Peli LEKUONA
DONOSTIA
Entrevue
Beñat Uribetxeberria eta Mikel Mundiñano
Sare Herritarreko kideak

«Zenbait herrik badute presorik gabeko herria izateko beharra»

Sare Herritarrak «Puzzlea osatu arte» ekimena gauzatuko du asteburu honetan. Lesakan hasi eta Iruñean amaituko dute, eta bien bitartean 29 herritan antolatuko dituzte tokiko ekintzak. Plataformako kide Beñat Uribetxeberria eta Mikel Mundiñano atzo Naiz irratian izan ziren, jardunaldi hauen gaineko xehetasunak azaltzeko.

(Aitor KARASATORRE | FOKU)

Guztira, 58 dira egun zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoak; 29 herritakoak dira preso horiek. Asteburu honetan 29 herriok lotuko ditu Sare Herritarrak, “Puzzlea osatu arte” ekimenaren barruan. Lesakan hasi eta Iruñean bukatuko den ekimenaren nondik norakoak eta euskal presoen egoera izan zituzten hizpide Beñat Uribetxeberria eta Mikel Mundiñano Sareko kideek, Naiz Irratian.

«Presorik gabeko herriak» bihurtzea du helburu Sarek. Izan ere, «herri asko dira urte luzez, batzuk frankismoaren garaitik, presoak izan dituztenak», azaldu zuen Uribetxeberriak. «Eta herri batzuei orain gutxi iritsi zaie presorik gabeko egunerokotasuna», gehitu zuen.

Hori da Sarek maiatzaren 17 eta 18an ekimena gauzatzeko zergatia. Herri horietan egingo dituzte tokian tokiko ekimenak, eta Sarek «indarra eta aldarriaren fokua» herri horietan jarriko du asteburuan, Uribetxeberriak azaldu zuenez: «Euskal Herri guztiak, eta konkretuki, oraindik herri batzuek badutela presorik gabeko herri izateko beharra aldarrikatuko dugu».

«Datorren urtean 15 urte beteko dira ETAk bere jarduera utzi zuenetik, eta oraindik Euskal Herrian horrenbeste min eragin duen gatazka baten ondorioak bizitzen ari gara», adierazi zuen Uribetxebarriak. Hortaz, ondorio horien guztien konponbidea aldarrikatuko du Sarek. «Ez soilik euskal presoei dagozkienak, iheslari eta deportatuen auziaren amaierari dagozkienak ere bai», gehitu zuen.

Euskal presoak hizpide, Uribetxebarriak azaldu zuen 58 direla erregimen itxian zigorrak betetzen ari direnak. «Euskal presoen %100ek betetzen dituzte baldintzak zigorrak erregimen irekian betetzeko, lege arrunta aplikatuz gero», salatu zuen. Beraz, «egoera horrek sufrimendua luzatzen du».

Espetxeen auziko azken faseari heltzeko hausnarketa egin zuen Sarek bere X. batzarrean, martxoan. Uribetxeberriak «borondatean» dagoela gakoa aipatu zuen: «Lege arrunta eta espetxe politikak gauzatzeko borondate politikoa behar da. Hori baita gatazkari amaiera eman diezaiokeena, eta bide hori amaieraraino jorratu nahi dugu».

SAKANAKO ETXERA EGUNA
Etxarri Aranatzen duela pare bat aste Sakanako Etxera Eguna ospatu zuten, eta Sare Herritarreko kide Iker Mundiñanok aitortu zuen «indarrak eta aldarrikapenak» egun horren prestakuntzan jarri bazituzten ere astebururako «ekimen xumea» prestatu dutela.

Izan ere, gogora ekarri zuenez, Etxarri Aranatzen azken 50 urteetan ez dute presorik gabeko hilabeterik ia ezagutu. «Azken mende erdian 35 herritarrek ezagutu dute kartzela», gehitu zuen. Halaber, 1993an, espetxe politika «bidegabeak» Pello Mariñelarena Imatz erail zuela gogorarazi zuen.

«Gurea bezalako herri txiki batean eragin handia izan du espetxe politikak», esan zuen Mundiñanok. Dena den, egoera hobetu dela ere nabarmendu zuen, gaur egun herrian lau preso dituztela gogoratuz. Hala, Mundiñanok hau azpimarratu zuen: «Urrats garrantzitsuak egin diren arren, preso, iheslari eta deportaturik gabeko herri izatera heltzeko badugu oraindik herri zeregina».

IRATXE SORZABAL

Bestalde, Iratxe Sorzabal presoa absolbitu izana, torturatu egin zutela onartuta, positibotzat jo du Sare Herritarrak.

Ildo horretan, Uribetxeberriak azaldu zuen «beti» biktimen errekonozimenduaren alde lan egin dutela. Gainera, Harrera elkartearen lana ere goraipatu zuen Uribetxeberriak. «Lana ez da amaitzen presoa ateratzen denean, presoaren akonpainamendua ere ezinbestekoa da», nabarmendu zuen.