Euskaldunen hizkuntz eskubideen urraketak, «betikotzeko bidean»
Urteroko txostena kaleratu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak; hain zuzen, euskaldunen hizkuntz eskubideen inguruko kexa, zoriontze eta, oro har, testigantzak jasotzen eta aztertzen dituena. Bertan jasotako datuek azaleratu dute urraketak mantendu egin direla.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2024ko Hizkuntza Eskubideen Egoera aztertzen duen txostena plazaratu du. Bertan, iaz Euskal Herrian jazo ziren hizkuntza eskubideekin loturiko gertakariak jaso dituzte. Ondorioztatu dute egoerak okerrera nabarmen egin ez badu ere, urraketa asko betikotzeko bidean direla. 2024an guztira 1.206 intzidentzia jaso zituzten.
Egoera arloka aztertuta ondorioztatu dute desberdintasunak daudela administrazio batetik bestera. Horrela, espainiar Estatuaren administrazioan, azaleratu dute joera izan dela ofizialtasun bikoitza ez errespetatzea. Halaber, jakinarazi dute kexa gehien justiziaren administrazioak eta espainiar Estatuko Gobernuak kudeatutako enpresa publikoek jaso dituztela, aurreko urteetan bezala.
Ildo beretik, frantziar Estatuko administrazioek «euskararen aitortza ezari» eusten diotela ondorioztatu dute txostenean. «Nolabaiteko aitortza kulturala» eman zaiola onartu badute ere, hezkuntzan euskarazko irakaskuntzak oraindik dituen oztopo nagusiak «aitortza ukazio» horren adierazgarri direla deritzo Behatokiak. Horrek izan ditzakeen ondorioen inguruan honako aurreikuspena egiten du erakundeak: «Aitortza eta baliagarritasuna duen hizkuntza bakarra frantsesak izaten jarraitzen duen artean, gutxiagotutako hizkuntzetako herritarren ukazio sistematikoa egiten jarraitzen da».
Euskal Hirigune Elkargoaren, Lakuako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren kasuan ere aurreko urteetako egoerak gainditu gabe segitzen dutela nabarmendu du Behatokiak. Euskaraz zerbitzuak jaso, euskaraz kontsumitu, euskaraz ikasi eta orokorrean euskaraz bizitzeko bermeak eta «ez-betetzeen» aurrean neurriak hartzea falta direla erakusten dute Behatokira helarazitako mezuek.
Behatokiak azpimarratu du erakunde horiek badauzkatela egoera iraultzeko eskumenak, nahi izanez gero. Hori dela eta, «hizkuntza politika egoki bat garatzeko beharra» ikusten du. Izan ere, baieztatu du «ohikoa» dela behin eta berriz zerbitzuak euskaraz eskatzen ibili beharra, eta oztopoak aurkitzea.
EZAGUTZA, BERME GISA
Egoera honentzako konponbidea ere proposatu du Behatokiak: «Euskara erabiltzea bermatu ahal izateko, beharrezkoa da eskubide horren beste aldean dagoenak euskararen ezagutza izango duela bermatzea». Izan ere, erakundeak uste du erdibideko neurriek urraketa eta hutsuneen kronifikazioa dakartela.
Toki entitateetan ere, hainbatek herritarrei euskaraz bizitzeko aukera bermatzeko ahaleginak egiten dituzten arren, beste hainbatetan hizkuntza eskubideak integratu gabe jarraitzen dutela jasotzen du txostenak. Halaber, beste administrazio batzuetan hartzen diren erabakiek, edo judizializazioaren bidez eragindakoek, eragina dute toki entitateetan.
Oro har, espazio publikoan osasungintza, segurtasuna edo zaintzari lotutako zerbitzuetan euskaraz jardun ahal izateak herritarren kezka nagusietako bat izaten jarraitzen duela azaleratu du txostenak, eta herri eta hirietako paisaia linguistikoaren arloan ere oraindik egiteko daudenak «adierazgarritzat» jo ditu Behatokiak, esaterako, Nafarroako Gobernuaren kasuan.
Hezkuntzari dagokionez, batik bat Ipar Euskal Herrian zein Nafarroan euskararen irakaskuntza hedatzeko oztopoek bere horretan jarraitzen dutela ondorioztatu dute. Halaber, Euskal Herri osoan Lanbide Heziketa bezalako alorretan eskaintza ezak edo unibertsitateetako eskaintza mugatuak herritarren kexa eta protestak jaso dituela jakinarazi du. Kezka berezia sortzen omen du hezkuntzako eskaintza merkatu parametroen arabera mugatzeak.
AURREKO URTEETAKOAK ERREPIKATU
Txostenaren aurkezpenean izan ziren atzo Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta erakundeko teknikari Garbiñe Petriati. Gaubekaren aburuz, iazko hizkuntza eskubideen egoera «aurreko urteetako hutsuneen isla» da. Izan ere, jaso dituzten testigantzek administrazio eta agintari publikoak jarri dituzte jomugan, adierazita araudiak eta lege babesak euskaldunen hizkuntza eskubideak ez bermatzeko baliatzen dituztela.
Behatokiko zuzendariaren ustetan, zenbait urraketa mota betikotzeko saiakerak gertatzen ari dira: «Herritarrak gaztelera eta frantsesa erabiltzera bultzatzen eta euskarazko arreta ez emateko trikimailu legalak legitimatzen jarraitzen dute erakundeek».
Petriatik azaldu zituen txostenean jasotako datuak eta gogora ekarri zuen batu dituzten kasuak errealitatearen lagin txiki bat besterik ez direla, eta egunerokoan herritarrek salatu gabe gelditzen diren urraketak zenbaezinak direla. Txostena eskuragarri dago Behatokiaren webgunean.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
