GARA
DONOSTIA

111 Akademiak fintzazio arazoen eraginez «kinka larrian» dela iragarri du

2024ko 111 Akademia sarirako bost hautagaien izenak ezagutarazi dituzte: Joxean Agirre, Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Unai Elorriaga eta Beñat Sarasolaren iazko liburuak dira. «Finantzaketa arazo larriak» dituela-eta, desagertzear dagoela iragarri du 111 Akademiak. Sariduna iragarritakoan hartuko dute azken erabakia.

Jon Unanue akademiaburua eta Joxean Agirre, aurtengo sarirako hautagaietako bat.
Jon Unanue akademiaburua eta Joxean Agirre, aurtengo sarirako hautagaietako bat. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskal literaturazaleen 111 Akademiak aurrera egiteko «zailtasun handiak» dituela iragarri zuen atzo, 2024ko sarirako bost hautagaien izenak ezagutarazteaz batera. Azaldu zuenez, iazko urrian 18 urtez eragilea izan den teknikariak Akademiako bere lan eta ardurak utzi egin zituen «lan baldintza duin eta txukunagoko lanpostua» hartzeko, eta «zailtasun handiak» izaten ari dira ordezkoa topatzeko.

Horrez gainera, bere lan egitaraua gauzatu eta burutu ahal izateko finantzaketa arazo berriak izaten ari dela ere azaldu zuten. Jon Unanue akademiaburuaren hitzetan, «28 urteren ostean ez dugu lortu euskal literaturari eta irakurzaletasunari bideraturiko egitasmo honek erakundeen aldetik behar besteko babesik jasotzea». Adierazi zuen azken urteetan 111 Akademiaren lan egitaraua aurrera ateratzeko zortzi dirulaguntza ezberdin kudeatu behar izan dituztela, «zortzi!, eta horrek lan izugarria eman dio teknikariari, beste eginkizun batzuk guztiz eragotziz».

«Oraintxe bertan -gaineratu zuen Unanuek-, azken hiru urteetan jasotako bi dirulaguntzekin 2025ean arazoak eduki ditzakegula esan digute... Ezinezkoa da horrela lan egitea, eta ezinezkoa, 28 urtez eutsi diogun ahalegin handi honi jarraia ematea», deitoratu zuen.

Kontuak hala, aurten, uda aurretik, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak erabaki egin beharko du 111 Akademiarekin aurrera egingo duen edo, «2024. urteko saria banatutakoan, amaitutzat emango duen bere ekimena», esan zuen. «Bien bitartean, akademiakideei ahalegin berezia eskatu diete, 2024. urteko saria erabakitzeko bidean ohi bezala parte har dezaten», ohartarazi zuen.

SARIRAKO HAUTAGAIAK

111 Akademiaren egoeraren berri emateaz batera, 2024ko sarirako bost hautagaien izenak ere eman zituzten. Lehen bozketa txandan, 218 akademiakideek 2024an argitara emandako literatura lanen uztan «gogokoen» gertatu zaienaren aldeko botoa eman dute. Ez da obrarik gailendu botoen %40tik gorakoarekin, eta, beraz, botorik gehiena jaso duten bost obrak hautatu dira bigarren bozketa txandara igarotzeko. Botorik gehiena jaso dutenak Joxean Agirreren “Gizon barregarriak”, Uxue Alberdiren “Hetero”, Miren Amurizaren “Pleibak”, Unai Elorriagaren “Francesco Pasqualeren bosgarren arima” eta Beñat Sarasolaren “Coca-Cola bat zurekin” dira.

Bigarren bozketa txanda abiatu dute. Lanen batek lortuko balu emandako botoen arteko %40a gainditzea, automatikoki hari emango litzaioke saria. Bestela, hirugarren bozketa txanda zabalduko litzateke gehien bozkaturiko bi obrekin.

111 Akademiak aurreikusten duenaren arabera, 2024ko Akademiaren Saria maiatzaren azken egunetan ezagutzera emango luke -hiru bozketa txandak egingo balira-, eta irabazleak saria eskuratzeko ekitaldia ekainaren 5ean izan liteke, ostegunarekin.