Bertol Arrietak «Diesel jendea» bildu du zazpi kontakizunetan
Bertol Arrietak (1975, Zarautz) ipuin liburu berria aurkeztu zuen Alberdania argitaletxearekin atzo goizean, “Diesel” izenekoa. Zazpi narrazio ezberdinek osatzen dute liburua, baina aurkezpenean ipuin bakoitzak izan ditzakeen loturen inguruan hausnartu zuten idazleak berak eta Aritz Galarraga editoreak.

Lehen begiradan elkarren antzik ez duten zazpi ipuinek osatzen dute Bertol Arrietaren hirugarren ipuin liburua, “Diesel”. Atzo aurkeztu zuen Alberdania argitaletxearekin plazaratu berri duen liburua. Idazlearen hitzetan, egun ona zen astelehena narrazio bilduma hau aurkezteko: «Pertsonaia guztiek bizitzari astelehena balitz bezala begiratzen diote». Bizitzarekiko eszeptizismo puntu bat erakusten duten gizabanakoak dira ipuinetako pertsonaiak Aritz Galarraga editorearen esanetan, «ipuin txinpartatsuak». Izatez elkarrekin loturarik ez duten narrazioen arteko konexioak azaldu zituen editoreak aurkezpenean.
Lehen konexioa: pertsonaiak. «Jende arrunta da, aspirazio handirik gabea, heroikeria handirik gabeko pertsonak, nahiz eta helbururen bat duten denek», adierazi zuen. Eta hortik «diesel jendearen» kontzeptua ere, «reprise handirik gabekoa, baina etengabe aurrera egiten duena».
Arrieta idazlea bat dator editorearekin. Bere ustez, pertsonaiak ezberdinak diren arren, denak daude 40 eta 50 urte bitartean, «beren bizitzaren biniloaren B aldea entzuten ari dira», eta horrek eragina du haien bizitzetan zein harremanetan. «Pertsonaien arteko harremanak arrakalaz beteta daude, sexu harremanak inperfektuak dira, eta etorkizunari begi ertzetik begiratzen diote, batzuetan malenkoniaz, besteetan sarkasmoz», kontatu zuen.
Bigarren konexioa: gaiak. «Bizitza bera eta bizitzaren ezintasuna», horixe Galarragaren hitzetan ipuin liburuko erdigunea; eta Arrietak, aldiz, «dekadentziaren argazki» gisa definitu zuen. Errutinari aurrera egiteko grinarik gabe dabilen idazle blokeatua, haurren urtebetetze ospakizunak kondena zaizkion aita etsia, laurogeitaka urteko pintore baten misterioa deskubritu nahi duen kazetari prekarioa…
Idazleak azaldu zuen «giza arimaren gutxien gustatzen zaizkigun gauzak» agertzen direla, eta saiatu dela «inperfekzioaren edertasuna» agertzen. Bakardadea, errua, mina, harremanak, lagunak, suizidioa… beste hainbaten artean horiek zerrendatu zituen, baina hala ere «kutsu bitalista» bat baduela zehaztu zuen: «Ipuin asko irribarre batekin irakurtzen dira. Umorea dezente erabili dut».
DACIAK ETA UMOREA
Hirugarren konexioa: kontaera. «Ferrari asko ez dugu aurkituko liburuaren kontaeran, Daciaren bat bai. Baina irakurleetako zenbatek gidatzen du Ferrari bat?», galdegin zuen Galarraga editoreak. Eta gehitu zuen, bere iritziz, «su artifizialik» gabeko idazkera dela Arrietarena, eta «azpi korronte indartsuek» mugitzen dutela.
Idazteko unean «bulkadei» jarraitu diela aitortu zuen Arrietak: «Tonu edota xehetasunen bat hartu dut abiapuntu gisa askotan, eta pentsatu gabe idazten jarraitu dut». Aurkezpenak aurrera egin ahala, laugarren konexioa bururatu zitzaion Galarragari: begirada. «Ipuinek zure begirada filtratzen dute, Bertol. Irribarrea ateratzen duten narrazioak dira». Nola heldu umoreari? «Norbere buruari barre egiteko bulkadatik».

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
