Trumpen gerra komertziala gaiztotu egin da Txinan, Kanadan eta Mexikon
Txinari, Kanadari eta Mexikori muga zergak jarriko dizkiola baieztatu zuen Donald Trumpek atzo goizaldean. Mexikotik eta Ottawatik doazen inportazioei %25ekoa, eta Pekindik heldu direnei %10ekoa. Gerra komertziala gogortzea ekarriko du horrek. Gainera, burtsetan beheraldi batzuk eragiten ari da dagoeneko. Txinak azkar erantzun du, nekazaritza arloan kargak ezarriz.

Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Donald Trumpek, muga zergak paratuko dituela baieztatu zuen astearte goizaldean, %25ekoa Mexikotik eta Kanadatik doazen inportazioentzat eta %10ekoa Txinatik iritsitakoentzat. Hala, ateak ireki dizkio eskala handiko eta mugaz gaindiko gatazka komertzial bati.
Etxe Zurian emandako prentsaurreko batean, Trumpek azaldu zuen ez Mexikok ez Kanadak ez dutela negoziatzeko «tarterik» muga zerga horiek ekiditeko. Hasieran karga horien ezarpena atzeratu zuen, Mexikok eta Ottawak beren mugetako segurtasuna indartu zezaten. Baina dagoeneko ez dago atzera bueltarik.
«Muga zergak prest daude, eta bihar [gaur] martxan jarriko dira», iragarri zuen.
FENTANILOA
Newyorktarrak fentaniloa aipagai izan zuen muga zergak aurkezteko agerraldian. Berretsi zuen mugakide dituen herrialdeak eta Txina droga honen trafikoa gelditzeko egiten ari diren ahalegina ez dela aski. Oroitu zuen opiazeo gogor honek milaka heriotza eragiten dituela urtero AEBen.
«Mexikotik fentanilo kopuru ikaragarriak sartu dira gure herrialdean eta, dakizuen bezala, baita Txinatik ere, handik bidaltzen baita Mexikora eta Kanadara», gaitzetsi zuen Trumpek. Droga hori «Kanadatik eta Mexikotik heltzen dela» nabarmendu zuen.
Agintariak azaldu zuen astearte honetatik aitzinera Txinarentzat %10eko muga zerga gehigarri bat abian jarriko dela. Otsailaren 4an ezarritako %10ari gehituko zaio, hortaz, guztira %20ko muga zerga izanen dute AEBera sartzen diren jatorri txinatarreko produktuek.
Txinaren kontrako neurri horiek Trumpen lehenbiziko agintaldian ezarritako kargen segida dira. Presidenteak 2017 eta 2021 bitartean txinatar jatorriko produktuen 300.000 milioi dolarri muga zergak jarri zizkion. Gehienak indarrean daude oraindik.
TXINAREN ERANTZUNA
Txinako Gobernuak erantzun azkarra eman zuen. Adierazi zuenez, %15erainoko muga zerga gehigarriak ezarriko dizkie nekazaritza produktu estatubatuarrei. Finantza Ministerio txinatarrak zehaztu zuen oilaskoak, artoak, gariak eta kotoiak %15eko muga zergak izanen dituztela; soja, txerri eta behi haragia, arraina eta itsaskiak, fruta, barazkiak eta esnekiak, berriz, %10eko kargarekin sartuko dira herrialdean. Datorren astelehenean martxan jarriko dira neurri hauek.
Merkataritza Ministerioak abisua emana zuen Washingtonen neurrien aurrean erantzunen zuela, eta Munduko Merkataritza Antolakundean kexa gehigarri bat aurkeztu zuen. Argudiatu zuenez, «AEBen alde bakarreko muga zergen neurriak arau urratze larria dira, eta bi herrialdeen arteko lankidetza ekonomiko eta komertzialaren oinarriak ahultzen dituzte».
Pekin, gainera, «fidagarriak ez diren erakundeen zerrenda» erabiltzera itzuli da, hamar enpresa estatubatuarri zigorrak ezartzeko, ustez Taiwani armak saltzen dizkiotelako, «Txina horren erabat kontra egon arren, herrialde honen subiranotasun nazionala, segurtasuna eta garapen interesak larriki zapalduz».
BURTSETAN ERAGINA
Europako burtsetan ere islatu da gatazka komertzialaren gogortze hau. Astearte goizean %1 inguruko beheraldiak hasi ziren.
Txinan, berriz, ez zuten berdin erantzun denek. Alde kontinentalean, Shanghaiko eta Shenzhengo burtsa nagusiek irabaziak izan zituzten. Goizean galerekin hasi ziren, baina eguerdiko atsedenalditik aitzinera buelta eman zioten, eta eguna %0,22ko eta %0,28ko igoerekin bukatu zuten, hurrenez hurren, Pekinek Trumpi egindako kontraerasoa zehaztu ondotik.
Hong Kong, ordea, jaitsi egin zen Txinaren eta AEBen arteko muga zergen azken kolpeen ondorioz. Hango merkatuko erreferentzia den adierazlea, Hang Seng, %1,43ko jaitsierarekin hasi zen; ez zen gai izan burua altxatzeko eta, egunaren amaierarako zertxobait errekuperatu bazuen ere, %0,28ko galerarekin itxi zuen.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
