Abiaduraz eta argitasunez irabazita, Peio Etxeberriak osatuko du koadroa
Zenoztarrak 13-22 irabazi zuen Erik Jakaren aurka Tolosako partida erabakigarria, Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkara sarbidea ematen zuena. Modu honetan txapelketa nagusiko koadroa osatu da. Laso, Artola eta Elordi izango ditu aurkariak.

«Eskuinarekin gehien gozatu dudan partida izan da. Jokinekin [Altuna] lanean ibili naiz, eta harro nago». Peio Etxeberriarenak dira hitzok, Buruz Buruko kale edo baleko partida irabazi berritan esandakoak, ETBko kameren aurrean. Zenoztarrak partida betea osatu zuen atzo Beotibarren, Jaka 13-22 mendean hartu eta final laurdenetako ligaxkara sailkatu zen. B multzoan jokatuko du, Laso, Artola eta Elordirekin batera, eta bere lehen aurkaria iazko txapeldunordea izango da: «Sari bat bezala hartzen dut. Ederra da txapelketa hau jokatzea, hilabete batean hemen sartuta egotea, hiru onenen aurka jokatzea. Saiatuko naiz ahalik hobekien prestatzen».
Aipatu saria ongi merezia izan zuen nafarrak, Erik Jaka baino gehiago izan baitzen, oro har, baina batez ere partidaren lehenbiziko zatian. Sake zitalarekin eta eskuinarekin asko gozatuz, 0-2ko aurreneko abantaila lortu zuen, ondoren 1-5era handitua.
Tanto gogorxeagoak behartu zituen gipuzkoarrak, baina aukera izan zuenean ez zuen asmatu, Etxeberriak defentsa ona ere erakutsi baitzuen. «Dena sartzen du eskuan», adierazi zuen Baikokoak, frustrazioz beteta.
Sakez, sake-errestoan, zabalean, txokoan... aurkaria dantzan erabili zuen, abantaila handitzen zuen bitartean. Pilotakada bakoitza ongi pentsatua zuen nafarrak, zentzu osoz jokatu zuen eta, horri esker, tartea handitzen joan zen.
1-8ko markagailuarekin, Jakaren tanto bakarra, zenoztarrak zabalean kanpora botatakoa izan zen. Atera kontuak.
Egin zuen bigarren akats bat Etxeberriak, 2-8koan, baina abagune txikiena ere ezin probestuta ibili zen Lizartzakoa. Lehen zati horretan «lau sake alde izan ditut, eta ez naiz gai izan bi tanto jarraian egiteko», onartu zuen Jakak, Etxeberria nagusi izan zela kirol legez onartuta: «Partida oso ona egin du. Nik ez dut sekula horrela gozatzen ikusi. Egin duen lana goraipatzekoa iruditzen zait».
INTELIGENTZIAZ
Hamar tantoko aldea ere izan du Etxeberriak, partidaren kolorea erabat urdinduz. 4-14koan, hamaika egindako pilatuta zituen Aspekoak. Hala eta guztiz ere, Jakak izaten ditu nolabaiteko oldarralditxoak. 6-14an, lehen aldiz, bi tanto jarraian kateatu zituen, eta horrek konfiantza hauspotu zion. Bost tantoraino murriztu zituen aldeak -erdira, alegia-, baina bukatu ondoko hausnarketan onartu zuen «akaso jada beranduegi» iritsi zela erreakzioa.
Partida gehiegi konplikatu aurretik, argi eta bizi jokatuz, Etxeberriak garaipena itxi zuen. Inteligentziaz jokatu zuen, aurkariari akatsak eraginda, partida serioa osatuta. Egin zuen defentsako lana ere sekulakoa izan zen, Jakak berak ere behartu baitzuen horretara. «Berak asmatu egin du eta nik ez», izan zen Lizartzakoak egindako irakurketa.
«Triste eta haserre» bukatu zuen, eta kolpe honetatik altxatzeko lan egingo duela adierazi. Kirolaria izaki, «gazi eta gozoak» bizitzea egokitzen zaiela jakitun da Jaka. Azkenaldian gazitik gehiago egokitu arren, filosofiaz darama porrota. «Hemendik kanpora hankak lurrean mantentzen dizkiguten gauzak daude eta, beraz, animoak helarazi nahi dizkiot Ezkurdiari», esan zuen Baikoko aurrelariak.
EGUTEGIA
Joseba Ezkurdiaren aita hil zen, Arbizukoak Binakako txapelketa irabazi biharamunean eta, kolpetik errekuperatzeko astirik gabe, ostiralean Buruz Buruko kanporaketa jokatu behar izan zuen. Larrazabal gailendu zitzaion, 21-22. Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak atzo onartu zuen ez zegoela abagunerik partida hura atzeratzeko. «Gertatzen dena da aurretik dena antolatuta dagoela aspalditik. Badakit gogorra dela, baina txapelketa honekin egutegiaren erabaki hori hartu da», azaldu zuen Errandoneak.
Hain zuzen, final zortzirenetako kanporaketetan aurrera egin duen Baikoko pilotari bakarra da Larrazabal. Gainontzeko hiru norgehiagoketan Aspekoak gailendu dira: Elordi, Dario eta Etxeberria.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
