Euskal Herrian Euskarazko kideen epaiketa gaitzetsi dute Baionan
Lapurdiko hiriburuan 1.500 pertsona bildu ziren atzo «Justizia euskararentzat» lelodun manifestazioan. Baionako Auzitegian euskararen aldeko aldarriak margotzeagatik epaituko dituzten EHEko kideei babesa eman nahi izan zieten. Ostiral honetan izanen da epaiketa.

Iragan abenduaren 3an euskararen aldeko pintada batzuk egiteagatik epaituko dituzte ostiral honetan Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko bi kide, Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga. Hori salatzeko, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Baionan. “Justizia euskararentzat. Justizia euskaldunontzat” leloa zeraman manifestazioa Auzitegian hasi zen, pintadak egin zituzten lekuan hain zuzen ere, eta udaletxeraino joan zen.
1.500 bat lagun bildu ziren. Tartean, ezagun anitz: Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia, Peio Dufau EH Baiko diputatua, Pantxoa Bimboire EAJko Ipar Buru Batzarreko lehendakaria, Kike Amonarriz soziolinguista, Josu Aztiria EH Bilduko Gasteizko legebiltzarkidea edota Maddi Ane Txoperena bertsolaria.
Mobilizazioan irakurketa bat egin zuten antolatzaileek, non 2024ko Korrikaren amaiera gogora ekarri zuten. «Gogoan al duzue? -esan zuten- Denbora tarte honetan, ez diogu sua elikatzeari utzi. Hain justu, datorren ostiralean, Baionako auzitegian epaituko gaituzte, sua indartzeagatik».
«Euskararen Nazioarteko Egunean ekintza hori burutu genuen, besteak beste, bi konstituzio arrotzen pean bizi dugun zapalkuntza eta injustizia salatzeko; epaitegietatik datorkigun oldarraldiari ekintza zuzenez erantzuteko; eta euskararen biziraupenerako ezinbestekoa dugun Euskararen Errepublika aldarrikatzeko. Horrez gain, nazioarteari hizkuntzen aniztasunak munduaren edertasuna egiten duela adierazteko, eta, batez ere, euskara egoera kezkagarrian dagoela ohartarazteko», justifikatu zuten abenduaren 3an egindako ekintza.
Euskarari trabak jartzen dizkiotenen aurrean, elkarrekin antolatzeko deia egin zuten: «Hala, indarrak biderkatu eta sistema zapaltzaile hau arrailduko dugu, desio dugun Euskal Herri aske eta zapalkuntzarik gabea eraikitzeko».
EPAIKETARI BEGIRA
«Argi da jauzi bat egin behar dugula euskaltzale guztiok euskararen alde», adierazi zuen epaitua izango den bi pertsonetako batek, Gorka Torrek. «Euskararen problematika herri oso baten problematika dela erakutsi behar dugu».
Euskal Herrian Euskarazek epaiketaren egunean eta tokian jarri zuen hurrengo hitzordua: ostiralean Baionako Auzitegiaren aitzinean izanen da elkarretaratzea, saioa hasi aurretik, 13.45ean.
Hain zuzen ere, egindako pintadekin eskatu zutena «Justizia euskararentzat» izan zen, «euskarari eman diezaioten zor zaion errespetua eta guk Euskal Herrian euskaraz bizi osoa normaltasun osoz egin ahal izateko».
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
