Tokiko gunea: bertako ekoizpenak, igande honetako Herri Urratsen menuan

Herri Urratsek zapore berezia utziko duen berrikuntza bat ekarriko du aurten. Igandean, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta erraldoiaren karietara, tokiko mozkinekin eginiko janari azkarra dastatzen ahalko da Tokiko gunean.
2025eko Herri Urratserako atzerako kontua abian delarik, Senpereko aintziran bertan hitzordua eman zuten atzo jaiaren antolatzaileek. Izan ere, Xiberoa gunean txertaturik, tokiko mozkinekin eginiko janari azkarra dastatzeko parada izanen da Tokiko izena hartuko duen zerbitzuari esker. “Kazeta” egunkariak jaso zuen bertako berri.
Euskaltzaleen tripak betetzen lagunduko duten laborariak ondoan izan zituzten Herri Urratseko lagunek aurkezpenean, haien etxaldeetan ekoitzitako mozkinez osaturiko janari azkarra banatuko baita Tokiko gunean.
«Ekoizpen biologikoaren kalitatea bermatzen duten Ipar Euskal Herriko etxaldeekin eskuz esku lan egitea», hori izan da Herri Urratsen gune berria sortzera eraman duen xede nagusia. Tokiko gunean laborantza biologikoaren arabera zein Idoki zigilu pean ekoitziriko mozkinak atzemanen dituzte euskaltzaleek.
Idoki eta Biharko Lurra elkarteen bidez iaz eginiko deialdiari 15 bat etxaldek erantzun zioten, eta igande honetan, lehen aldikoz, haien mozkinak eramanen dituzte Herri Urratsen menura.
Hainbat formularen artean hautua egin ahalko dute herritarrek: gasna eta txerrikien platera, burger hotz zein beroak, behi edo ahuntz esnearekin zein fruituekin eginiko izozkiak, ardoak, sagar jusak, infusioak... Baigorriko ikastolak kudeatuko duen Tokiko gunean eskaintza anitza bezain zaporetsua eskura ukanen dute Senperen izanen diren milaka lagunek.
JAIA BAINO GEHIAGO
Herri Urrats jaia baino gehiago da: premiak bultzatuta sortutako ekimen kolektiboa. Hasieran Kattalin Elizalde kolegioaren handitze lanak finantzatzeko antolatua bazen ere, Arberoako ikastolan izandako suteak bigarren helburu bat gehitu dio festari. «Ez da ausaz egindako festa, beharrak bultzatutako festa da», nabarmendu zuen Koldo Rodriguez Herri Urratseko kideak NAIZ Irratiarekin elkarrizketan. Aurtengo Herri Urratsek bi norabide ekonomiko izanen ditu, beraz: Kattalin Elizalde kolegioko lanak eta Arberoako ikastola berreraikitzea. Guztia eguraldiaren mende antolatu arren, argi dute ezin dituela baldintzatu: «Herri Urrats ekonomikoki arnasa da».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
