenan, nazioarteko taldea baitzen. Haien artean Txileko lagun bat zegonan, Alvaro, hitanoari buruzko ikastaro bat egin zuena Ritxi Lizartzarekin. Niri hika erakusten hasi zunan eta, nahiz eta oso ongi ulertu ez, belarria egiten ari nindunan eta horrela hasi zunan hitanoaren kontua.

Bestalde, Uruguain bizita, euskara praktikatzeko asmoz Mintzanet programan sartu nindunan. Programa horretan Muxikako Anizeto izan ninan bidelagun. Saio batean hikaren kontua aipatu nionan eta noka praktikatzeko aukera sortu zunan, berak toka bakarrik erabiltzen zinan eta. Bera, gainera, irakaslea izan zunan eta aditz zerrendak pasatu zizkidanan.

Hizkuntza ohiturak aldatu izan ditun, euskarara lehenik eta hitanora ondoren. Aldatzeko erraztasuna daukan edo bazagon askorik frustratu gabe aldatzeko gakoren bat?

Uste dinat nire bizitzeko moduarekin lotuta dagoela. Nik euskara ezagutu nuenetik izan ninan horrelako sentimendu bat, euskarara hurbiltzeko nahia. Gero, jendea ezagutzen hasi nindunan, eta Jalgi Mundura izeneko taldea sortu geninan, munduan zeharreko euskaldunak elkartuta. Dena zunan euskara zabaltzeko eta sustatzeko; beraz, nahiko naturalki egin ninan aldaketa, zeren beti gustatu izan zaidan ikastea. Uste dinat une oro ikasten ari garela, edozein momentutan, gauza on eta txarretatik eta akatsekin ere ikasten dela. Eroriz ikasten dun oinez, zion esaerak, ezta? [barreak].

Egokitzea eta erregistro erosoa aurkitzea dun gauza. Nire kasuan, hika ezagutu eta gero, lagunekin egiteko beharra sentitu ninan. Izan ere, Uruguain, gure hizkuntzaren erregistroak antzekotasun gehiago dizkin hitanoarekin gaztelerarekin baino. Nire herrialdetik hurbilago sentitzen naun, lagunekin hitanoa egiten dudanean.

Ahizparekin zer erregistro darabilkin?

Ahizparekin hitanoa ez dinat inoiz egin, eta euskaraz, noizean behin. Harremanak behin hizkuntza batean hasita, gero zaila da aldatzea. Horregatik, oso garrantzitsua zaidan lehen hitza euskaraz egitea. Hasieran, ez ninan argi hika norekin egin eta saiatu naun lagunen artean hika egiten, nahiz eta haiek niri zuka egin.

Euskaraldian hika jakin beharrik ez omen dun izango H ipini eta norberari hika zuzentzea onartzen duela ulertarazteko. Hitanoaren bueltan egoera asimetrikorik tokatu izan al zain?

Bai. Egunerokoan lagun batzuekin nik hika eta haiek zuka hitz egiten dinagu. Baina ulertzeko arazorik ez dinagu izaten. Tarteka saiatzen ditun hika egiten, baina toka eta noka nahasten ditizten eta, agian, ikastaro gehiago beharko ditinagu.

ZirHika taldeak bereziki sustatu nahi omen din noka gehiago erabiltzea eta gazteek hika hitz egitea. Era berean, hitanoa binarioa dela eta erabilera sexista duela ere onartu zunan aurkezpenean. Hik nola bizi dun hori?

Egia dun euskararen berezitasuna inklusiboa izatea dela, eta hori oso polita dun, zeren, «lagun» hitza esatean, lagun guztiak sartzen ditun generoa aipatu gabe. Hitanoarekin, berriz, berezitasun hori agertzen dun eta identitate sexual ezberdinetako pertsonekin nola jokatu ikasi behar genukeela uste dinat. Nire kasuan, normalean, betiko lagunekin egiten dinat eta ez dinat horrekin gaizki-ulerturik izan. Baina, nola jokatu aztertu beharko geniken, nahi badugu hitanoa inklusiboa izatea eta erabilera zabaltzea, batez ere, gazteen artean.