«L’Histoire de Souleymane», Giza Eskubideen Saria
Boris Lojkineren “L’Histoire de Souleymane” filmak jaso du Publikoaren Saria Giza Eskubideen 22. Zinemaldian.

Boris Lojkinek zuzendutako ‘‘L’Histoire de Souleymane’’ (Estatu frantsesa, 2024) filmak lortu zuen Film Luze Onenaren Publikoaren Saria, atzo amaituriko Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldian. Filmak hainbat sari jaso ditu aurretik ere Cannesko zinema jaialdian, eta zenbait Cesar sari ere eskuratua da. Protagonistaren rola Abou Sangare antzezle ez profesionalak jokatzen du, eta filma hein batean bere bizipenetan oinarrituta dago: drama soziala eta migrazioaren ataka uztartzen ditu lanak eta, Parisko kaleak bere bizikletarekin zeharkatuz janaria banatzen aritzen den Souleymanen istorioa kontatzen du. Egun gutxi barru asilo eskaera egiteko elkarrizketa egingo diote, baina bera ez da prest sentitzen.
Bestetik, Luciana Kaplan-en ‘‘Tratado de invisibilidad’’-ek (Mexiko, 2024) jaso zuen Film Luze Onenaren Amnesty International Saria. Epaimahaiaren iritziz, «filmak agerian uzten du, zorroztasun estetikoarekin eta maila zinematografiko handiarekin, emakume horien esplotazioa eta egoera horrek eragiten duen eskubide-urraketa».
Ione Ituarte kultur ekitaldien ekoizleak, Kristina Zorita kazetari eta zinemagileak, eta Miguel Angel Ramos, Javier Maura eta Itziar Zeberio Amnesty Internationaleko ordezkariek osatutako epaimahaiak aipamen berezia ‘‘Waves’’ (Vlny, 2024) filmari eman zion, Txekiar Errepublikako eta Eslovakiako koprodukzio honek «Pragako Udaberrian adierazpen askatasunaren aldeko borrokari heldu diolako, gaur egun ere mehatxupean dagoen eskubideari, alegia». Bestalde, Ali Reza Shah Hosseiniren ‘‘Black Scarf’’ (Iran, 2024) lanak Film Labur Onenaren Gazte Epaimahaiaren Saria irabazi zuen, eta Iñaki Alforja eta Iban Toledoren ‘‘16060 egun’’ (2024) filmak, berriz, Euskal Film Labur Onenaren EITB Saria, aurten lehen aldiz banatu dena. Azkenik, itxiera galan jaso zuen Giza Eskubideen Saria Helena Taberna zinemagileak.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
