GARA
DONOSTIA

Teresa del Valle Murga antropologo feminista hil da, 88 urterekin

Euskal Herriko antropologia feministaren aitzindariak izan ziren ikertzaileen artean ezinbesteko izena da Teresa del Valle Murga. Donostian jaio zen 1937an eta atzo hil zen, 88 urte bete berritan. “Mujer vasca. Imagen y realidad” liburuaren idazleetako bat izan zen.

Teresa del Valle, 2018an, Eusko Ikaskuntzaren Saria jaso ostean.
Teresa del Valle, 2018an, Eusko Ikaskuntzaren Saria jaso ostean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Teresa del Valle Murga antropologo, irakasle eta ikertzaile donostiarra zendu zen atzo. Euskal antropologia feministaren aitzindaritzat hartzen dira haren idazlanak. Mugarria izan zen “Mujer vasca. Imagen y realidad” liburuaren idazketan ere parte hartu zuen. Antropologoak Mikronesia eta Euskal Herria izan zituen ikergai nagusiak. Irakaskuntza eta ikerketa uztartu izan zituen espazioa eta denborarekin zerikusia duten gaiak lantzen, hala nola jabetza eta ahaidetasunari buruzkoak, etnizitatea eta errituak, sozializazio berrien eragina harreman eta egitura paritarioetan. Emakumeen eta gizonen botereari buruzko teorizazioan ere jardun zuen. Besteak beste, arestian aipaturiko liburuko lanarekin Del Vallek Euskal Herriko emakumeei aitortu ohi zitzaien botere «matriarkatuaren» mitoa desegin zuen, hain zuzen ere «kostaldeko, landa eremuko eta hirietako emakumeei hitza emanez». 2010ean Emakunderen Berdintasun Saria jaso zuen, eta 2018an Eusko Ikaskuntzarena.