Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
ESTO NO ES HOLLYWOOD

Zinemarekiko maitasuna lau haizeetara

Ibarretxe anaiei buruzko dokumental bat egitea ez zen lan makala; izan ere, horien filmografia eta lana errepasatuz gero, bertatik atera daitekeen irudi, elkarrizketa eta materiala itzela da, mugagabea. Hori guztia sailkatu, forma eman eta gidoira eramatea nekeza izan dela eztabaidaezina da; sortzaileek 80 minutuan bikainki kondentsatu dute anaia karismatiko eta dibertigarrion izpiritua eta arima.

Gidoian zer jarri eta zer ez garrantzitsua izanagatik ere, honako ezaugarriak dituen lan batean muntaketa lan txukuna ere nahitaezkoa da. Bada, horretan ere itzel aritu da Ainara Lopez, M. Eunate muntatzailea, erritmo bizi eta oso arina gailentzen baita ikustaldi osoan zehar; ikuserraza da oso. Istorio gehienen moduan honek ere bazituen argi-ilunak, baina oso tonu orekatua erabili dute; lorpenak erakusten dira, baina baita porrotak ere.

Artxibo irudiak erabiltzeaz gain, zenbait pertsona ere elkarrizketatu dituzte. Gozamena da zinema munduarekin loturiko pasadizo eta bitxikeria horiek guztiak entzutea; finantzaketa arazoak, Oscar sarietako uneak, “Sabotage!” film gatazkatsuaren gorabeherak, “Las memorias de Karbo Vantas” eta abar. Bereziki hunkigarriak eta dibertigarriak dira familian grabatu dituzten irudi intimistak, eremu oso pertsonalean murgiltzen gaituztenak; hori zen azken finean anaia hauek egiten zutenaren oinarria, ofizio eta afizio zena familiakoekin egitea.

Anai hauek zinemarekiko sentitzen zuten pasioa eta maitasuna ikus-entzunezko honen bitartez ezin hobeto ailegatzen zaio ikusleari. Horren arrazoia topatzea erraza da oso: Jone Ibarretxek eta Nere Falaganek, Javi, Josemi eta Estebanek egiten zuten moduan, errespetuz, sentiberatasunez, goxotasunez eta kariñoz busti dute “Esto no es Hollywood” dokumental hunkigarria.