Iraitz MATEO
DONOSTIA

Migratzaileen bizi-kokalekuen aurrean jarduteko protokoloa aurkeztu du LAB Donostiak

Donostiako LAB sindikatuak migratutako pertsonek Donostian sorturiko bizi-kokalekuen aurrean Udaltzaingoak, eta tartean Udalak, jarduteko protokolo bat aurkeztu zuen atzo.

Donostiako LABek atzo aurkeztu zuen Udalari proposatuko dion protokoloa.
Donostiako LABek atzo aurkeztu zuen Udalari proposatuko dion protokoloa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako LABek agerraldia egin zuen atzo goizean, “Migratutako pertsonen bizi-kokalekuen aurrean udaltzaingoak jarduteko protokoloa” aurkezteko. Proposamenak ikuspegi soziala eta poliziala kontuan hartzen ditu, «baliabide sozial gehiago dauden neurrian murriztu egingo dira poliziaren jardunak eskatzen dituen neurriak» gaineratuz. Bederatzi puntu jarri zituzten mahai gainean «oinarri gisara», eta migratzaileekin beraiekin elkartzea, eragile sozialekin protokoloa partekatzea eta Udaleko indar politikoekin biltzea dira hurrengo urratsak. Udalak egun duen «politika aldatzeko» asmoz gaia osoko bilkurara eramatea da helburua, «eztabaida publiko bat» egon dadin.

BEDERATZI IDEIA

Gizarteratzeko gizarte-aurrekontua handitzea, La Sirena aterpetxeko protokoloa baliogatzea eta Arartekoaren txostena gauzatzea, zeinean urte osoan aterpetxea irekitzeko proposamena jasotzen den; horiek eskatu zituzten. Horrez gain, «arrazoi objektiborik ez badago, ez da inor bizilekutik aterako», aldarrikatu zuten hirugarren puntuan. Laugarrenean, «iritziak, planteamendu politikoak, apaindurak edota behar bezala egiaztatua ez dagoen beste edozein inguruabar» arrazoi objektibotzat ez hartzea eskatzen dute.

Poliziaren arloan, berriz, jasotzen dute ezingo dela bizilekurik hustu aurrez jakinarazi gabe, gutxienez hiru eguneko aurrerapenarekin, eta hurrengo bost egunetarako bizileku-aukera eskaintzea dagokiola Udalari. Kaleratzea «inolako administrazio-zehapenekin» ez lotzeko eskatu zuen, eta hurrengo puntua: «Edozein polizia-operazio lotuko zaio ustezko delitu-jarduera indibidualari, presuntzio hori ez da inola ere kolektibizatuko». Amaitzeko, udaltzainentzako prestakuntza-lanak egitea eskatu zioten Udalari.