GARA
IRUÑEA

Kasik beteta geratu ondoren, Esako eta Itoizko urtegiek ura askatu dute

Itoizko urtegia, ia beteta.
Itoizko urtegia, ia beteta. (Iñigo URIZ | FOKU)

Esako eta Itoizko urtegiek ura askatu zuten atzo, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak SOS Nafarroari aditzera eman zionez, asteazkenean 50 metro kubiko segundoko prezipitazio handiak izan baitziren. Itoitzen kasuan, %100eko edukiera gainditu zen ofizialki, eta Esarenean %95ekoa.

Huste horien helburua da urtegiei edukiera ematea, hurrengo orduetan eta egunetan izan daitezkeen prezipitazioen eta horiek sor dezaketen egoeraren aurrean.

Urtegi guztiek Maila Maximo Normala deiturikoari dagozkion kotak baino babes handiagoa dute. Kota horrek Informazio Hidrologikoko Sistema Automatikoan argitaratzen diren datuen %100eko betetze maila adierazten du, eta uraldiak segurtasun osoz laminatu ahal izateko erabiltzen da.

EURIA

Hustuketak kontrolatzen dira horrela, ur goraldia iristen den unean isuritako emaria sartutakoa baino txikiagoa izan dadin, eta, betiere, kalterik sor ez dadin saiatuz.

Asteazkenean euri jasa handiak izan ziren Nafarroan. Metro koadroko 37,6 litro bota zituen Bardean, 18 Luzaiden, 14,4 Orreagan, 12,4 Baztanen eta 11,9 Iruñean, Estatuko Meteorologia Agentziaren arabera.

Puiuko estazioak metro koadroko ia 50 litro prezipitazio erregistratu zituen. Urbasan ere prezipitazio ugari izan zen: 19,4 litro metro koadroko, 24 ordutan.

Atzo ia bi litro bota zituen Tuteran, eta bat Areson; eta gauean euripean segitzen zuten hainbat lekutan. Bihar lehortzera egingo du.