XOLE ARAMENDI ALKORTA
Entrevue
Ziomara Hormaetxe
Dantzaria eta koreografoa

«Zaurgarritasun guztiak erakustea da politena: beldurrak, intseguritateak...»

Dantza garaikidea eta teknologia kuantikoa uztartzen dituen mugimenduzko obra performatiboa aurkeztuko du Ziomara Hormaetxek ostegun honetan Bilboko Alondegian: “Lâticce”. Europako ACuTe egitasmoaren testuinguruan ondu du lana, Alondegiarekin koprodukzioan. Kultur zentroak gaur eta bihar hartuko du nazioarteko sinposioa.

(BILBOKO ALONDEGIA)

«Obra bat sortzean, beti hasten naiz kontzeptua zehaztetik eta dramaturgia osatzetik. Oso inportantea da gauzak argi izatea: horrela ez bada, lanak collage itxura har dezake. Denak oreka izan behar du, eta jarraitutasuna. Zailena azken hau da, niretzat erronka izan ohi da. Izan ere, gorputzaren mugimendua, musika, eszenografia, teknologia... dena horri lotuta doa», azaldu du Ziomara Hormaetxe dantzari eta koreografoak ikuskizunaren sorburuaz.

Inspirazio iturriak askotarikoak dira: «Irakurri, filmak eta erakusketak ikusi... denetarik egiten dut kontzeptu batzuen gaineko hausnarketa egiteko unean».

Proiektu honetan dramaturgia kasik oharkabean sortu zuten. «Gura barik, oso modu naturalean sortu zen». Deigarria da teknologia kuantikoaren alorrera jo izana, lan berria sortzerakoan. Nondik nora otu zitzaion jakin nahi dugu. «Beatriz de Paz eta biok gara eszenan dantzatzen. Biak desberdinak gara, eta elkar ondo osatzen dugu. Fisika kuantikoko printzipio bati tiraka hasi ginen. Izaera bikoitzari buruz hitz egiten du, uhina eta partikula. Nik uhina lasaia, likidoa, ondulatua eta suabea bezala ikusten dut. Hori Bea da. Ni partikula nintzateke, askoz estresatuagoa, mugituagoa. Aldi berean sentitzen dut bi izaerak nigan ere badaudela. Horretaz ere hitz egiten dut lan honetan», kontatu du.

Hortik mekanika kuantikotik datorren fenomeno bat etorri zen: Lâticce. «Espazioaz dugun pertzepzioa hutsa da, ikusezina balitz bezala. Baina badakigu unibertsoaren egituraren barruan puntu ezberdinak daudela. Eta horietako bakoitzak emozionalitate bat, grabetate bat, dimentsio bat.. gordetzen du. Puntu bakoitzak bere informazioa dauka. Puntu bat aldatuz gero, eragina dauka bestearengan; beraz, euren arteko konexioa super inportantea da. Puntu guztien informazioa da Lâticce», azaldu du Hormaetxek. Konexio-deskonexio gaiari jarri dio arreta: «Gaur egun ematen du oso konektatuta gaudela sare sozialen bidez, baina era berean sentitzen dut oso deskonektatuta gaudela».

BARNE KONEXIOA, URRUN

Hormaetxeak bere egoera pertsonala baliatzen du bere sorkuntzetan. «Momentu honetan sentitzen dut nirekiko konexioa gero eta urrunago daukadala. Nire inguruan zarata asko nabaritzen dut. Kanpoko puntu horiei -informazio kopurua, berehalakotasuna...- lotuta nago eta, aldiz, gero eta zailagoa egiten zait nire barne bidaiara heltzea».

Kontzeptu teorikoak lurreratzen saiatzen da gernikarra, «gizatiarragora» ekartzen. Egiatik egiten. «Modu horretan kontzeptuarekin hobeto konektatu naiteke, eta publikoarekin ere bai», dio. «Zelan konektatzen duzu ikuslearekin?, galdetzen didate. Zaurgarritasun guztiak erakustea da politena: nire beldurrak, nire intseguritateak... denok ditugun emozio horiek. Zaurgarritasuna ez dugu erakutsi nahi izaten, baina niretzat alderantzizkoa da, boteretsua da, oso», adierazi du.

Proiektuan zuzendari laguntzaile izan du Fabian Thome. «Ni zuzentzen eta dantzatzen era berean, hori katastrofea izango litzateke, seguru», esan du, zalantzarik gabe. Koreografia sortzen erelagundu dio, eta hain beharrezkoa den kanpoko begirada eskaini. Jesus Jauregik sortu du diseinu eszenografikoa. Musika, berriz, Miguel Marin Pavonen ardura izan da.

Teknologiari dagokionez, Interactive Media Artist-ekin aritu da. «Nire helburua ez zen efektismora jotzea. Ia denean erabili dugu teknologia, eta ia zoratu naiz zelan egin erabakitzerakoan. Batasun itxura eman nien elementu guztiei, eta oso zaila da. Horretarako beharrezkoa da hasierako kontzeptuari ondo lotzea, edo ez joatea alderdi estetikora bakarrik», azaldu du.

Plastiko gainean proiektatu ditu irudiak. «Lehenengo aldia da. Lortu nahi nuen arintasuna, likidotasuna... plastikoaren bidez lortu dut», esan du.