Benito Lertxundi omendu dute Musika Bulegoa Sarietan
Guztira 11 sari banatu zituzten Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egin zen ekitaldian eta Euskal Herriko Musika Bulegoaren ohorezko saria oholtzatik erretiroa hartu berri duen oriotarrak lortu du.

Sariak ematea ez da gauza erraza izaten eta, are gutxiago, deialdi ireki batean parte hartzeko aukera ematen duen ekimena bada. Izan ere, horrela hasten dira Musika Bulegoa Sariak, Euskal Herriko Musika Bulegoak antolatzen dituenak. Iaz, 2024an, Euskal Herrian ekoitzitako abesti, disko, zuzeneko, partitura… orori ematen dio saria eskuratzeko proposamen gisara aurkezteko aukera Euskal Herriko Musika Bulegoak eta, hala, aurtengo ediziorako 190 proposamen jaso dira.
Guztira hamaika sari banatu zituzten bart egindako 14. edizioko ekitaldian eta horietatik zortzi epaimahaiko kideek aukeratu behar izan dituzte, balorazio fase luze baten ostean eta denen artean adostuta. Gauzak horrela, zortzi sari horiek lortu dituzten artistak honakoak dira: Arineketan, Bloñ, Eneritz Furyak, Gorka Urbizu, Libe, Olatz Salvador, Soinuak Haizean eta Verde Prato.
BALORAZIOA
Arineketan Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaranek osatzen dute eta, epaimahaiak hala esanda, saria eskuratzeko arrazoiak izan dira «tradizioa nola berritzen duten, batetik, eta zein jenderekin elkartu diren eta nolako emaitzak lortu dituzten abestiz abesti, bestetik». Bloñ proiektua ‘‘Bañolet’’ filmerako sortuta izan zen eta atzetik diskoa eta zuzenekoa etorri dira, Paxkal Irigoyen eta Maia Iribarne buru dituztelarik. «Proposamen berezia da oso, kalitatezkoa eta, gainera, Ipar Euskal Herritik datorrena. Arauritik atera eta eskema erakargarriekin sortutako proposamena, testu iradokitzaileak dituena», adierazi du epaimahaiak.
Eneritz Furyak irundarrak buelta bat eman dio bere musikari eta, hala, ‘‘hhh’’ lanak balorazio ona eskuratu eta saria eraman du. Epaimahaiaren aburuz, «folk mundu esperimentalago batetik elektronikara erabat salto egin du Eneritzek, eta nola gainera. Zuzenekoari begira lanketa handia nabari zaio diskoari, dena bakarrik defendatzen duelako, eta abangoardian koka dezakegu lortu duena». MIN saria eskuratu berritan etorri zaio hau ere esku artera Gorka Urbizuri eta hau esan du ‘‘Hasiera bat’’ lanari buruz balorazio taldeak: «Bere konposizioen goxotasunagatik, melodia sinpleetatik, letra hunkigarrietatik eta moldaketa eta ekoizpen bikainetatik sortuak. Nortasun handiko diskoa, poesiaz eta edertasunez betea».
Libe Kortazarren ‘‘Azal ezten’’ lanak «proposamenaren kalitateagatik eta originaltasunagatik» eskuratu du garaikurra. «Atmosfera pertsonalak sortzea lortzen du, ahotsa protagonista dela», epaimahaikideen ustetan, eta, Olatz Salvadorrek, berriz, «proiektuaren kalitateagatik, musika-ekoizpenagatik, letrei esker, eta diskoaren kontzeptuagatik. Era berean, oso azpimarragarria da arriskuaren eta zintzotasunaren arteko nahasketa». Ibilbide polita egiten ari da ‘‘Zainak eman’’ lanarekin Salvador.
Azken biak Soinuak Haizean proiektuak «musika klasikoa haurren artean zabaltzeagatik» izan dira eta Verde Pratorena «proposamenaren nortasunagatik, basatia eta delikatua aldi berean, abangoardia eta tradizioa nahastuz modu paregabe eta original batean egiteagatik». Irabazleek 2.000na euro eta Fernando Mikelarenak egindako garaikur bana eskuratu du.
OHOREZKO SARIA LERTXUNDIRI
Euskal Herriko Musika Bulegoko zuzendaritza-batzordeak urtero ohorezko sari berezia ematen du eta aurten Benito Lertxundiri ematea erabaki dute, arrazoi hauek direla eta: «Benito Lertxundi euskal kantagintzaren aitzindarietako bat da. Bere ibilbide luzeak eragin handia izan du euskal kultura eta hizkuntzaren transmisioan. Bere herri-musikaren eta letra poetikoen bidez, hainbat belaunaldiren ahotsa eta bihotza bihurtu da. Bere diskografia oparoak eta konpromiso artistikoak erreferente gisa sendotu dute Euskal Herrian eta euskal diasporan».
ETXEPARE INSTITUTUAREN SARIA, IZAROK
Garaikur eta diru-poltsa bera eskuratzeko aukera ematen duen saria da Etxepare Institutuak eskainitakoa baina honek «euskal musika mugaz kanpo, nazioartera, zabaltzeko egindako lana aitortu ohi du urtero». Bada, aurten, Izaro Andres musikariak jaso du errekonozimendu hori, «euskara eta euskal kultura espazio, lurralde eta publiko anitzetara eramateko egin duen lanagatik».
Bukatzeko, publikoaren saria Zabaldika laukoteak eskuratu du.

La Seguridad Nacional impulsa la «batalla del relato» en Euskal Herria

HERRI LIBRE BAT IZATEKO NAHIAK HARTU DU BILBO

«Cada decisión sobre la tortura abre una grieta y ese muro caerá»

Gaztetxo frankistak, lotsagabe
