Peli LEKUONA
DONOSTIA
Entrevue
PEIO DUFAU
EH Baiko diputatua Frantziako Asanblea Nazionalean

«Guk ez baditugu neurriak hartzen, Parisen ez dira errazki mugituko»

EH Bairen ordezkaritza bat Parisen da egunotan, beste lurraldeetako alderdiekin antolatutako topaketa batean parte hartzeko eta, batez ere, euren autonomia proposamenaren berri emateko. «Departamentu bat baino gehiago» nahi dutela adierazi Peio Dufau EH Baiko kide eta Fronte Herritar Berriko diputatuak.

(Patxi BELTZAIZ | FOKU)

EH Bairen ordezkaritza bat Parisen egongo da aste honetan, Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeentzat autonomia proposamen bat aurkezten. Peio Dufau EH Baiko kide eta Asanblada Nazionaleko diputatua NAIZ Irratian izan zen atzo, bide orri horren berri ematen.

Gogoeta prozesu baten ondotik, iazko abenduan koalizio abertzaleak hiru lurraldeentzat autonomia proposamen bat eta bide orri bat aurkeztu zituen.

Estatu frantsesean dagoen krisiaren «aterabidea» lurraldeetatik etorriko den «zalantzarik ez du» Dufauk: «Guk autonomia estatutua proposatzen dugu, hortik ikusten baitugu aterabide bat gure lurraldeentzat, eta baita besteentzat ere».

Euskal Hirigune Elkargoaren botereaz eta mugez ere mintzatu zen diputatua. «Elkargoaren eskumenetatik haratago joan behar dela sentitzen du gehiengo batek, eta haratago hori guk pentsatzen dugu autonomia dela. Eta, horretarako, Parisen ez gaude bakarrik. Hor dira bretoiak eta korsikarrak ere… Korsikarrak, adibidez, negoziazioan ari dira dagoeneko Estatu frantsesarekin», adierazi zuen.

Etxebizitzaren edota laborantza lurren egoeran ere aurrera urratsak egiteko ere baliagarria izan daitekeela azaldu zuen Dufauk: «Guk ez baditugu neurriak hartzen, Parisen ez dira errazki mugituko. Gure galderentzat erantzunak baditugu, eta erantzun horiek bertan erabaki behar dira».

Bere ustez, «hobeki erabakitzen da lurraldeka», eta gizartearen beharrei hobeki erantzun ahal zaie: «Demokraziaren krisi egoera honetan, zinez hurbildu behar da boterea gizartera. Egun oso urrun sentitzen du jendeak».

DEPARTAMENDU BAT BAINO GEHIAGO

Eskatzen duten autonomia, «departamendu bat baino gehiago» dela zehaztu zuen diputatuak. «Departamendu batek ezin ditu bere legeak egin. Hori baino haratago doa eskaera; autonomia bat lurraldean erabakitzeko aukerak izatea da, hori dugu helburu» argitu zuen elkarrizketan.

Bere «muga» guztiez jakitun izanda, Euskal Hiri Elkargoa eskumenez hornitzea lehen urrats bat litzatekeela ondorioztatu zuen EH Baiko kideak; izan ere, aipatu zuen zenbait gaietan ez dutela eskumenik. Aipaturiko estatutu hori sortzeko bidean gainerako alderdiekin zein gizarte eragileekin lanean jarraitu beharra nabarmendu zuen: «Kontsentsuen inguruan lan bat eraman behar da, ikusteko autonomia hori nola eraiki, nork erabaki eta nola kudeatu. Hori da afera».

Bestalde, autonomia estatutuaren proposamenak Euskal Herriko zazpi lurraldeen aitortza jasotzen du.

Dufauk azaldu zuen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Akitania berria biltzen dituen euroeskualdea jada onartuta dagoela Parisen: «Europan euroeskualde bat nahiko erraz antolatu daiteke. Europak horrelako proiektuak sostengatzen ditu».