GARA
IRUÑEA

Nafarroako Gobernuak Larrialdien foru legea defendatuko du

Nafarroako mendiko suhiltzaileak.
Nafarroako mendiko suhiltzaileak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Gobernua Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztuko da Larrialdiei buruzko foru legearen aplikazioa defendatzeko, Espainiako Gobernuak Estatu espainolaren eskumenak urratzen dituela iritzita errekurritu baitu. Konstituzio Auzitegiak martxoaren erdialdean onartu zuen errefusatzea, eta Nafarroako Gobernuak atzo egindako bilkuran onartu zuen Konstituzionalera modu formalean aurkeztea.

Errekurritutako legeak artikulu bakarra du, eta 2024ko maiatzean onartu zen, suhiltzaileen gidari laguntzaileek eta peoi laguntzaileek erretiro aurreratua hartzeko aukera izan zezaten eskatzen zen, suhiltzaileen baldintza berak dituztela iritzita. Legea kontrako botorik gabe onartu zen Nafarroako Parlamentuan, baina UPN eta PP abstenitu egin ziren legea onartzeko prozedurarekin ados ez zeudela adierazteko.

Gobernu espainolaren ustez, aldiz, Iruñean onartutako arauak Gizarte Segurantzaren kudeaketaren eskumena urratzen du, eta adierazi zuen eskumen hori Estatu espainolari dagokiola esklusiboki.

Neurriak D mailako 150 pertsona ingururi eragiten die, eta udako eta neguko baso-suteak itzaltzeko kanpainetarako kontratatzen dira horietako gehienak.

SUHILTZAILEEN BALDINTZA BERAK

Nafarroako Gobernuak egokitzat jo zuen lege aldaketa hori, argudiatuz gidari laguntzaileek eta suhiltzailearen peoi laguntzaileek «baso-suteetan zuzenean eta zeharka» parte hartzen dutela, goi aginteen zuzendaritzapean. Eta, ondorioz, suhiltzaileen postua betetzen duten profesionalek jasaten duten suarekiko arrisku eta esposizio maila bera dutela azaldu zuten. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuak uste du onartutako legea bat datorrela konstituzionaltasunaren marjinekin.

Nafarroako legeen aurkako konstituzio kontrakotasun errekurtsoa ohikoa izan da azken urteetan hainbat arlotan, autogobernuaren mugak agerian utziz.