Gipuzkoak 36ko Gerrako ehun boluntario internazionalista ahanzturatik aterako ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1936an Gipuzkoara iritsitako lehen boluntarioei buruzko ikerketa-liburu bat argitaratuko du 2026an, gerra hasi zenetik 90 urtera. Aurretik, dei egin diete herritarrei pasarte ezezagun horri buruzko informazioa eman dezaten. Aitor Azurki kazetariak eta Aitzol Arroyo historialariak idatziko dute lana.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1936an Gipuzkoara iritsitako boluntario internazionalisten bizitzari eta heriotzari buruzko lan aitzindaria argitaratuko du 2026an, gerra hura hasi zenetik 90 urtera. Ion Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak nabarmendu zuenez, ikerketak helburu argia du: «Gure historia berreskuratzea demokraziaren eta giza eskubideen ikuspegitik».
Liburu berezi horretan, historiako pasarte guztiz ezezagun bat berreskuratu nahi dute: faxismoari aurre egiteko gutxienez dozena erdi herrialdetako ehundik gora boluntario internazionalisten etorrera, eta horien borroka eta eragina. Adibidez, pasarte esanguratsu bat da, orain arte ahaztuta egon dena, Irungo kontzentrazio-esparruan 500 atzerritar baino gehiago gatibu hartu zituztenekoa.
HERRITARREN PARTE HARTZEA
Ikerketa honetan, herritarrek parte hartzea funtsezkoa izango da, historia horrela eraikitzen dela uste baitute. Hala, Foru Aldundiak informazioa emateko deialdia egin du. Harremanetarako posta bat (internazionalistak@gmail.com) eta telefono bat (665724752) utzi zituen.
Dagoeneko Aitor Azurki kazetariak eta Aitzol Arroyo historialariak «informazio asko eta baliotsua» lortu dute. Azurkik azpimarratu zuenez, «gizarte gisa aspaldi egin behar zen betebehar bat da hau: pertsona hauen oroimena berreskuratzea, guztia borondatez utzi baitzuten, faxismoaren aurkako borrokarekin bat egiteko».
Arroyok gaineratu zuenez, «eskuin muturraren gorakadarekin gertatzen ari den bezala, duela ia 90 urte ere Gipuzkoako kolpisten gorakadarekin, ehunka antifaxista etorri ziren. Gure lurraldera lehenago etorri ziren atzerriko boluntarioak, Kataluniara edo Madrilera baino; baita Nazioarteko Brigada ospetsuak sortu baino lehenago ere», esan zuen.
Bere esanetan, boluntario horiek lotura estua sortu zuten elkarren artean eta lokarri hori ez da hautsi. «Jarama edo Belchiteri buruz hitz egiten dugun moduan, hemendik aurrera Irun, Donostia, Eibar edo Elgetaz ere hitz egin beharko dugu», proposatu zuen.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
