Aita Marik beste 125 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan
Aita Mari itsasontziak 125 pertsona erreskatatu zituen atzo Mediterraneoan. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen ontziak azken egunetan egindako bigarren erreskatea da. Astelehenean 108 pertsona lehorreratu ziren Salernon.

Aita Mari itsasontziak beste 125 pertsona erreskatatu zituen atzo Mediterraneoan. 19 adingabe dira, eta haietatik 16 laguntzarik gabe daude. Adingabeen artean, bi nerabek 12 urte baino gutxiago dituzte. Gainera, erreskatatutako pertsonen artean bi emakume haurdun daude. Eritrea, Etiopia, Pakistan, Sudan, Egipto, Togo, Nigeria, Ginea Konakry, Kamerun, Beni, Ghana eta Nigertik datoz.
Itsas Salbamendu Humanitarioak ohar batean azaldu zuen, apirilaren 9an, lau egun lehenago erreskatatutako 108 pertsonak Salernon lehorreratu ondoren, Aita Marik berriro misioari ekin ziola Mediterraneo erdialdean. Atzo goizaldean Alarm Phoneren alertak berriz mobilizatu zuen ontzi humanitarioa, hondoa hautsita zuen gomazko ontzi bati laguntza eskaintzeko. 84 pertsona arriskuan ziren, ura ontzian sartzen ari zelako.
«Agintariei bi orduz alferrik abisatu ondoren, Aita Marik gomazko ontzia aurkitu zuen, aurretik Frontex-eko hegazkin batek gainetik hegan eginda. Erreskate operazioan 45 pertsona zeramatzan egurrezko bigarren ontzi bat agertu zen inguruan. Bigarren txalupa horretako 41 pertsona Aita Marira transferitu bitartean, gainerako laurek motorrei eragin eta alde egin zuten», adierazi zuen gobernuz kanpoko erakundeak.
Azaldu zuenez, Italiako agintariek Cataniako portua esleitu dute lehorreratzeko, gaur arratsaldean. Hala ere, baldintza meteorologikoak ikusita, itsas bidaia zaila aurreikusi zuen ontzian direnentzat. «Pertsona horiek dagoeneko nekea eta estresa dituzte, hondoratzeko berehalako arriskua duen ontzi batean gaua igaro ondoren», nabarmendu zuen.
INDARKERIA
Aurreko larunbat goizean, Aita Mari beste gomazko ontzi bat bilatzen ari zen bitartean, Libiako kostazainen patruila bat, 648 zenbakiarekin identifikatua, abiadura handian hurbildu zen itsasontzira. «Libiako tripulazioko kideek arma automatiko batekin Aita Marirantz apuntatu zuten eta ‘Go home!’ oihukatu zuten».
«Handik minutu gutxiren buruan, Aita Mariko tripulazioak gomazko txalupa baten interbentzioa ikusi zuen. Ziurrenik, ontzian dauden pertsonak Libiako atxiloketa zentroetan sartuko dituzte, haien eskubideak eta osotasun fisikoa babesteko bermerik gabe, zentro horietatik bizirik atera direnek sistematikoki salatzen duten bezala», ohartarazi zuen Itsas Salbamendu Humanitarioak.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
