Elkar mugituz, pauso berrien bila doaz askotariko herriak
Abian da laugarren Euskaraldia, lehenengoz udaberrian. Atzo hasi zen hiriburu eta herrietan egindako ekitaldiekin, eta maiatzaren 25era arte iraunen du. «Elkar mugituz egingo dugu» leloak dioen bezala, herrietan sortutako mugimendua da ariketaren gakoa. Ipar Euskal Herriko eta Sestaoko mugimenduak bildu ditugu hemen.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko apustua dute Euskal Herri osoko ahobiziek eta belarriprestek 11 egun hauetan. Euskaraldiaren antolatzaileek ongi dakite arnasa luzeko ariketa dela, poliki-poliki lor daitekeen helburua, baina laugarren edizioa da hau eta aitzineko esperientzietan frogatu dute baliagarria dela. «Elkar mugituz egingo dugu», dei egin zuten atzo arratsaldean hiriburuetan zein herrietan egin ziren hasiera ekitaldietan.
Herrietako mugimendua azpimarratzen du leloak. Izan ere, batzordeak biltzea, ahobiziak eta belarriprestak trebatzea, entitateetan eragitea... Euskaraldiaren aurrelanketa hori ariketa bezain garrantzitsua da, Euskaraldia gainditzea eta dinamikak urte osora zabaltzea bilatzen delako. Sestaoko eta Ipar Euskal Herriko mugimenduak ezagutuko ditugu hurrengo lerroetan.
SESTAO, BIZIPOZA
Aner Sertutxa Sestaoko Euskaraldiko dinamizatzailearekin mintzatzea aski da herrian sortu den ilusioa sentitzeko. «Txapak amaitu zaizkigu, eta Bilbora noa bila. Oso ondo goaz», kontatu digu.
Arrakastaren arrazoiez galdetuta, «aurrekariak dira inportanteak», erran digu. «Aurreko edizioan Udalak ez zuen parte hartu, azken uneko gauza bat egin zen, eta emaitzak ez ziren onak izan. Aurten instituzioen eta herritarren arteko lankidetza lortu dugu, eta nabaritzen da. Gainera, entitateen babes handia dugu. Euskaraldian, egunero ekitaldi bat egingo dugu gutxienez».
Jendea «gogotsu» dago, horren isla da izen emate kopurua; 1.000ra heltzear ziren astelehenean. 2020an 800 partaide izan ziren eta 2022an, 625. «Arrakasta kualitatiboa ere bada», baloratu du batzordeko kideak, «sortu diren ekimen guztiekin -elkar topatzeko puntuak eta euskaldunak saretzeko ekimenak, besteak beste- eta giro politarekin ariketa ondo egingo dela bermatzen delako».
«Sestao ez da jendeak uste bezain erdalduna», argitu du. «Bai, gaztelania nagusi da, baina euskarak leku gero eta gehiago du. Sestaon eta Ezkerraldean biztanleriaren erdiak daki euskaraz. 100.000 biztanlek dakigu euskaraz Ezkerraldean. Leku gutxitan daude Euskal Herrian 100.000 euskaldun. Denak ahobizi eta belarriprest potentzialak dira; badugu non eragin».
«30 urtean, oso gutxi izatetik erdia izatera igaro gara euskaldunak. Sestaon guztiek ikasten dute euskaraz. Bi euskaltegi ere baditugu». Gaineratu duenez, ikasle horiek asko inplikatzen dira ekintzetan. «Beste jende bat, ordea, eroso dago, dena eginda dagoela uste du. Horiek ere xaxatu behar ditugu», adierazi du.
Akatsetatik ikasiz, egoerari buelta eman diotela eta bizipoza lortu dutela dio. «Batzordean, herrian, udaletxean, ikusten gaituztenean, jende guztia hurbiltzen zaigu galdezka: ‘Zenbat?’».
90etik gora entitatek izena emana zuten astelehenean, eta ehunera heltzea espero zuten. Izen emate bakoitza landu behar dute. «Komertzialak gara. Euskal Herriko periferia gisa ulertzen dugunean zailtasunak daude, baina lan gehiago egiten dugu, eta lan bikoitzak fruitua ematen du», azaldu du.
BELARRIPRESTEN GARRANTZIA
Sestaon, belarriprestak %45 dira, eta ahobiziak, %55. Aner Sertutxa bera belarripresta da. «Espresuki landu nahi izan dugu belarripresten izen ematea. Inportantea iruditzen zaigu belarriprestak egotea. Horiek dira aktibatzen zailenak, baina horiek dira hizkuntzara hurbildu behar ditugunak». Bera belarripresta da, jendeari azaltzeko belarriprest edo ahobizi aukeratzea ez dela ezagutza kontua, baizik eta jarrerarena. «Nik uste errealistagoa dela belarriprest rola hartzea, badakidalako ez dudala lortuko erabat hizkuntza joera horiek aldatzea. Zintzoa izango naiz, baina ehuneko ehunaren bila joango naiz».
Eta belarripresta da batez ere figura hori aldarrikatzeko: «Belarriprestak ahobiziak bezain inportanteak dira».
Hain daude motibatuta, hamaikakoa osatu ordez 22koa osatu baitute. Eta Euskaraldia bukatzen denean, jarraipena eman nahi diote abian duten lan eder honi. Asmoa da zerbait egonkorragoa sortzea Sestaon eta inguruan.
IPAR EUSKAL HERRIA, BABESA
Zilia Heredia-Irigoyen, Ipar Euskal Herriko Euskaraldiaren sustatzailea, aitortza batekin hasi da: «Konplikatua da Ipar Euskal Herrian Euskaraldia antolatzea. Inguru erdalduna da. Euskaldunak hor gara, bagara multzo bat, euskara ikasten dugu, haurrek gero eta gehiago, baina erabiltzeko aukerak oso gutxi dira. Euskaraldiak ahalbidetzen du urrats batzuk egitea, batez ere ausartzea. Zail egiten zaigu lehen hitzak euskaraz egitea, ez baitakigu nola hartuko duen aurrean daukagunak. Euskaraldiak babesgune bat ematen digu, badakigulako noiz, non eta norekin egiten ahal dugun euskaraz».
«Kontzientzia pizteko behar dugu, 11 egunetan euskaraz lasai aritzen ahal garela ikusteko. 12. egunetik hala jarraitzea da helburua, baina txaparekin identifikatu gabe. Entrenamendu bat bezalakoa da Euskaraldia».
Heredia-Irigoyenek bigarrenez antolatu du Euskaraldia, eta abiapuntu gisa hartu zuen aitzineko edizioko batzordeekin harremana egitea. «Ahoz ahoko lana, sare lana behar izan dut kontaktuak biltzeko. Batzordeak nahiko natural sortu edo berraktibatu dira. Elkarterik ez zen lekuetan ikastolako guraso eta kultur arloko kide batzuekin osatu da batzordea. Baionan elkarteetara jo dut, eta Zuberoan gauza bera, haien artean saretzeko».
46 HERRI BATZORDE
Guztira, 46 herri batzorde osatu dira, 2022an baino ia hamar gehiago. Zehaztapen bat egin du sustatzaileak: «Ipar Euskal Herrian Euskaraldia antolatzen duten guztiak borondatez ari dira. Koordinatzen ni nabil, baina herri batzorde horietan ez dago liberaturik».
Sestaon bezalaxe, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere ahobizi anitzez gehiago dira belarriprestak baino. Belarriprestak 661 ziren asteartean, eta ahobiziak, aldiz, 2.001.
«Ahalegindu arren ongi ulertarazten rolak ez direla hizkuntz gaitasunei lotuak, baizik eta portaerei, batzuentzat zaila da ulertzea euskalduna ez dela ahobizia eta ikasten ari dena ez dela belarripresta. Ahobizia izatea Ipar Euskal Herrian ez da erraza, horregatik nik belarriprest rola hartu dut», adierazi du.
TAUPA ELKARTEA
2020. urtera arte, Euskaraldia bukatu eta lan guztia hor uzten zen. 2022tik, ordea, Ipar Euskal Herriko Taupa elkartea sortu da eta Zilia Heredia-Irigoyen urte osoan bertan lanean ari da. Zortzi elkarte bazkide dituzte, eta guztien artean astiro-astiro Euskaraldiaz haragoko dinamikak martxan jartzen ari dira.
Aurtengo edizioan aurrekoan baino motibazio handiagoa sentitu du sustatzaileak. Batzordeak lehenago aktibatu dira, gogotsu.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
