Iraitz MATEO
DONOSTIA
TORTURA

Egiari Zor Fundazioa: «Sorzabalen kasuaren epaia historikoa da»

Egiari Zor Fundazioak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eta Iratxe Sorzabalen abokatu Aiert Larrartek agerraldia egin zuten atzo goizean. Auzitegia Nazionalak ostegun honetan onartu zuen Sorzabal torturatua izan zela, eta absoluzioa eskatu zuen. Epaiaren balorazioa egin eta hurrengo urratsen berri eman zuten.

Pilar Garaialde, Iratxe Urizar, Aiert Larrarte eta Ainara Esteran,  Donostian eginiko agerraldian.
Pilar Garaialde, Iratxe Urizar, Aiert Larrarte eta Ainara Esteran, Donostian eginiko agerraldian. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

«Tortura existitzen da. Iratxe Sorzabal torturatua izan zen». Baieztapen argi horrekin bat egin zuten Egiari Zor Fundazioak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak atzo goizean egindako prentsaurrekoan. Izan ere, orain arte bi erakunde hauek tortura existitzen zela eta Iratxe Sorzabal torturatua izan zela bazekiten arren, joan den osteguneko epaiketan Auzitegi Nazionalak Sorzabal absolbitu zuen eta Guardia Zibilaren eskuetan torturatua izan zela aitortu zuen. Bi erakundeek «historikotzat» jo zuten epaiaren aitortza, froga berberak aurkeztu arren, Auzitegi Nazionalak beste hiru epaiketetan ez baitu horrelakorik ebatzi.

Aiert Larralde, Sorzabalen abokatua, ere agerraldian izan zen, eta egoera judizialari lotutako xehetasunak eman zituen. Adierazi zuen, «ate bat ireki» den arren, gaur-gaurkoz epai horrek ez dakarrela «ondorio automatikorik». Hala ere, lanean jarraituko dutela aurreratu zuen, justizia egin dadin.

Pilar Garaialdek eta Ainara Esteranek Egiari Zor Fundazioaren izenean hitza hartu zuten, nabarmeduz epaia «historikoa» dela bere «edukiarengatik eta irmotasunarengatik». 2001ean Guardia Zibilak Sorzabali eragindako torturak frogatutzat eman direla gaineratu zuten. Aipatu zuten epaiak agerian utzi duela Sorzabalen aurkako tortura delitu bat egin izana, «Giza Eskubideen urraketa larria dena». Eta, aldi berean, agerian utzi ditu «salaketa ikertzeko eginbeharrari jaramonik egin ez dion sistema judizial baten zuloak».

«Frogatuta geratu da inkomunikazio erregimeneko atxiloketak, tortura praktikatzeko beharrezko baliabidea dela», esan zuten irmoki, eta gogoratu Sorzabalek «logika matxista eta heteropatriakalei lotutako indarkeria sexuala» ere jasan izan zuela; alde batera utzi ezin den gaia, Fundazioko kideen ustetan.

Balorazioa egin ondoren, erakundeetan jarri zuen arreta Egiari Zor Fundazioak. Erakundeen aldetik «ahobatezko erantzun irmoa» espero dutela gaineratu zuten, eta «horrelako gertakariak ez naturalizatzeko» deia egin zieten. Izan ere, ohartarazi zuten Giza Eskubideetan hezteko beharrari, indarkeria tresna politiko gisa deslegitimatzeko pedagogia egiteko beharrari eta abarri buruzko diskurtsoak «edukirik gabe» geratzen ari direla, «gertakari hain larrien aurrean gure agintariek eta ordezkariek isiltasuna aukeratzen dutenean, hain zuzen ere».

Sorzabalek, beste milaka torturatutako pertsonek bezala, jasandako giza eskubideen urraketa larria aitortua eta erreparatua izateko eskubidea duela aldarrikatu zuten Garaialdek eta Esteranek. Eta EAEko aitorpen legera eskabideak bideratzeko epe berri bat irekitzea premiazkotzat jo zuten: «Premiazkoa da, orobat, lege hori aldatzea, haren denbora esparrua zabaltzeko, eta, hala, 1999tik aurrera torturatuak izan zirenei lege babesa emateko». Horri lotuta, agintariek «neurriak» hartuko dituztela espero dutela esan zuten, epe berria irekiko balitz Sorzabalek eta beste hainbatek jasandako torturak salatu ahal izango dituztelako.

GEBEHATOKIA GUARDIA ZIBILA SALATZEKO BIDEAN

Iratxe Urizar mintzatu zen Euskal Herriko GEBehatokiaren izenean: «Iratxe Sorzabalen kasuarekin, bide guztietatik ezkutatu nahi izan duten errealitatearen gainean egia inposatzen da. Tortura estatu praktika sistematiko bat izan dela, kondenak eusteko tresna ezinbestekoa, espetxe zigor larriak ezartzeko bidea».

Tortura existitzen dela onartu ostean, torturatzaileak nortzuk izan diren, nortzuk izan diren elektrodoak aplikatu ziotenak, nortzuk sexualki eraso egin eta hilko zutela mehatxatu zutenak galdegin zuen Urizarrek ahoz gora: «Non daude? Nor dira?». Larrarte abokatuak, bere hitzartzean, Urizarri erantzunez azaldu zuen identifikatuta eta jasota daudela Sorzabal atxilotu eta torturatu zuten Guardia Zibilen zenbaki profesionalak.

GEBehatokiak baieztatu zuen Sorzabalen atxiloketa, galdeketa eta torturan parte hartu zuten Guardia Zibilen aurka salaketa eraginkorrak nola ezarri aztertzen dabiltzala, eta aukera ezberdinak baloratzea amaitutakoan urrats hori egingo dutela. Argitu zuten, gertaerak 2001ekoak badira ere, Auzitegi Nazionalaren jardueraren oinarrian egon direnez, preskripzio epeekin apurtu beharko luketela, «gainera, egitate hauek epaigarriak izan beharko lukete, nazioarte mailan duten larritasunarengatik».

«Onartezina» da GEBehatokiarentzat Estatu espainolak azken epai honen aurrean «ez erreakzionatzea» eta entzungor jarraitzea: «Onartezina da, Sorzabalen aurkako torturak epaitegi penal baten aldetik egiaztatuak izan direnean, inpunitate edo zigorgabetasunaren estalkia zabaltzea eta zigor arloko epaitegien aldetik ikerketa sakonik ez zabaltzea. Ez litzateke ulergarria izango».

Espainiako epaitegiek erreakzionatu ezean, GEBehatokiak nazioarteko bideari ekingo diola adierazi zuen Urizarrek atzoko agerraldian: «Sorzabalek jasandako oinazeak egia eta justizia osoa izan arte, aukera guztiak agortzeko prest gaude, tartean, noski, akusazioa ireki eta, hala behar bada, egileen zigortzea bilatzeko».

FROGA BERAK, EMAITZA EZBERDINAK

Larrarte abokatuak gogoratu zuen Sorzabalek Auzitegi Nazionalean hiru epaiketa izan dituela azken hilabeteetan, eta hiruretan froga berberak aurkeztu arren, epai ezberdinekin topo egin dutela. Lehenengo epaian kondenatu egin zuten; ez zela torturatua izan ondorioztatu zuen epaileak, eta, abokatuek helegiteak jarri arren, ez ziren onartu. Gehitu zuen epai horren harira Estrasburgora jotzeko asmoa zutela, eta halaxe egingo dutela hurrengo asteetan.

Bigarren epaiketa absolutorioa izan zela azaldu zuen, baina ez zela torturaren aipamenik egin. Eta ostegun honetan ebatzitakoan, berriz, orain arte euskal herritarrek bazekitena eta «agerikoa zena» izan zen ondorioa, Aiert Larrarteren hitzetan: «Iratxe Guardia Zibilaren eskuetan torturatua izan zela».

Horrelako sententzia bat erabakitzen den lehenengo aldia dela nabarmendu nahi izan zuen abokatuak eta bereziki eskertu zuen Benito Morentinen txosten forentsea. Auzitegi Nazionalak Poliziaren tratu txarrak onartzea «milaka pertsonen lanari esker» izan dela adierazi zuen. Gaur-gaurkoz, ordea, ez omen du «ondorio automatikorik» Sorzabalen kasuan. Nolanahi ere, ondorioak izan ditzan lanean jarraituko dutela zehaztu zuen.

«Auzitegi Nazionala ez da bloke homogeneo bat, eta zerbait puntuala izan dela uste dut», esan zuen, aldaketa zer dela eta gertatu den galdetutakoan. Ez du uste «modu orokorrean» Poliziak eragindako tortura onartzen hasiko direnik epaileak, baina «ate bat ireki» dela baieztatu zuen. «Fernando Andreu epailea urteetan instrukzio epailea izan da, hainbat eta hainbat torturatu igaroko ziren bere aurretik, baina egia da Guardia Zibilak ez zizkiola kasuak Andreuri ematen, Guardia Zibilak nahiago zuen beste epaile batzuekin lan egin», azaldu zuen.

Honekin batera, Sorzabalen aurka dagoen euroaginduaren inguruko pare bat datu argitu zituen. Estatu frantsesak azalpenak eskatu dizkio Estatu espainolari tortura kasuen harira, eta abokatuak adierazi zuen iruditzen zaiola azken epai honek eragina izango duela; «ez dakigu onerako edo txarrerako», onartu zuen. Izan ere, bere iritziz, Estatu frantsesak «badaki zer gertatu den», eta epaileak kasuaren inguruko informazio gehiago eskatu zuen. Tartean absoluzioaren epaia ere bidaliko diotela adierazi zuen Larrartek. «Pentsatzen dut honek euroagindua gelditu beharko lukeela, baina agian kontrakoa gertatuko da, ‘Espainian gauzak ondo egiten ari dira, eta euroagindua emango dut Espainiak ebatzi dezan torturapean emandako adierazpenetan oinarritutako deklarazioa dela’ esan dezake Frantziak. Beraz, ez dakigu», aitortu zuen abokatuak.



ADIERAZPENAK

«Salaketak ikertzeko eginbeharrari jaramonik egin ez dion sistema judizial baten zuloak agerian daude»

PILAR GARAIALDE

Egiari Zor Fundazioa

«Espainiako epaitegiek erreakzionatzen ez badute, nazioarteko bideari ekingo dio GEBehatokiak»

IRATXE URIZAR

EHko GEBehatokia

«Auzitegi Nazionala ez da bloke homogeneo bat, eta zerbait puntuala izan daitekeela uste dut»

AIERT LARRARTE

Abokatua

«Erakundeen ahobatezko erantzun irmoa espero dugu, horrelako gertakariak ez naturalizatzeko»

AINARA ESTERAN

Egiari Zor Fundazioa