«Hiru asteren buruan jarriko dut dortsala, uste baino lehenago»
Paris-Nizako bigarren etapan erori eta lepauztaia hautsi ondoren, atzera errepidean entrenatzen hasia da 28 urteko txirrindulari tolosarra. Kontuak hala, gauzak bide horretatik badoaz, uste baino lehenago jantziko du ostera ere dortsala, eta hilaren 27an Turkiako Itzulian parte hartu ahal izango du Caja Rural taldeko kideak.

Paris-Nizan erorikoa izan eta gelditu beharra izan zenuen, baina aurrez Saudi Arabian AlUla Tourrean ibili zinen; Portugal aldean, Figueira klasikoan eta Algarven ere ibili zara. Zer moduz joan da denboraldia erorikoa izan aurretik?
Ez da erraza izaten ari. Egia esan, nahiko aldrebesa suertatzen ari da. Ia lasterketa bakoitzean pasa zait zerbait (irribarrez). Saudi Arabiara ustez forma txukunean iritsi nintzen denboraldia hasteko, eta hor hirugarren etapan eroriko bat izan nuen. Eroriko dezentekoa izan zen eta zaurietako bat gaiztotu egin zitzaidalako antibiotikoekin-eta ibili behar izan nuen. Beraz, ez nuen oso ondo bukatu itzuli hori.
Ustez errekuperatu nintzen Portugalerako, Figueira klasikoa eta Algarve egiteko. Baina Algarven birusen bat harrapatu nuen edo zerbait izan nuen, gaixorik amaitu bainuen. Gero, gainera, dezente kosta zitzaidan errekuperatzea. Egun pare bateko kontua izango zela uste nuen, baina ez. Algarveren ondoren... gaizki ez nengoen, baina... ba! Ondo ere ez eta aste eta piko egon nintzen osatzen.
Paris-Niza ia segidan etorri zen, eta bigarren etapan erori nintzen. Egia esan, niretzat denboraldi hasiera zaila izaten ari da.
Halakoetan, ustez prestaketa ondo eraman eta gero, esandako guztia eginda eta aurreikusitako guztia eginda baina errepidean bateko eroriko eta besteko birusaren erruz errendimendua nahi bezalakoa ez denean, buelta asko ematen zaizkio buruari?
Bai. Batez ere, birus horrekin kosta zitzaidan. Azkenean, eroriko bat duzunean badakizu zein den arrazoia, baina Algarve nahiko eskas amaitu nuen eta hurrengo astean pare bat egunean ondo egotea espero nuen, baina entrenamenduetan nabaritzen nuen ez nengoela ondo. Egunerokoan gaizki ere ez nengoen; ez nengoen gaixo, baina ondo ere ez entrenatzen, eta une horietan, ez dakizunean ondo zein den arrazoia... psikologikoki nik uste horiek direla momenturik gogorrenak.
Paris-Nizan erori nintzenean, segituan konturatu nintzen lepauztaia hautsi nuela. Halakoetan badakizunez ezin duzula ezer ere egin, hori askoz errazagoa izan zen. ‘Deskantsatu eta itzuliko gara’, diozu. Baina zer den ez dakizunean eta hor zabiltzanean eta oso ondo ez dakizunean atseden hartu edo ez, gehiago entrenatu edo ez... horiek dira momenturik gogorrenak buruarentzat.
Paris-Nizako bigarren etapan izan zenuen erorikoa, helmugatik igarotako aldi batean. Errepidea estutu egin zen eta tropel handia pasatuta, han ikusi zintugun eserita, txirrindulariek lepauztaian min hartzen duzuenean ohiko duzuen keinua eginez. Ebakuntza eginda errepidera ateratzen hasita, nola doa errekuperazioa?
Ondo. Egia da Paris inguruan izan genuela erorikoa eta etxera etorri arte ezin izan genuela ebakuntza egin eta erorikotik ebakuntzara arte egun batzuk pasa zirela. Baina behin operatuta, dena behar bezala joan da. Medikuek esandakoa errespetatu dut eta lauzpabost egunera hasi nintzen arrabolean eta kalera bi aste eta erdiren buruan atera naiz.
Ziklistak halakoetan begiz jota izango du dortsala noiz jantzi. Itzulera hori aurreikusita duzu?
Bai, eta espero baino lehen gainera! (Irribarrez) Dena ondo badoa, Turkian izango naiz, hilaren 27an. Operatu eta astebetera deitu zidan Aritz Bagües zuzendariak. Itzulia ezetz, Brabanzona ere nire egutegian egon arren ez nintzela horra iritsiko, baina ea Turkiarako nire burua prest ikusten ote nuen galdetu zidan. Nahiko berde iritsiko naizela esan nion, baina entrenamendu gisa har nezala esan zidan, gehienbat aurrerago datozen helburuak prestatzeko eta konfiantza hartzeko.
Asko kostatzen da halakoetan egutegia berregituratzea?
Gure kasuan, denboraldi hasieratik ekainerainoko egutegi bat egiten da, baina beti daude aldaketak: erorikoak direla, gaixotasunak direla... Baina taldea prest dago horretarako eta dagozkion aldaketak egiten ditu, besterik gabe.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
