Akordioarekin hezkuntzaren kalitatea hobetuko dela esan du Pedrosak
Ostiral gauean hezkuntza publikoan eskuratutako akordioa «historikoa» dela berretsi zuen atzo Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuak, eta batez ere kalitatea hobetzeko osagaiei erreparatu zien: irakasleen formakuntzari, mentoretzei eta ratio jaitsierari, besteak beste. Akordioaren «argi-ilunak» nabarmendu ditu Steilas sindikatuak.

«Oso gustura» ageri zen atzo Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburua, bederatzi greba egunen ostean asteburuaren atarian sindikatuekin lortutako akordioagatik. Lehenengo balorazioan egin zuen bezala, «historikoa» dela berretsi zuen Euskadi Irratian, batez ere «eskola erdigunean jarrita lortu delako; emaitzak eta ikasleak, hau da inportantea».
«Kalitatea hobetzeko» saiakera nabarmendu zuen, eta arlo honetan onartu zuen sindikatuek bide hori lehenetsi dutela azkenean. Izan ere, negoziazioaren fase erabakigarri honen aurretik soldata altuagoa besterik ez zutela nahi leporatu zien.
Euskara arloan planteatzen den «mentoretza» sistemari garrantzi handia eman zion Pedrosak eta, oro har, irakasleen formakuntzari. Izan ere, ikastetxeetan egungo egoera asko aldatu dela aipatu zuen, kanpotik «etorri berri den ikasle asko dugulako. Izugarri igo da».
Ikasle hauek sare publiko eta pribatuaren artean era orekatuan banatzen ari ote diren galdetuta, «saiatzen ari gara», erantzun zuen Begoña Pedrosak. «Sare publikoan %60an gaude eta pribatuan %40an, eta hau oso datu ona da».
Adostutako ratio jaitsiera ere kalitatea hobetzeko norabidean jarri zuen Pedrosak, «irakasleak ikasle bakoitzari denbora gehiago» eskaintzea ahalbidetuko duelako.
Akordioa sinatu duten sindikatuek aipatu dutenez, neurriok Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 800 irakasle gehiago izatea ekarriko dute. Pedrosari kopuru hori baieztatzeko eskatu zitzaionean, ordea, zenbat izango diren ez dakiela esan zuen. ELAk emandako ezetza ez zuen baloratu nahi izan Pedrosak; «agian beste marko batean kokatzen da, kalitatearen hobekuntzatik aparte», aipatu zuen bakarrik. Eta larritasuna kendu zion negoziazioa luzatu izanari, «akordio hauek lortzeko prozesuak luzeak izaten direlako eta eztabaidak sendoak izan direlako».
STEILASEN BALORAZIOA
Steilas sindikatuak ere -lehen indarra- akordioa ondo hartu du. «Irakasleek erakutsitako borrokarako gaitasunari esker eta negoziazio luze eta gogor baten ondoren, sindikatuen %80tik gorako babesa duen akordioa lortu dugu», goraipatu du. Jakitun da akordioak «bere argi-ilunak» dituela, baina argi ikusten du baldintzak «modu esanguratsuan» hobetzen dituela. Aldi berean, Euskal Eskola Publikoari «bere erreferentzialtasuna itzultzen» diola uste du.
Steilasen borroka ez da, ordea, hemen amaitzen. Esan duenez, jarraituko dute Euskal Eskola Publikoaren beste hainbat erronkari eta arazori konponbideak bilatzen; hala nola matrikulazioan eragiten eta eskola-segregazioa salatzen eta berau saihesteko proposamenak egiten, «aukera berdintasuna, euskalduntzea eta kohesio soziala bermatuko duen hezkuntza sistema lortzeko Hezkuntza Sistema Publiko bakarra ezinbestekoa baita».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
